NBEk Glaziarren Nazioarteko Urtea izendatu du 2025a, glaziar handien egoerari balioa eman, kontzientziatu eta informatzeko helburuarekin, eta bizi dugun klima aldaketak glaziarrak nola degradatzen eta desagerrarazten ari den azpimarratzeko. Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Panelaren (IPCC) txostenen arabera, glaziarren hondatzea ukaezina da, eta aurreikuspenek adierazten dute galera hori areagotuko dela mende honetan.
Errealitate hori oso gertukoa dugu, Pirinioetako mendikatean hain zuzen, Europako hegoaldeko glaziarretako batzuk gordetzen dituen eskualdean. Bertan, berotze globalak elur gutxiago egitea eragiten du neguan, eta elurra gero eta gune altuagoetan pilatzen da. Horrek glaziar izotza sortzeko beharrezko lehengaia murrizten du. Gainera, urtze garaia gero eta gogorragoa bihurtzen ari da, tenperatura altuagoekin eta iraupen luzeagoekin, eta, hala, urtero glaziarren urtze tasa bizkortu egiten da.
Arazo honen adibide bat Monte Perdido glaziarra da (Pirinio erdialdean). Glaziar horrek Pirinioetako azken 2.000 urteetako klimaren erregistro baliotsuak gordetzen ditu izotzean, baita erromatarren iraganaren eta meatzaritza praktiken arrastoak ere. Azken ikerketek diote tenperaturen igoeraren joerak jarraituz gero, glaziarra 50 urtean baino gutxiagoan desagertuko dela. Zoritxarrez aurten hori baieztatu da Global Glacier Casualty List zerrendan sartzean. Glaziarren desagerpenak mendialdeko ekosistemetan eta eskualdeko turismoan ere eragin nabarmena izango du. Beste adibide kezkagarri bat Aneto glaziarra da, Pirinioetako handiena. 1981etik, glaziar horrek bere jatorrizko azaleraren %64 baino gehiago galdu du, eta haren lodiera 30 metro inguru murriztu da. 2022ko udan, muturreko beroak gehienezko galera eragin zuen, eta batez beste lau metroko lodiera galarazi.
Ikerlariek ohartarazten dute muturreko baldintza klimatikoak etorkizunean indartzen badira Aneto glaziarra desagertu daitekeela, Monte Perdido glaziarraren pausoei jarraituz. Horrek Pirinioetako mendikatean aldaketa klimatikoaren ondorioak larriagotuko lituzke. Glaziar horiek desagertzeak ez luke soilik Pirinioetako mendialde altuko ekosisteman elementu garrantzitsu bat galtzea ekarriko, baizik eta eskualdearen ondare kulturalean zati handi bat inspiratzen duten paisaiei ere eragingo lieke, eta turismoaren erakargarritasuna murriztu egingo litzateke.
Glaziar asko ezinbestean desagertuko dira, baina gure akatsetatik ikasi behar dugu, haien galerak gure klima eragina agerian uzten duelako. Epe luzeko ikerketa zientifikoekiko konpromiso irmoa soilik izango da giltza glaziarrek gordetzen duten informazio baliotsua berreskuratzeko eta ulertzeko. Horrela, etorkizuneko klima erronkei aurre egiteko erabaki hobeak hartu ahal izango ditugu.