Irati Diez
Biologoa

Animalien Interneta

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arratsalde lasaia dirudi, baina protagonistei zerbaitek atentzioa eman die: jabetu dira hegazti andanak zerua estaltzen dutela, denak noranzko berean, zerbaitetik ihesi. Zer izan izango ote da? Lurrikara bat? Meteorito baten berehalako talka, agian? 

Errekurtso erabilia da honakoa edozein hondamendi gertatzen den pelikuletan; hegaztiek alde egitea, txakurrak urduritzea... Dena ezertxo ere gertatu baino lehen, gizakiontzat behintzat. Egia al da animalia batzuek hondamendiak aurreikusteko gaitasuna dutela? Ikertzaile batzuen ustetan, bai. 

Jakinduria herrikoiak ere esaten digu animalien mugimenduak erabili daitezkeela inguruneari buruz informazioa jasotzeko. Duela mende bat baino gehiago, Ingalaterran, izainak erabili izan ziren ekaitzak aurresateko. Urez beteriko ontzi batzuetan sartzen zituzten animaliok, eta esaten zen euria zetorrenean uretatik irteten zirela. Meatzariek kanarioak erabiltzen zituzten 1980 ingurura arte karbono monoxido gasaren presentzia detektatzeko, gardena eta usaingabea baita. 

Martin Wikelskik eta haren kideek, Alemaniako Animalien Portaeraren Max Planck Institutuko ikertzaileek, uste dute animaliak erabili daitezkeela fenomeno naturalak aurresateko. Hori frogatzeko, programa berritzaile bat jarri zuten martxan. Wikelski hamazazpi urtez egon zen lanean espaziora antena bat bidaltzeko saiakeretan. Azkenean, 2018an lortu zuen Nazioarteko Espazio Estazioan milaka animalia monitorizatzeko balioko zuen antena instalatzea.

ICARUS proiektuak (Espazioa Erabiliz Animalien Ikerketarako Nazioarteko Lankidetza) animaliei jarraitzen die espaziotik. Baina animalia hauek detektagailuak dituzte, antenak hauteman ditzan. Gaur egun arte, milaka txakur, abere eta animalia basati markatu dituzte, eta haien mugimenduak ikertzen dihardute. Proiektuaren helburua «Animalien Interneta» sortzea da, haien portaera hobeto ulertzeko.

Baina, nola nabaritzen dituzte animaliek gertakari horiek? Gizakiok ez dugun gaitasun bati esker izan behar du, baina oraindik ez dakite zein. Wikelskik eta lankideek proba bat egin zuten 2012an Siziliako Etna mendian bizi diren ahuntzekin: frogatu ahal izan zuten ahuntzak ez zirela goi mendiko belardietara igotzen azken urteetako erupzio handienen aurretik. 

Ikertzaileek diote ICARUS programak hondamendiak aurresatea baino askoz ere aplikazio gehiago izan ditzakeela. Informazio asko eman dezake hainbat espezieren migrazioen inguruan, klima aldaketaren eraginen inguruan, eta hegaztien gaixotasunen hedapenari buruz. Oraingoz antena bakarra dute, baina hemendik urte batzuetara milaka animalia basati eduki nahi dituzte markatuta, eta sei satelite orbitan zuzeneko jarraipena egiten. Animalien Internetak Lurreko faunaren etorkizuna iragarri nahi du, baita gizakiona ere, bide batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.