Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Abizen euskaldun bat (eta II)

2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Maratilagileok hitzekoak baikara, joan den astean agindutakoa betetzea tokatzen zait. Alegia, Echevarriatik Etxeberriara pelikulaz hitz egitea. Berriro euskal abizenak zinema-aretoetan. Oraingoan seriotasunez.

Ander Iriarte oiartzuarraren film honetan ezker abertzalea da protagonista. Ezker abertzaletik egindakoa, ezker abertzaleari zuzendua. Horrela esanda, oso bide laburrekoa dirudi, baina ez zait iruditzen hala denik. Are: ertz askokoa dela iruditzen zait. Edo, nahiago baduzue, zirrikitu askokoa. Zirrikituak topatu baititu egileak mundu horren irudi trinkoaren baitan.

Kartzelan 20 urte pasa dituen emakumea betiko jarrera irmoaren isla da hasieran. Bukaeran, ordea, zalantzak agertu dira: «min handia egin dugu, bai… baina merezi ote zuen?». Preso baten bikoteak senideen sufrimendua kontatu du hasieran, baina pelikulak aurrera egin ahala beste biktima batzuen tokian jarri da. «Noizbait ikusiko al dugu Oiartzunen ETAk hil zuen Antonio Echevarriaren aldeko oroigarririk?» galdetu diote egungo alkatesari. Burua makurtu, ohiko diskurtsoa alboratu eta azkenik -ederki kostata- erantzun.

Bai, beharrezkoa izango da min guztiak aitortzea.

Zalantzak, enpatia, oroimena… horra ezker abertzaleak —baina ez soilik Ezker Abertzaleak— korritu beharreko bidean agertuko diren hitzetako batzuk.

Bidean, bai, baina baita bideoan ere.

Nago bakeak hau bezalako tutorial gehiago beharko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.