Martin Tejeria. Musikari lotutako bi irrati esatarik 30 urteko ibilbideari kito esan eta geltokian jaitsi berri dira. Gogo onez bata, txarrez bestea. Martin Tejeriak bertako eta munduko musika aurkeztu izan digu Euskadi Irratia sortu zenetik. Ez da erraza zehazten abestien aukeraketan bikain jokatu izan duen ala ez; asmatzearena kontzeptu erlatiboa baita, jakinda entzule adin musika estilo izan daitezkeela munduan. Behinik behin, landu ohi zituen testuek hamarreko puxtarria merezi izan dute beti: mamiz informazio emaile egokiak, eta ezin bikainagoak euskal hizkuntzaren aldetik. Irrati produktu hori zelofanean bilduta zekarkigun egunero ahots indartsuarekin, euskal irakurleon imajinarioan idatzitako hamaika istorioen kontatzaile gisa betiko geratuko zaigun ahotsa. 30 urte horietan nagusi izan duen estiloari eutsi dio irratia uzterakoan ere, diskrezioa erabiliz; bere irudi pertsonala eta nortasuna gordeaz, agerpen publikoetatik urrun.
Forki. Jose Joaquin Forcadak atzeko atetik amaitu du. Onda Vascak Herri Irratia irentsiz batera onartu zituen esatarien artean zegoen bera, nahiz eta inoiz ez duen jakin esplotatzen berez zeuzkan ahalmen profesionalak. Gipuzkoan hainbat belaunaldi zordun gara Forkirekin, hari esker baitaukagu, hein batean, daukagun musika kultura. Forkiren irrati jarduera historikoaren gainean, ezin da egokiago adierazi Jon Eskisabelek BERRIA-n asteartean egin zuena baino.
Mezu bideratua. Nolako osagaiak, halako platera. Nolako soziologo, politologo, kazetari, idazle… bildu solasaldi batean, halako mezua zabalduko. Euskal gizartearen kontuetan herritar anonimoak baino ustez adituagoa den seikotea elkartu zuen mahaiaren jiran Boulevard-ek ostegunean. Arantxa Urretabizkaia, Javier Lasarte eta Begoña Errazti ohiko tertulianoak eta Victor Urrutia soziologoa eta Asier Blas eta Alfredo Retortillo politologoak. Bazirudien solasaldia amnesiarako joera okerra omen daukagun euskal hautesleei zenbait ohar gogorarazteko diseinatu zela. Alegia, ez gaitezela joan erradikalismoen bidetik, har dezagun erdibidea, kudeaketa onaren, gizarte ordenaren, zuhurtasunaren, zentraltasunaren, inteligentziaren, moderazioaren, segurtasunaren… izenean. A! Eta ez ahaztu hori dena ezagunak zaizkigun bi alderdien arteko ententeak ekarriko digula.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
30 urteren ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu