Mikel Iriondo Orensanz.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Amerikako indigenen jatorria

2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gaur egungo gizataldeen jatorria dela eta, amerikar indigenena izan daiteke literatura zientifikoan gehien jorratu den gaia. Amerikan ez denez egon giza espezie primitiborik eta erlatiboki berandu populatu zenez, laborategi bikaina da gure dibertsitatearen inguruko ikerketak egiteko eta, halaber, giza populazioen historian sakontzeko.

Orain gutxi arte, amerikar arkeologoek batez ere, amerikar indigenen arbasoak Clovis deritzon kulturarekin kontinente berrian sartu zirela onartzen zuten. Kultura horren izena Mexiko Berriko Clovis aztarnategitik dator, zeinean orain dela 13.000 urteko aztarnak aurkitu dituzten. Arkeologo horien iritziz, Asiar jatorria zuten gizatalde batzuk Beringia zeritzon lurraldera heldu ziren, orain dela 15.000-20.000 urte. Lurralde hori gaur egungo Beringeko itsasartea dagoen lekuan zegoen, glaziazioak zirela-eta itsas maila ehun bat metro beherago zegoenean. Hipotesi ofizial horren arabera, Cloviseko 13.000 urte horiek baino pixka bat lehenago, kontinentean barrena sartu omen ziren oinez, Beringiatik abiatuta. Azken urte hauetan, ikerketa ugari eraman dituzte aurrera, bai gizatalde horien arbasoak bilatzen, bai erabilitako bidea zein izan zen mugatzen.

Amerikako indigenen arbasoak direla eta, Asiara joan dira, noski, beraien bila. Mitokondriako DNAren eta Y kromosomaren azterketek iradokitzen dute Asiako zenbait populazio izan daitezkeela amerikar indigenen arbasoak. Adibidez, aurten American Journal of Human Genetics aldizkarian, Dulik eta lankideek ahaidetasun genetiko nabaria aurkitu dute Hego Siberiako Altai eskualdeko gizataldeen eta amerikar indigenen artean. Aldiz, Sukernik eta lankideek American Journal of Physical Anthropology aldizkarian argitaratu berri dute ekialderago dagoen Amur ibaiko Ulchi etniak omen duela ahaidetasunik hurbilena. Beste proposamen batzuk ere badaude; ia kasu guztietan Siberiako hegoaldeko gizataldeak edo Okhotskeko itsas kostaldeko populazioak dira hautagaiak. Gerta liteke datu horiek bi migrazio ezberdinen froga izatea?

Horren inguruan, azken urte hauetan, Asiatik zuzenean, kostaldetik, txalupak erabiliz, gertatutako migrazio baten alde agertu dira ikerlari asko. Oregoneko Paisley Caves aztarnategian orain dela 14.300 urteko gizakien gorotzak aurkitu dituzte —DNA analisien bitartez frogatu dute—, eta Txileko Monte Verde aztarnategian orain dela 14.600 urte itsaskiak jaten zituzten gizakien aztarnak agertu dira. Kasu bietan, Clovis kultura baino lehenagoko aztarnategiak dira, Ozeano Bareko kostaldean. Hari beretik, Bodner eta lankideek Genome Research aldizkarian mitokondriako DNArekin egindako ikerketa bat argitaratu dute aurten, zeinean Ozeano Bareko kostaldetik izandako migrazio azkar baten aldeko datuak lortu dituzten.

Egindako azken ikerketek argi uzten dute amerikar indigenen arbasoak ez zirela sartu mundu berrian orain dela 13.000 urte, Clovis kulturarekin batera. Oregoneko eta Txileko aztarnategiek frogatu dute gutxienez orain dela 15.000-16.000 urte kolonizatu zutela kontinente berria. Egun, frogatu gabe geratzen den aldagaia da amerikar indigenen arbaso hauek erabilitako bidea: Beringiatik oinez sartu ziren bakarrik? Ozeano Bareko kostaldeko bidea hartu zuten? Edo migrazio bat baino gehiago gertatu zen? Arazoa da egungo amerikar indigenak Europarrekin eta Afrikarrekin hein batean nahastatu direla, eta horrek zail egiten du benetako historia ezagutzea. Posible al da nahasketarik gabeko amerikar indigenak ikertzea? Bai, eta badirudi hortik, orain dela 500 urte baino gehiagoko giza aztarna zaharren analisi genetikoetatik, etorriko direla behin betiko erantzunak. Eta antropologook emaitza jakiteko irrikatzen gaude…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.