Nora Fernandez

Amaren errua ez dena

2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela urte batzuk, zutabe honetan bertan, haurdunaldiaren hasieran amek duten gorputz masa indizeak plazentaren DNA metilazioan duen inpaktua izan nuen hizpide. Ikerketa hartan, DNA metilazio mailaren aldaketak identifikatu genituen plazentan, gizentasunarekin, estres oxidatiboarekin eta minbiziarekin lotura estua zuten geneetatik gertu.

DNA metilazioa gure material genetikoa erregulatzeko mekanismo bat da. Ez du geneen sekuentzia aldatzen, baina bai haien jarduera; gene bat aktibo edo inaktibo egotea baldintzatzen du. Ingurumen faktoreen eta herentzia genetikoaren eraginpean aldatzen den mekanismo dinamikoa da metilazioa. Beraz, haurdunaldian, amaren osasunak eta ingurumenak eragina izan dezakete umekiaren garapenean.

Nahiz eta gure helburua sekula ez zen izan amaren erruaren narratiba elikatzea, ezin dugu ukatu amatasuna ulertzeko modu dominanteek diskurtso hori indartu dezaketela. Ikerketa genetikoek arrisku faktoreak identifikatzen dituzte sarri, baina ez dute norberaren erantzukizuna zehazten. Horregatik da garrantzitsua zientziaren komunikazioa era kritikoan egitea, izan dezakeen interpretazioa kontuan hartuz. Gure azken ikerketak, Nature Communications aldizkarian pasa den astean argitaratutakoak, horretan sakontzen du: ingurumen faktoreetatik at badago osagai genetiko bat umekiaren garapenean berebiziko eragina duena eta gure kontroletik kanpo dagoena.

EHUko eta Biobizkaiako gure Immunogenetika laborategiak faktore genetikoen eraginpean dagoen plazentaren DNA metilazioaren datu base publiko bat eratu du, eta, hortik abiatuta, hamar nahaste neuropsikiatriko aztertu ditugu. Aurkikuntza nagusia zera da: zenbait gaixotasun neuropsikiatrikorekiko arrisku genetikoaren parte batek plazentaren DNA metilazioan duela eragina, eta horrek umekiaren neurogarapenean efektu kausalak izan ditzakeela. Identifikaturiko metilazio patroiak haurrak jaso duen material genetikoaren menpe daude, baina ezin dugu baztertu beste ingurumen faktore batzuek ere eragina izatea. Aurrezarritako arriskuaren bitartekaria aurkitu dugu.

Ikerketak erakutsi du eskizofrenia, depresioa eta nahasmendu bipolarra direla plazentaren metilazioarekin lotura estuena duten nahasteak. Bestalde, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahastea eta autismoa ere lotuta daudela ikusi dugu, baina neurri txikiagoan. Oso aurkikuntza garrantzitsua da hori; izan ere, gaitz batzuen jatorria fetuaren garapenean dagoela berresten du, eta mekanismo bat proposatzen du: plazentaren DNA metilazioa.

Gure lanaren helburua ez da norbaiti errua egoztea. Haurdunaldiaren prozesu biologikoak hobeto ulertu, bizi kalitatea eta osasuna hobetuko dituzten markatzaile goiztiarrak garatu, eta tratamendu erabaki eraginkorragoak lortu nahi ditugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.