Gurutze Irizar, 'Fatimetu'. Sahararen aldeko ekintzailea eta erizaina

«Amnistia bat egon da ustez, baina gu beti egongo gara zerrendan»

Saharar kuadrilla bat ezagutu eta berehala engaiatu zen Sahararen alde: hamabost bat urte egin zituen han, eta 1988aren amaieran itzuli zen Euskal Herrira; marokoarrek alde egin ezean ez dela itzuliko dio.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maialen Unanue
Ormaiztegi
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Begi urdin bizi-biziak ditu Gurutze Irizar Fatimetu-k (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1951); eta halakoxea du mingaina ere. Josiak ditu etxeko paretak: ispilutxoak, koadroak, argazkiak... Bilobek egindako marrazkiek bizilagun dute Nestor Basterretxearen koadro bat. Erizaintza ikasketak bukatu eta gutxira joan zen Saharara; bai han, bai Euskal Herrian, erruz lan egin du Fatimetuk, eta oraintxe erretiratu da.

Ohitu zara egoera berrira?

Azkeneko momentura arte txandatan egin dut lan ospitalean, beraz, arraroa egiten da orduari lotuta ez egotea. Faltan sumatzen dut laneko giroa eta lankideak, baina, aldi berean, lasaitasunak asko balio du.

Kuadrilla handi samarra batu omen zineten agurrean.

Ikaragarria izan zen, ia 90 pertsona. Ni jenio bizikoa naiz; filtroak aspaldi galdu nituen. Madarikazioka jartzen naizenean, berdin zait parean zein dagoen. Mediku batek esan zidan, «Irizar, ze arrakasta zure deialdiak!», eta nik erantzun: «Badakizu zer ari naizen pentsatzen? Daukadan jenio txarrarekin ez naizela askok uste duten bezain gaiztoa izango!».

Nolatan erizain?

Gure familian, egia esan, gure aurretik inor ez zen aritu ez mediku, ez erizain. Akordatzen naiz, etxean komentatu nuenean, aitak jarri zidan aurpegiarekin. Arrasaten bazegoen klinikatxo bat, eta hara bidali ninduen, uxatu egingo ninduelakoan. Handik irten eta Iruñera joan nintzen zuzenean: ez nintzen sendatu, okertu egin zitzaidan gaixotasuna! [Barreak].

Zer eman dizu zure lanbideak?

Ez dakit askotan jabetzen garen gure lanak zenbaterainoko garrantzia duen gaixoekiko. Gaixoak gelditzen dira, beharbada, guk askorik baloratzen ez ditugun gauzekin: besotik heldu eta «lasai» esatea, edo «zurekin egongo gara». Azken urteak operazio gelan eman ditut, eta ez da, hain justu, ospitaleko lekurik suabeena. Ohitura handia daukat gaixoarengana heldu eta: «Kaixo, Gurutze naiz: zurekin egongo naiz operazio gelan; zer moduz zaude?». Bost minutuan ez duzu lortuko haren beldurrak kentzea, baina bai gertutasuna adieraztea. Ez digute erakusten nola egiten den, baina jendeak estimatzen du.

Lanbidea bera nola aldatu den ere jabetuko zinen.

Gaur egun eskatzen zaigu ordenagailuarekin aritzeko: trasteok batzuetan ondo joaten dira, eta beste batzuetan, geldo. Egiten dugun guztia jaso behar dugu ordenagailuan: sartzen ez duguna egin gabe dago, eta, aldi berean, horri emandako denbora kendu egiten diogu gaixoari.

Erizain aritu zinen Saharan ere, baina hango baldintzak, hemengoen aldean...

Zerikusirik ez, batere; erabat ezberdina zen. Exodoa, gerra... han ez zegoen ezer ere: zerua goian, lurra behean. Han gertatu ziren sarraski guztiak... Hura gogorra izan zen, baina niri gogorragoa egiten zait 40tik gora urteren ondoren egoera berean egotea: ikaragarria iruditzen zait. Espainiak dauka ardurarik handiena, eta beste alde batera begiratzen du: bai gobernuak, bai alderdi politiko guztiek. Ez dakit ez ote gauden hasieran baino okerrago!

Zein izan zen bizi izan zenuen unerik latzena?

Gerrak ikaragarriak dira: jendea hiltzen ikusten duzu, eta, gainera, basamortuan zaude. Ez daukazu inongo aukerarik. Napalm bonbardaketak ikaragarriak izan ziren, esaterako... Ondoren, jende guztia orain kanpamentuak dauden tokira eramanda, elgorriaren epidemia egon zen eta umeak hiltzen ziren. Desastre bat izan zen.

Onak ere egongo ziren, noski.

Asko... Egoera zail horietan, dena disfrutatzen duzu: goizean esnatu eta ez dakizunean begiak noiz itxiko dituzun, gaua iristen da eta konturatzen zara: «egun bat gehiago». Horrelako egoera latzetan handiak izaten dira penak, baina frontetik jendea bueltatzen denean, zer poza!

Gurasoei ezer esan gabe joan zinen: kontatu izan bazenie, ezer aldatuko zen?

Gurean, gurasoek errespetatu egiten zituzten gure erabakiak; ez dakit gustura edo ez, baina garai hartarako...

Kartzelan egon zinen Tenerifen.

Jurisdikzio militarra aplikatuta sartu gintuzten: 1975eko urtarrila zen. Epaiketa militarra egin behar ziguten, baina NBEk ezetz esan zuen, eta Ordena Publikoko Epaitegiak hartu zuen gure kasua. Baneukan pasaportea, baina etxean abisatu izan banu...

Ez zenuen arazorik izan?

Berealdiko periploa egin nuen, Tenerifetik Bartzelonara, eta aireportuan alde guztietara begira, nire bila etorriko zirelakoan; Bartzelonatik Parisera trenean gauez, eta gero Paristik Aljeriara, han egun batzuk egin eta handik Tindufera.

Eta hori guztia Franco hil eta hamar egunera baino ez...

Suposatzen da amnistia bat egon dela, baina ez da egon: kuriosoa da, ni aurrera eta atzera ibili naiz eta ez didate inoiz ezer esan, baina nire senideak kontroletan eduki dituzte kapotaren gainean jarrita, nitaz galdezka. Seme-alabei ere askotan. Beste batzuei amnistia eman eta libre uzten dituzte; baina gu beti egongo gara zerrenda horretan.

Saharara joan aurretik, zein plan zeneukan etorkizunerako?

Bat ere ez. 23 urte neuzkan: karrera bukatu Iruñean, Tenerifera joan nintzen txiripaz, han Salem ezagutu nuen... Egoera ikusita, inplikatu egin nintzen; ezin nintzen geldirik egon. Ni Paristik joan nintzen hara, eta Salemek beste bide bat hartu zuen; ez genekien berriz elkartuko ote ginen...

Asko esaten du horrek zure izaeraz, ez duzu uste?

Inkontziente samar egin nuen seguruenik... Baina ez naiz inoiz damutu, sekulakoak pasata ere. Ez nuke ezer aldatuko: uzten dizu, gerora, aztarna bat.

Hamabost bat urte eman zenituen han: nola bizi zenuen etxekoengandik hain urrun bizitzea?

Agian, ez zuzenean, baina badu zerikusia: gure aitak nahi zuen guk nola edo hala ikastea, baina orduan ez zegoen instituturik. Irungo kolegio batera interna bidali gintuzten ahizpa zaharrena Izaskun eta ni, 10 urte ingururekin; handik bi edo hiru urtera, hirugarrena... Hilabeteak egon gintezkeen etxekoak ikusi gabe: irailetik Gabonak arte hantxe egoten ginen, astebururen batean etortzen ziren bisitan...

Eta gurasoei galdetu diezu gerora nola bizi izan zuten haiek?

Kezkatuta egon ziren. Izatez, ama 1976an kanpamentutan azaldu zitzaidan, udan, eta esaten zidan, «hemen bizi egin behar da gero horrela!». Kanpamentuetan gaur duten egoerak edo gaur egungoak ez du zerikusirik: hilabete asko pasatzen nituen familiaz ezer jakin gabe. Eta haiek pasatzen zuten denbora asko nitaz ezer jakin gabe. Eta berdin senarrarekin.

Nola komunikatzen zineten?

Norbait zetorrela enteratzen banintzen, kazetariren bat edo, aprobetxatzen nuen nolabait kontaktatzen: kartatxo bat eman eta «mesedez, buzoian jarriko diozu?». Tarteka, norbait azaltzen zen etxeko karta batekin: akordatzen naiz Benito Lertxundiren Oi ama Eskual Herri grabatu zidatela kasete batean: oraindik ere entzun eta negar egiten dut. Iritsi zitzaidan 1984an edo, abuztuan, 60 gradutik gora... Ingurukoak kezkatuta, ea etxekoen albiste txarrak ote nituen galdezka eta ni negar eta negar...

Zer zor dio gaurko Gurutzek ordukoari?

Zor? Ezer ez... Bizitzak eraman egiten zaitu, uzten badiozu: nik, zentzu horretan, ez dut izan aurreiritzirik; inkontziente samarra izan naiz, agian, ez dakit.

Arabiera ikasi zenuen han zeundela: gogoratzen duzu zerbait?

Bai, zer edo zer hitz egiten dut oraindik. Ospitalean ere ondo etorri zaie, niri ez hainbeste, emakume marokoarrak erditzera etorri direnetan: erditzeko gelan ez dira sartzen gizonak... Askotan ez dute hitzik egiten gaztelaniaz eta ezin haiekin komunikatu.

Mohamed Salem Hach Embarek zen zure senarra, hara eta hona aritu zen diplomazia lanetan...

1970eko hamarkadan hasi ziren lehenengo ikasleak unibertsitatean. Salem hiru edo laugarren mailan zegoen gerrak eztanda egin zuenean, eta [Fronte] Polisarioak prestatuta zegoen jendea behar zuen munduan ibiltzeko. Salem mila tokitan ibili zen: Suedian, Iranen, Indian, Espainian...

Nola eragiten zizun horrek zuri?

Ni kanpamentuetan beste denak bezala nengoen: gizonak kanpoan edo frontean zeuden, kanpamentuetako guztiak emakumeak ginen. Salem urtean bitan edo azaltzen zen, azaltzekotan, eta ez genuen inongo notiziarik izatenhilabetetan.

Atentzioa ematen du zein gogorra izan zaren. Ez duzu uste?

Uste dut ez garela ez gogorrak eta ez bigunak, egoerek egiten gaituztela batera edo bestera. Beti eraman naute egoerek, haiekin joan naiz. Egoeren kontra jartzen bazara, sokatiran arituko zara: bi aukera dauzkazu, negar egin, edo aurrera. Ez da besterik.

Askotan egokitu zaizu trantze hori, ordea.

Bi umeren ama naiz: Beñatek 15 urte zituen eta Garazik, 25 urte, Salem hil zenean. Etxeko ogia nik ekartzen nuen bizi zela, baina hura joan eta gero ere bai. Negar batean geratuko banintz, zer litzateke gutaz?

Ezagutuko duzu Sahara askea?

Begira Berlingo Harresia: ematen zuen hura zela... Eta egun batean goitik behera bota zuten. Amerikarrek Saharako arazoa konpondu nahi izan balute, aspaldi konponduta legoke —33. artikuluaren bidez, baina konponduta—. Saharak dauka gauza on bat eta, aldi berean, txarra: ikaragarri aberatsa dela; uranioa ukitu gabe dago, berdin gasa, petrolioa, ura... Nire anaietako batek esaten du ez dagoela gauza tristeagorik herrialde txiki eta aberatsa izatea baino: denek atera nahi dute etekinen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.