Amildegi bat oinetan

Mendiak arrisku anitz ditu magalean, baina beti ez da erraza horiek ikustea. Gailurrera igo aitzinetik, beraz, burua prestatzen, gorputza entrenatzen eta mendia aztertzen ikasi behar da.

Everest mendia, kanpamentu nagusitik ikusita. DORA RAUDALES / EFE
Everest mendia, kanpamentu nagusitik ikusita. DORA RAUDALES / EFE
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Gailurretik txiki-txiki ikusten dira herriak. Sarri, ikusi ere ez dira egiten. Bidean beroa sumatzen da, eta hotza; egin dezake euria, elurra, ekaitza. Ikus daiteke eguzkia sartzen. Erraza da lehen pausoa ematea, baina, noiz izango da azkena? Mendia ez da beti hasi eta buka; mendia arriskua eta amildegia ere bada batzuetan. Balantza bat: zer irabazi eta zer galdu. 

Arrisku motak egonen dira mendiak bezainbat, baina Amaia Ramirez kirol psikologoak (Donostia, 1967) bi bereizketa nagusi egin ditu: aurreikusitako arriskua eta aurreikusi gabekoa. «Mendiko espedizio batzuek lan handia eskatzen dute aurretik; batzuetan, bideak berak eskatzen duena baino handiagoa izaten da aurretiko lan hori. Horrelako kasuetan, ongi dakizu zer arriskurekin egin dezakezun topo, aurreikusi duzulako eta badakizulako gerta litekeela». Hortaz, mendia aztertu egin behar da, eta aztertzeak erran nahi du arriskuari aurrez aurre begiratzea. «Arriskuak zer ekarriko dizun, ordea, ezin da aurreikusi». 

Aurreikusteko ez ezik, arriskua hartzeko prest egon behar du norberak, gorputzez eta buruz. «Hori lan psikologiko handia da, buruak oso prest egon behar du arriskua hor dagoela jakinda ere bideari ekiteko». Alde horretatik, errazagoa da arriskuei ez erreparatzea; ez jakitea egon daitekeenik ere, edo nehoiz ez pentsatzea norberari halakorik gerta dakiokeenik. «Orduan, lan psikologikoa geroago egin behar da, arriskuak zu jan ondotik». 

Burua prestatzeari dagokionez, Edurne Pasaban alpinista profesionalak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) bestelako ibilbidea izan du. «Orain prestaketa fisiko eta psikologiko handia egiten da kirol munduan, baina guk ez genuen halakorik egiten. Gu ez geunden prest arriskuei aurre egiteko, ez genuen burua egoera horietarako prestatzen». Bazuen arriskuaren berri, baina ez zuen horretan pentsatzen. «Uste dut, dena den, inor ez dagoela prest istripu bati aurre egiteko edo arrisku egoera bat bizitzeko. Etortzen zenean ahal zen bezala egiten genuen aurrera, momentuan ez geneukalako beste aukerarik: handik atera behar genuen nahitaez». Horrelakoetan, gizaki izate hutsagatik, bizirik irauteko sena pizten zaio mendizaleari. «Horrek salbatzen gaitu».

Gorputza prestatzea

Sen hori bertzeak bertze gorputzaren araberakoa izaten da, eta, hortaz, gorputza ere mendia bezainbeste aztertu behar da: noraino irits daiteke eta zenbat eska dakioke hari. «Ulertu behar da gure gorputza noraino iristen den, eta, ezin denean, onartu behar da hori ez dela gure lekua. Altuera aldaketetarako prest egon behar da, klima aldaketetarako ere bai; arnasa landu behar da, hankak, besoak...», iritzi dio kirol psikologoak. Gorputza, dena dela, entrenatu daiteke, eta baliteke aurretik iritsi ezin zen lekuetaraino iristea. Alegia, jakin behar da noraino entrenatu. «Gorputza ezagutzea da kontua, ez besterik». 

Gerta daiteke arriskurik ez izatea, noski; gerta daiteke mendiak erakargarritasunik behin ere ez galtzea. Norberaren araberakoa da hori ere, nondik begiratzen zaion. «Mendia bere horretan elementu natural bat baino ez da; zer begik begiratzen dioten, erakargarria izango da ala ez. Marrazkilari batentzat ere mendia erakargarria da, nahiz eta ez duen arriskurik hartzen», azaldu du Ramirezek. Erakargarritasunak eta arriskuak, beraz, ez dute batak bertzearen beharrik, baina elkar elikatu dezakete. 

Ez dago Himalaiara joan beharrik arriskuak hartzeko, hala uste dute hirurek. «Jende askok uste du arrisku handiak hartzen ditugula, batez ere mendi altuetan ibiltzen garelako», kontatu du Pasabanek. Desberdintasuna da mendi handietan erreskatea «zailagoa» dela, eta, bertzeak bertze, horregatik gertatzen direla ezusteko gehiago. 

«Etengabe arrisku bila ibiltzeak buru osasunean eragiten du bereziki: antsietatea, takikardia eta depresioa sor ditzake, kasurako»

AMAIA RAMIREZ Kirol psikologoa

«Arrisku txikiak hartzeak ongi sentiarazten bazaitu eta lortu izanagatik ongi sentitzen bazara, horixe bilatzen duzu zuk: arriskua bainoago, zeure buruarekin ongi sentitzea. Kasu horretan, mendia gutxienekoa da; gai zarela ikusteak ematen dizun plazera aski duzu lotura sortzeko». Ramirezek argi du arriskuak, printzipioz, ez dakarrela ezer txarrik. Arriskuari gustu hartu eta haren beharra sentituz gero, ordea, pasioa arazo bihur liteke. «Etengabe arrisku bila ibiltzeak buru osasunean eragiten du bereziki: antsietatea, takikardia eta depresioa sor ditzake, kasurako». 

Izan ere, adrenalinak sentimendu nahaste izugarria eragiten du, eta edozer egiteko gai dela sentiarazten dio norberari. «Lasai gaudenean ez gara gai zenbait gauza egiteko, edo ez genituzke egingo, baina adrenalinari esker pentsatu gabe ateratzen zaizkigu. Hori larrialdietan gertatzen da; zerbait gertatu behar da adrenalina hori pizteko», adierazi du Ramirezek. Adrenalinaz gainezka egonda hartutako erabakiak ongi ateratzen direnean, oro har, adrenalina gehiago nahi izaten da. Sarri, minik ere ez da sentitzen, nahiz eta egon badagoen. «Gero, adrenalina dosi hori jaistean, orduantxe etortzen dira min denak, burukoak eta fisikoak». 

Bizipen negatiboak ere izan daitezke adrenalinaren eraginez, noski. Izan ere, gorputza ez da beti gai izaten nahi duen guztia egiteko. Gerta liteke bidean geldi-geldirik geratzea: ez aitzinera, ez gibelera. Halako babes hautuak egiten ditu maiz buruak. Hala ikusten du Ramirezek: «Urratsak egiten eta helburuak lortzen joan ahala, geure buruak mezu bat bidaltzen digu: gai zara eta lortu duzu. Horrek pixka bat urrunago garamatza: beste pixka bat. Eta horrela goaz, pixkanaka, arriskuaren atzetik eta hari lotuta». 

«Inor ez dago prest arrisku egoera bat bizitzeko. Etortzen zenean ahal zen bezala egiten genuen aurrera, momentuan ez geneukalako beste aukerarik: handik atera behar genuen nahitaez»

EDURNE PASABAN Alpinista profesionala

Pasabanek, ordea, argi du bera ez dela arrisku bila joaten mendira. «Ez gara arriskuaren atzetik ibiltzen, inondik ere. Ni ez nau adrenalinak erakartzen, ni mendiak erakartzen nau; askatasunak eta naturak». Askatasuna, hain zuzen ere, izan zen paretak eskalatzen hasteko pizgarria Pasabanentzat. «Ni ez nengoen konforme gizarteak inposatutako kanonekin, eta askatasuna behar nuen: mendia. Inork ez ninduen behartzen mendira joatera, nire hautu propioa zen, eta munduko gauzarik hoberena izan da hori». Izan dituen lagunik onenak eman dizkio mendiak Pasabani, baita kendu ere. Guztira, hamalau lagun galdu ditu mendian. Istripurik gogorrena Pirinioetan izan zuen, Taillon mendiaren iparrean. «Asteburua pasatzera joanak ginen bost lagun, eta bi bueltatu ginen; Loro, Xabi eta Zubi hil egin ziren». 

Pasaban ere blokeatu izan da bidean, oroitu duenez: «Behin, 7.900 metrotan, nire gorputzak pott egin zuen, ezin zuen gehiago, eta aurrez aurre ikusi nuen arriskua orduan». Ezin zuen jaitsi, eta lagundu egin behar izan zioten. «Gero ohartu nintzen txorakeria hutsengatik sor daitezkeela une desatsegin horiek; nire kasuan, esaterako, igoera hura beste igoera asko bezalakoa zen, baina ez nuen behar beste jan, ezta edan ere, eta ez nuen gorputza behar beste zaindu». 

Istripua Aiako Harrian

Himalaiatik urrun eta etxetik hurbil izan zuen istripua Juan Iriartek (Irun, Gipuzkoa, 1966) 2019an, egunero ibiltzen zen bide batean: Aiako Harrian. Goizeko zazpiak aldera erori zen, eta argitu arte itxaron zuen laguntza deia egiteko. «Maiz egina nuen bide hori, ongi ezagutzen nuen. Pareta bukatzen ari nintzela, tximinian, irristatu eta beheraino erori nintzen. Kolpeka jo nituen pareta bat eta bestea, lurreraino iritsi arte: bederatzi saihets eta bizkarrezurra puskatuak. Saihetsak osatzen dira, baina bizkarrezurra ez». 

4 urte zituenean joan zen aurreneko aldiz Aiako Harrira, aitarekin. 7 urte zituenean, bakarrik joan zen; astean lau bat aldiz igotzen zen hara. Segurtasun handia sentitzen du mendian, esperientziak hori eman baitio, bertzeak bertze: «Nik, hasieran, Aiako Harriaren bide batzuk saihestu egiten nituen, eta gero, konfiantza hartu ahala, ez nintzen pistatik joaten. Esperientziak erakusten dizu zein pareta probatu dezakezun eta zein ez; edota noiz hartu behar duzun etxerako bidea». Iriartek askotan eman behar izan du buelta ia tontorrean zegoela, gorputzak ez ziolako behar bezala erantzuten. «Ez nuen egun ona, eta kito; onartu egin behar da hori». 

Gertatu izan zaio, bertzeak bertze, bide erdian topatutako mendizaleak laguntzea, blokeatuta eta ezin pasatu zeuden eta. Gertatu izan zaio materiala partekatu behar izatea ere, norbait material egokirik gabe igo eta elurra bota duenean ezustean. «Aiako Harrian askotan gertatu zait eraztuna dagoen pasabidean jendeari lagundu behar izatea; ez hura pasatzeko gai ez zirelako, baizik eta ez zirelako leku eta modu egokian pasatzen ari. Leku zehatz batetik pasatu ordez bi metro urrunago pasatuz gero, asko aldatzen da bidea; garrantzitsua da nondik joan behar dugun jakitea». 

«Aiako Harrian askotan gertatu zait eraztuna dagoen pasabidean jendeari lagundu behar izatea; ez hura pasatzeko gai ez zirelako, baizik eta ez zirelako leku eta modu egokian pasatzen ari»

JUAN IRIARTE Mendizalea

Orain urrutixeagotik ikusten du Iriartek mendia, baina aurkitu du hura gozatzeko bide berririk: eskuko bizikleta. Sei hilabete pasatu zituen ospitalean, eta orain bi urte hasi zen berriz mendira joaten. «Hilabete bat pasatu nuen ZIUan, eta batere indarrik gabe atera nintzen, ur botila bat ere ezin nuen eskuekin hartu. Ospitaletik atera nintzenean, mendira itzultzea zen nire ametsa». 

Segurtasuna eta gogoa, baina, desberdinak dira etxean. «Nire emazteak gaizki pasatzen du mendira joaten naizen bakoitzean», dio Iriartek. «Semea mendira joaten denean ere halatsu egoten da, kezkatuta». Bertze modu batera bizi du aitak. «Telefonoz deitzen dut, eta kontatzen dit nola zeuden paretak, eta ikusten dut ondo dagoela». Argi du, dena dela, arriskurik gabe ez dagoela mendirik.

Pasabanek ere beste modu batera ikusten du ingurukoen mendizaletasuna. «Kezka eta beldurra pizten dizkidate ingurukoen espedizioek, ziurrenik arriskua ezagutzen dudalako. Lagunak edo anaia mendira joaten direnean, gaizki pasatzen dut, eta 8 urteko semearekin ere sufritzen dut alde horretatik». 

Arriskuak arrisku eta istripuak istripu, bai Pasabanek bai Iriartek uste dute beldurrez bizitzea ez dela bizitzea, eta, haiek, bizitzearen aldeko hautua eginen dute beti. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.