HILBERRIA. Mixel Thikoipe

Amikuzeko kantari, idazle eta sindikalista

BERRIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Mixel Thikoipe idazle eta musikaria herenegun hil zen, 69 urterekin, Domintxainen (Zuberoa). Amendüztarra (Nafarroa Behera) jaiotzez, kantagintzan eta idazle gisa egindako lanarengatik zen ezaguna Thikoipe. Gaixotasun kroniko baten ondorioz zendu da, eta ostiral arratsaldean emango diote azken agurra, Akizen (Okzitania).

1970eko hamarkadan, Xorrotxak taldearekin hasi zen Thikoipe kantaldiak ematen. Gero etorri zen Kilika taldea, eta Biarnoko dantza talde batean ere aritu zen.

Azken urteetan, Pil Pil taldean aritu izan da. 1999an sortu zuen, Bernadette Bordagarai kantariarekin eta lehengusuarekin. Beste bi senide ere gehitu ziren 2004an: Aletxandre Bordagarai eta Jojo Bordagarai aita-semeak. Aletxandre 2010an hil zen, eta beste hiru senideek jarraitu dute azken urte hauetan. Duela aste gutxi eman zuten azken kontzertua, Mauleko zineman. Aita hiltzean,«Pil Pil taldea familiaren elkarretaratze bat» zela azaldu zuen Jojok. Orain,Thikoipengatik,«euskal jendartea beti ikuspegi zorrotz batetik» aipatzen zuela adierazi du.

Aletxandrerekin batera, kantuetako hitzak idatzi zituen bereziki Thikoipek, baina literaturara ere hubildu zen azken urteetan. Maiatz argitaletxearekin Hotz Bero hemezortzi ipuineko bilduma izan zen argitaratu zuen lehen lana, 2007an, non munduko istorioak Baxenabarreko euskarara ekarri zituen: «Ongi dakidan euskaran idatzi dut. Euskal Herrian, eta, batez ere, Amikuzeko eskualdean pasatuak balira bezala kontatzen ditut». 2008an, Gorril Azeria argitaratu zuen, Roman de Renart Erdi Aroko Frantziako poema satirikoaren euskarazko egokitzapena, Thikoipek haur zenean obra kuttuna zuena. 2009an plazaratu zuen Jin bezala, Maiatz argitaletxearekin eta Baxenabarreko euskaran hau ere.

Euskalgintzarekin nola, langile-borrokarekin ere konpromisoa agertu izan du Thikoipek. Batik bat, laborantza alorreko sindikalismoan aritu da azken urteetan, Lur Berri kooperatiban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.