Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Aingerutxoak!

2024ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Dagoeneko guraso batzuk eskolak berriz noiz hasiko diren zain daude; umeak oporretan etxean izatea lan neketsua bada normalean, are gehiago azukrez beteriko Gabon garaian. Familiarekin bakean eta maitekor batzeko beharra gutxi balitz bezala, etxeko gazteenak energia eta estimuluz gainezka egoten dira oso trinkoak —eta luzeak— egiten zaizkien jai hauetan, zeinetan maisu eta maistrak heroi gisa agertzen diren. Nola demontre egingo dute haiek hainbat ume kontrolatzeko? Eta hori, kasurik onenean, kontziliatzeko aukera izaten badute.

Ez dut zalantzarik, sikiera tarteka bakea lortu ahal izateko, batzuentzat tresna erabilgarria izaten dela pantaila bat, esaterako Makusi ikusi ahal izateko. Dena den, itxurazko lasaitasun horren azpian, erritmo frenetikoz aldatzen diren edukiak izan ohi dira, plataformen kontsumismorako entrenamendu goiztiarra. Ikus-entzunezkoen garai honetan, ordea, haurrentzako irratsaioek ez dute tokirik, eta oso gutxi dira eskaintzen diren umeentzako podcastak. Ez, ez dut sinesten gazteenak ez direla kapaz istorioak entzuteko margotzen edo jolasten ari diren aldi berean, edo irakurtzen duten edo marrazkiak begiratzen dituzten bitartean. Oiloa ala arrautza... baina ez daude txikientzako saioak.

Badaude, ordea, gurasoentzat lagungarriak izan daitezkeen irratsaioak; adibidez Txatxilipurdi aisialdi elkarteak egiten duen Gurasoak, Txapa Irratian eta Gurasoak.eus webgunean eskuragarri dagoena. Azken horretan, podcastak eskaintzeaz gainera, beste audio batzuk ere badaude entzungai, erpin ezberdinetatik etxeko gaztetxoen hezkuntzari begiratzen dioten pertsona aditu eta arituen testigantzak. Irratsaioetan, berriz, elkartearekin kolaboratzen duten hiru solaskide elkarrizketatu ohi dituzte.

Gazte eta haurren literaturari buruz gehiago jakin nahi dutenek, berriz, Galtzagorri elkartearen eskutik, Gonagorri saioa entzun ahal dute Naiz irratian. Podcast moduan eskuragarri dagoen saioak ia lau urteko ibilbidea duen arren, maiatzetik aurrera eskaintzen da euskal irratian, eta, beraz, aurreko atalak elkartearen webgunean daude eskuragarri. Miriam Luki kazetariaren gidaritzapean, dagoeneko argitaratu diren 33 ataletan asko dira mikrofonoetatik pasatu diren kolaboratzaile, idazle eta literatura adituak, eta ugariak dira jorratu dituzten gaiak ere.

Jakin badakit saio horiek ez dutela oporretako buruhaustea kenduko, baina, nork daki, akaso norbaitek topatuko du Gabonen txikizioa leuntzeko formula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.