Amsterdamera, bizikletaz

Bizikleta gainean egingo du Julen Gabiria idazleak Amsterdamera arteko bidea, han aurkeztuko baitute 'Han goitik itsasoa ikusten da' bere liburuaren itzulpena.

Julen Gabiria idazlea Gernikatik irten zen momentua, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Gernika
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bizikleta hartu, 1.500 kilometro egin eta Amsterdamera (Herbehereak) heldu. Eta hainbesteko itzulia, liburu bat aurkezteko. Julen Gabiria idazle galdakoztarrari ez zaio ideia orijinalagorik otu Han goitik itsasoa ikusten da liburuaren nederlanderazko itzulpena aurkezteko. Izan ere, elastikoa jantzi, txirrinduari pare bat zakuto gehitu, eta Iparraldeko Veneziara abiatu zen atzo goizean Gernikatik (Bizkaia).

Liburua argitaratu zenetik hamar urte bete direnean, Aitziber Renteriak eta Henrike Olasolok testua nederlanderara itzultzea erabaki dute. Eta idazleak esfortzua eskertu eta modu ezin jatorrago batean erantzun die. Hilaren 31n aurkezpena egingo dute Amsterdamen bertan, eta han izango da Gabiria, hamasei egunez pedalei eragiten ibili ostean.

Bizkaiko herriko Astra kulturarako fabrika sozialetik abiatu zen atzo Gabiria, eguzkia berotzen hasi aurretik. Bazkalordurako Zarautzen egon behar zuen; beraz, ez zuen denbora galtzeko astirik izan. Hala ere,«lasai» zebilela aitortu zuen abiatu aurretik.

Lagun batek proposatu zion Gabiriari «zirikada» hori aurrera eramatea. Duela bi urte izan zen, eta, arraroa dirudien arren, baiezkoa eman zion. Bi urteren ostean, Amsterdamera bidean da.

Hura agurtzeko bildutako guraso eta lagunez gain, Gernikako Institutuko lehen mailako 60 ikasle inguratu ziren atzo. Horietako batzuek Gernika inguruan dagoen Arratzura arte lagundu zioten, bidegorrian barrena.

100 kilometro egunean

Ikasleen alboan zeuden idazlearen gurasoak, Maria Angeles Lara eta Julian Gabiria. «Harro eta urduri nago, aldi berean», zioen amak semea irten berritan. Aita, berriz, «lasai». Larak azaldu zuenez, iaz izan zuten semearen asmoen berri. «Hasiera batean dudak izan genituen, baina...». Herberehetara heldu bitartean, Internet bidez jarriko dira harremanetan semearekin, gertukoenekin hitz egiteaz gain, eguneroko antzeko bat idazteko asmoa baitu. Twiterren @julengabiria kontuaren bitartez jarraitu ahalko zaio.

Maiatzaren 31rako Amsterdamen egoteko, aurreikusi du egunean 100 kilometro inguru egin beharko dituela. Lehen bi egunak lasaixeago hartuko ditu, eta atzo Zarautzen lo egin ostean, gaur Baionara helduko da. «Gaurko etapan Oñatiko mutil bat etorri da nirekin Ondarroatik Zarautzera. Bihar ere bi lagun etorriko zaizkit Hendaiaraino laguntzeko, eta Landetan ere izango ditut lagunak alboan», azaldu zuen atzo, Zarautzera heltzerakoan.

Baionaren ondoren, Landetatik igaroko da, eta gutxinaka iparralderantz joko du, Poitiersera. Haren ostean iritsiko da Paris ekialdera eta Lillera. Eta bukatzeko, Belgika eta Herbeheretan barneratuko da.

Errepidean geratzen den aldiro, Warm Showers —bainu beroa, ingelesez— izeneko laguntza sarea erabiliko du. Txirrindularientzat preseski sortutako sarea da; bertako kideen etxeetan bainu bero bat hartu eta bertan lo egitea ahalbidetzen du. «Kontua da Amsterdamera heltzea, eta irten, behintzat, irten naiz», zioen Gabiriak atzo. Norbere buruak jartzen dizkio bakoitzari bere mugak, eta Julen Gabiria bereak gainditzeko prest agertu da. Gogoko tokian, antza, aldaparik ez.

Erreportajearen bideoa ikusteko bisitatu BERRIAren webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.