Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Abizen euskaldun bat (I)

2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ene lagunok, izugarrizko presioa pairatzen ari naiz 8 apellidos vascos pelikula txoko honetara ekartzeko. Kuadrillan, elkartean, tabernan… Nik salbu, mundu guztiak ikusi ei du. Lehengoan euskaltegiko ikasleek ez zuten beste konturik: sekulako barre algarak egin zituztela eta —hauxe onena— dena ulertu zutela inolako arazorik gabe. Aurki neu izango omen naiz ikusi ez duen paria bakarra…

Alabaina, arriskua onartzeko prest nago, ez baitut ikusteko asmorik.

Baten batek esango dit ez dela zilegi pelikula ikusi gabe kritikatzea. Gaurkoan, baina, ez dizuet arrazoia emango. Azken batean, ni ere, EAEko biztanle oro bezala, Vaya semanita ikusten zailduta nago...

Kontua ez da gu geure buruaz barre egiteko gai garen ala ez. Kontua ez da, euskaldunok parodia baten subjektu bihurtu gaituztelarik, kiroltasunez onartzea ala ez.

Kontua umore-kontua da.

Kontua da gu horren pean haiek daudela. Geuk egina, bai, baina haientzat egina. Humor Vasco etiketapean erdal umorea egiten dute, gazteleraz pentsatutakoa eta gazteleraz sortutakoa. Eta zer nahi duzue nik esatea, erdal umorea ikustekotan, nahiago dut jatorrizkoa.

Beraz, ez dut txintik esango. Gainera, Abizen euskaldun bat izenburua idaztean, niri beste abizen bat zebilkidan burutik: Echevarria. Edo nahiago baduzue, Etxeberria.

Echevarriatik Etxeberriara baitoa Ander Iriarte oiartzuarrak eginiko filma.

Baina horretaz, gaur zortzi hitz egingo dizuet…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.