Ibilbide luzea egina du Trapu Zaharra antzerki taldeak. Hamaika emanaldi egin du azken urteetan, betiere eguneroko bizitza aurrera atera ahal izatea eta egindako ekintzekin dibertitzea helburu izanik. Arrankudiagan izango da gaur (Bizkaia), 22:00etan, Ametsetan bizi lana ematen.
Aspaldiko bi aktoreren istorioa kontatzen dute obran. Egungo egoera dela eta, kalera atera behar dute, beren promozioaren bila eta, batez ere, beren lana zabalduko duen agente komertzial baten bila. Horretarako, errepertorio zabal bat erakutsiko digute: urtebetetze ospakizunetatik, ezkontzear daudenen festetaraino, baita karaoke eta bestelakoak ere. Oztopo izango dute, ordea, bien arteko harreman zaila, batez ere bakoitza mundu batetik datorrelako: bata telebistako foiletoietan aritua da, eta bestea, berriz, antzerki erradikalenean.
80ko hamarkadan, Trapu Zaharra taldeko kide kopurua aldatuz joan zen, lanen arabera. Ilusioa eta arriskua edonon zeuden garai hartan. Lehiak emanaldiak hobetzera bultzatu zituen, eta hala egin zituzten Aberiak,Aterpea, Tetrarip, Vis vis eta beste hainbat ikuskizun. Ez dakite zenbat lan geratzen zaizkien aurretik, ezta jakin beharrik ere.
'AMETSETAN BIZI'
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Arrankudiagako plazan (Bizkaia).
Ametsetan bizi nahian
Trapu Zaharra taldeak 'Ametsetan bizi' antzezlana emango du gaur, 22:00etan, Arrankudiagako plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu