Elikadura. Eko-tik

Abeltzaintza ekologikoko jardunaldiak

2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 25 eta 26an abeltzaintza ekologikoaren inguruko jardunaldiak egin ziren Donostian, Biolur elkarteak antolatuta, ENEEK eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Helburua abeltzaintza ekologikoaren ezaugarriak ezagutzera ematea zen, baserritarren lana eta haiek lorturiko produktuen ezaugarri nutrizionalak erakutsiz. Jaten dugunaren gaineko kontzientzia kritikoa sortu, garaikoa, bertakoa eta ekologikoa oinarri duen kontsumo arduratsu baterantz bidea zabalduz, eta abeltzaintza ekologikoko produktuen eskaria bultzatu, merkaturatzeko bide berriak zabalduz.

Astelehenean, Donostiako udaletxeko udalbatza aretoan, Bertoko Abeltzaintza Ekologikoaren Produktuen Onurak izeneko mahai ingurua egin zen. Parte hartzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako zuzendari nagusia, Biolur elkarteko lehendakaria eta Gipuzkoako abeltzain ekologikoak izan ziren. Gonbidatu berezia Maria Dolores Raigon Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Eskola Agronomo Teknikoko katedraduna izan zen. Lehenengo, azken hamarkadetan Euskadin garatu diren nekazaritza politikek bultzatu duten ereduaren eraginak azaldu ziren. Jarduera dibertsifikatua alde batera utzi eta espezializaziora jo da, etaekoizpena eta lur baliabideen arteko lotura apurtu; horrek kanpoko baliabideen beharra handitu du. Generazio txandakatzean dagoen beharra eta gazteek instalatu ahal izateko lurra lortzeko dauden arazoak aipatu ziren.

Baserri dibertsifikatu eta txikiak berreskuratu eta bultzatzeko beharra ikusi zen, bere baliabideez baliatzen dena jarduera aurrera eramateko, ingurua errespetatuz lan egiten duena eta merkaturatzeko bide motzak erabiltzen dituena.

Maria Dolores Raigon osasun eta nekazaritza ekologikoko gaietan ikertzaile aditua da; kalitatean eta osasunean duten eragina aztertzen ditu. Elikagai konbentzional eta ekologikoen arteko ezberdintasunak azaldu zituen, eta horretarako, hiru ataletan sailkatu zituen:

-Ingurumena: nekazaritza ekologikoan ez da sintesiko substantzia kimikorik erabiltzen, eta ondorioz, ez da kutsadurarik ematen airean, uretan eta guregan.

-Alde soziala: gertutasunean oinarritutako ekoizpena eta kontsumoa behar dira. Hala, bertako merkataritza eta nekazaritza babesten baitira.

-Elikadura aldetik, produktu ekologikoek, oro har, mineral eta bitamina neurri handiagoak dituzte, eta abeltzaintzako produktuen kasuan, proteina neurria ere handiagoa izaten da.

Haien eguneroko lana, animaliak zaintzeko eredua eta abeltzaintza ekologikoaren oinarriak zeintzuk diren azaldu zuten abeltzainek. Ekologikorako saltoa nola egin zuten, eta gaur egun dituzten zailtasunak ere herritarrei gerturatu zizkieten.

26ko jardunaldian Gipuzkoako abeltzaintza ekologikoko produktuak dastatzeko aukera izan zen; ekitaldia sukaldarientzat, harakinentzat eta elkarte gastronomikoentzat izan zen. Elikagaiak prestatzeko ardura Luis Irizar sukaldaritza eskolako ikasleena izan zen. Zuzendariak haragien testura, zaporea eta usaina goraipatu zituen, eta prestatzeko garaian lortzen diren etekinak, ur gutxiago dutelako.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea. Tel.: 943-76 14 47 [email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65 [email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.