Agorafobia: barruko dardarari aurre eginez

Antsietate mota bat da agorafobia, egunerokoa baldintzatzeraino eragin dezakeena. Kanpora irten nahia eta ezina, besteak beste. Maider Arrutik, bere esperientzia oinarri, gaixotasun hori dutenek zer bizi duten kontatu du ‘Barruko dardara’ film laburrean.

'Barruko dardara' film laburreko fotograma bat. MAIDER ARRUTI
'Barruko dardara' film laburreko fotograma bat. MAIDER ARRUTI
ane insausti barandiaran
Donostia
2025eko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beldurra. Urduritasuna. Arnasestua. Itolarria. Etxetik, ataritik, irten ala ez erabakitzen ari da Barruko dardara film laburreko protagonista. Pauso bat aurrera eta bi atzera egiten. Maider Arruti ikus-entzunezko errealizazioko goi mailako zikloko ikasleak ondu du, eta agorafobia zer den azaltzea izan du xede, bere esperientzian oinarrituta. Barruko dardara horri aurre egin, eta Donostian aurkeztuko du gaur film laburra, 19:00etan, Olarainen.

Maider Gorostidi Agifes elkarteko psikologo eta Zeuk Aukeratu programako arduradunak azaldu du gaixotasuna zertan datzan: «Antsietate mota bat da agorafobia; beldur bat sortzen da barruan, eta kasik beldurraren beldur izatea bezala da. Norbere barruan makina bat jartzen da martxan, eta iristen da momentu bat non etxetik eta zure gelatik ateratzeak beldurra eman diezazukeen». Pentsamendu ezkorrak nagusitzen direla esan du, eta horrek gaixoaren egunerokoa baldintzatzen duela.

Maider Gorostidi eta Maider Arruti, ostegunean, Agifesen Donostiako egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Gorostidi eta Maider Arruti, ostegunean, Agifesen Donostiako egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Duela hiruzpalau urte hasi zen Arruti film laburra idazten, hain justu ospitalean zegoela. «Orduantxe ari nintzen hori bizitzen, eta idazten hasi nintzen; izan ere, idazteak barrua husten laguntzen dit». Agorafobiagatik ospitalean edo etxean zegoela, sare sozialetan ikusten zituen bideoek bultzatu zuten bere istorioa kontatzera. «Anorexiarekin txokolatea jan dudan lehen aldia», edo «agorafobia pasatu dut, eta orain hemen nago nire lagunekin» eta halakoak esaten zituzten. «Ez da hain erraza, eta amorrua ematen zidan. Banekien horra iritsiko ginela, baina nola kontatzearen falta sumatzen nuen; hiru urte pasatu ditut horrela, eta oraindik ere segitzen dut kalera ateratzeko beldur horren aurka borrokatzen», adierazi du. 

Helburua argia zen: familiak eta ingurukoek zer gertatu zitzaion eta nola sentitzen zen ulertzea, eta, antzeko egoera batean zeudenak identifikatuta sentitzeaz gain, haien ingurukoei ere hori ulertzeko tresna bat ematea. «Nahi nuen jendeak ulertzea benetan ez garela guk nahi dugulako geratu etxean itxita, baizik gure buruak uzten ez digulako. Oso erraza da esatea ‘irten zaitezke kalera, egin dezakezu parranda...’. Bai, teoria badakit, baina praktika ez da hain erraza».

«Nahi nuen jendeak ulertzea benetan ez garela guk nahi dugulako geratu etxean itxita, baizik gure buruak uzten ez digulako»

MAIDER ARRUTIFilmaren egilea

Ezin ulertua baita arazoetako bat, psikologoaren arabera ere. «Itxuraz ondo zaude, eta nola ez zara, ba, kanpora aterako, lagunengana edo eskolara joango? Agorafobia dutenek beldur handia izaten dute zerbait gertatuko ote zaien, nahiz eta, objektiboki begiratuta, probabilitatea oso txikia izan. Besteek hori ulertzea, ez baldin badute halakorik sentitu, zaila izaten da».

Eta, noski, besteen begirada horrek eragina izan ohi du nork bere buruarengan duen pertzepzioan ere. «Besteenganako konparazioak sortzen dira: ‘Begira nola nagoen ni, eta besteak nola dauden...’. Eta pixkanaka txikitzen hasten da bat. Eta, txikitzen eta txikitzen, autoestimua desagertu liteke».

Arazoaz jabetzea, zaila

Arrutik kontatu du bera ohartzen zela zerbait ez zihoala ondo, etxetik irteteak, trena hartzeak edo hau edo bestea gertatuko zitzaiola pentsatzeak antsietatea sortzen ziolako. «Nik uste dut arazo bat daukazula onartzea kostatzen dela gehien. Badakizu zerbait ari dela gertatzen, baina ez zara kontziente. Nik banituen beste gaixotasun batzuk, baina uste nuen pasatuko zitzaidala». Leher eginda amaitzen zuen eguna, eta hurrengo egunean gauza bera, itolarri bera sentitzen zuen.

Hain justu ere, arazoari aurre egiteko, arazoa identifikatzea eta laguntza eskatzea ezinbestekoa da, Gorostidiren hitzetan. «Pertsona batek zailtasun edo ezintasun bat daukanean, zenbat eta lehenago laguntza eskatu, erraztu egiten du bidea. Azken batean, pertsona zaurgarriak gara denak, eta besteen beharra dugu». Nor bere kabuz saiatzen da arazoa konpontzen, baina, batzuetan, ezinezkoa da.

Horixe egiten du film laburraren amaieran protagonistak: etxeko atari batera hurbildu, eta psikologoaren kontsultako txirrina jo. Gauza bera egin zuen Arrutik ere bere garaian. Agifesera jo zuen, eta, geroztik, nerabeen eta gazteen buru osasuna zaintzeko Zeuk Aukeratu prebentzio eta esku hartze programan parte hartzen du. 

«Antsietate mota bat da agorafobia; beldur bat sortzen da barruan, eta kasik beldurraren beldur izatea bezala da»

MAIDER GOROSTIDIPsikologoa

Bi adar ditu programak: batetik, gazteei zuzendutako esku hartze indibidualak eta talde saioak egiten dituzte. Gurasoei ere, haien aldetik, ematen diete taldeak osatzeko aukera, beren kezken inguruan elkarrekin hitz egiteko. «Familiak ezinbesteko eginkizuna dauka honetatik ateratzeko. Tratamendua ez da farmakologikoa bakarrik: tratamenduak hanka asko dauzka», azaldu du Gorostidik.

Baina, bestetik, sentsibilizazioa ere lantzen dute Zeuk Aukeratu programan. Ikastetxeetara psikologo bat joaten da, buru osasunaren garrantziaz hitz egitera. «Irakasleak irakasleak dira, ez psikologoak; hogei pertsonako gela batean, arazo pila bat azaltzen dira. Ez dituzte nahikoa tresna egoera asko kudeatzeko, eta hor ere lanketa handia egin behar da. Azken batean, hau ere gizarte guztiaren ardura da».

Lehen bilkura

Taldeak astero biltzen dira, ordubetez. «Gogoratzen naiz lehen aldiz joan nintzenean kostatu egin zitzaidala. Ikusten nuen jendea irekitzen zela, gertatu zitzaiena umorez kontatzen zutela, eta nik pentsatzen nuen nik ez nuela nirea kontatuko, zer astuna edo esajeratua nintzen esango zutelako», kontatu du Arrutik. 

Kontrara, ordea, gertatzen zaionari beste ikuspuntu batetik begiratzen lagundu dio taldeak, eta berak ere lortu du arazoez barre egitea. «Saioetara joaten naizenean, gaizki joaten naiz, baina barre algaraka atera naiteke, kontatzen dugunean ireki egiten baikara». 

«Nik uste dut arazo bat daukazula onartzea kostatzen dela gehien. Nik banituen beste gaixotasun batzuk, baina uste nuen pasatuko zitzaidala»

MAIDER ARRUTIFilmaren egilea

Epairik gabeko talde bat da, eta hori da programaren indarguneetako bat, Gorostidiren ustez: «kimika» edo «magia» berezia sortzen da. «Nire arazoak kontatzen ditudanean, besteengandik jasotzen dudanak lagundu diezadake ikuspegia pixka bat aldatzen. Konturatzen zara barruan dagoen presio hori arintzeak laguntzen duela». 

Arrutiren kasuan, lanketa horrek taldetik kanporako bidea ere hartu du orain. Errenterian (Gipuzkoa) aurkeztu zuen filma, otsailean, eta gaurkoa bigarren aurkezpena izango da. Bizitako sentsazioak kontatu ditu: «Pixka bat kezkatuta sentitu nintzen. Esan nuen: ‘Ados, ausartu naiz, kontatu dut’. Baina, ordura arte, nire eta psikologoaren arteko zerbait zen, eta orain nire herri osoak daki ia-ia. Baina jendeak zoriondu egin ninduen, jendea gerturatu zait identifikatuta sentitu dela esatera... Orduan, pentsatu nuen neure buruak isildu egin behar zuela, eta gauza onak hartu behar nituela gogoan».

«Pertsona batek zailtasun edo ezintasun bat daukanean, zenbat eta lehenago laguntza eskatu, erraztu egiten du bidea»

MAIDER GOROSTIDIPsikologoa

Bere buruari ez ezik filmak beste batzuei laguntzeko aukera ere emango duela sinetsita dago psikologoa: «Jende asko dago horrelako bizipenak dituena, eta esperantza sortzeko balio dezake; izan ere, zera esatea da: ‘Bai, momentu txarrak pasatu ditut, baina, laguntzarekin, begira noraino iritsi naizen bide luze bat egin ondoren’». 

Esperantza horri helduta dago Arruti ere, ameslaria baita, eta gustatuko litzaioke inoiz film luze bat ekoiztea. «Oraintxe idazten ditudan gauza guztiak buru osasunari buruzkoak dira, orain neure buruari kasu egitea tokatzen zaidalako; baina nire ametsa da istorioak kontatzen jarraitzea; eta, zergatik ez, Mario Casasek nire film batean parte hartzea! Orduan bai izango dudala antsietatea!», esan du, barrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.