Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Akonfesionaltasuna ahaztuta

2013ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aste Santua, ez diot ezer berririk, iraultza da telebistarentzat. Estatuaren paper gaineko akonfesionaltasuna ahaztu, eta, gainontzeko sineskeriekin egiten ez duten bezala, erlijio kristauaren liturgia bateria konpletoarekin erasotzen digute Espainiaren baitako telebista kateek, pribatu nahiz publikoek, estatu mailako nahiz autonomikoek. Guztiek. Ez diot ezer berririk, urtero da gauza berdina: elizkizunak, ospakizunak, gaiaren gaineko pelikula pakete osoa edota Pello Zabalari eskainitako Bisitaria, soilik euskal telebista publikoa aipatzeagatik. Katoliko gartsuenak ere enpo egiteko modukoa. Zer esanik ez fedegabeenak ere bere konbikzioak are sendotzekoa.

Aurtengoa, ordea, ez da berdina izan. Gauza jakin bategatik eskertuta izango natzaio gizaldi eta gizaldietan, amen: bizialdi honetan egin beharreko lan derrigorrezko bat, saihestezin bat, berdin astun bat arindu izanagatik zorretan nago betirako. Antena3ekin, zehatzago: berari esker ikusi ahal izan baitugu History Channel kateak ekoiztutako La Biblia telesaila: sei kapitulu, hiru egunetan —Aste Santuko astelehen, asteazken, igandean—, ordu eta erdikoa bakoitza. Guztira, bederatzi ordu. Baina uste dut negozio ona egin dudala, kontuan izanda Elizen arteko Bibliak dituen ia bi mila orrialdeak irakurtzeko beharko nituzkeen orduak askoz ere gehiago izango liratekeela. Logika diferenteek funtzionatzen baitute literatura eta ikus-entzunezko lanetan: lehenetan irakurleak ateratzen dio testu bati nahi eta ahal dion zukurik gehiena, aldez aurretiko denbora muga jakinik gabe; bigarrenetan, ordea, denbora muga jakin batean atera behar du ikusleak ahalik eta zuku gehien. Total: bederatzi ordutan amaitu dudala Biblia. Lehen ondorioa: izugarria dela, izutzeko modukoa, alegia, nola lerro bakar bat ere sekula irakurri gabe —ez kontzienteki behintzat— ezagutzen dituen bekatari honek Bibliako pasarte denak ez esatearren, bai asko eta asko. Bigarrena: fizkiozko nobela edo, tira, telesail gisa, ez dela inondik ere kontakizun maingua. Eta azkena: estatuaren paper gaineko akonfesionaltasuna ahaztuta, santujalea dela Espainiaren baitako jendea, ikusle datu itzelak aintzat hartzen baditugu, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.