Pablo Manzano.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Abelazkuntza motak eztabaidagai

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Abeltzaintza aktualitate handiko gai bat da gure herrialdean, baita Europa osoan ere. Oraintxe bertan, ingurumen aldetik onena den abeltzaintzak, hala nola transhumantziak, arazoak ditu irauteko. Eztabaida horretan, kontsumitzailea nahastuta dago hainbeste terminoren artean, eta horrek eragotzi egiten dio iraunkortasunaren alde egitea. Zer da «abeltzaintza industriala» edo «makroetxaldea», eta zer da «abeltzaintza intentsiboa»?

Abeltzaintza industriala eta makroetxaldeak elkarrekin joan ohi diren bi termino dira, eskala ekonomien kontuengatik. «Makroetxalde» terminoak animalia askori egiten die erreferentzia: animalia horien iraizkin kontzentrazioa oso handia da, eta, toki txiki batean pilatzen denez, zaila da iraizkin hori guztia ingurumenarentzat onuragarriak diren kontzentrazioetan diluitzea. Azienda asko dituen etxalde estentsibo bat, ordea, ez da arazo iturri, eremu handia hartzen duelako. «Abeltzaintza industrialean» intsumoak ekarri behar dira, kanpotik eta urrutitik, eta, gaur egun, esportazio azpiegitura egokia baina soldata apalak dituzten herrialde batzuetatik ekartzen dituzte intsumo horiek; esaterako, Brasildik eta Argentinatik. Herrialde horietan, sojaren ekoizpena indartu egin da, soja tarta erabiltzen baita animaliak elikatzeko. Soja olioa egitean sortzen den hondakina da tarta hori —olioa giza kontsumorako erabiltzen da batez ere, eta gehiago balio du—.

Abeltzaintza intentsiboan, animaliak konfinatuta daude, eta ez dira bazkatzera ateratzen. Makroetxalde industrialak intentsiboak dira, baina ez dira intentsibo bakarrak: lursail berean egonik esnetegien elikagai diren sega belardiak ere intentsiboak dira, eta baratze edo landetxeetako hondakinak aprobetxatzen dituzten oilasko eta txerri eskortak ere bai. Intentsiboaren iraunkortasuna eta estentsiboarena—eta horretan animaliak ateratzen dira, bai, bazkatzera— ez dira kontrajarri behar bi-biak lurraldeari lotuta badaude. Biek mozten dute belarra, eta biek zabaltzen dituzte iraizkinak erraz eta merke dentsitate apal batean, basa belarjaleek egingo luketen bezalaxe.

Baina errealitatea ez da lau kategoria horiek bezain sinplea. Umeak hazten dituen behi bat zelai batean bazkatzen da, eta haren txahalak intentsiboan gizentzen dira. Ez dugu behar bezain garbi ulertzen konplexutasun hori, eta horrek garrantzia kentzen die egiten diren arau, lege eta etiketatze proposamenei. Basque Centre for Climate Change zentroan, horren inguruan lan egin nahi dugu, kontsumitzaileak lurraldeari lotutako abeltzaintzari lagundu ahal izan diezaion, eta, hala, abeltzaintza mota hori lehiakorragoa izan dadin. Eredu industrialaren abantaila nagusia zera da, kostu txikiagoa duela, baina hala da, neurri batean, ez dituelako ordaintzen ingurumenari egiten dizkion kostu larriak. Gainera, abeltzaintza jasangarria babestea —intentsiboa nahiz estentsiboa— eta ekoizpen sistemari gaur egun egiten dion ekarpena handitzea lagungarria litzateke despopulazioa arintzeko bazterrean geratu diren eta laborantza gutxi daukaten inguruetan, izan leku idorrak, izan malkartsuak. Horrez gain, suteak kontrolatzeko ere lagungarria litzateke, eta biodibertsitatea hobetuko luke. Azkenik, oraingo apustua, erregai fosilen mende-mendekoa den industria eredu baten egindako apustua, oso hauskorra da, asko eragiten diolako lehengaiak garestitzeak, ongarriak eta pentsuak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.