Amets bat eta ehunka bidaia

Ezra Gojenola munduko estatu guzti-guztietan egon den lehen euskalduna da. Ondarroarrak txikitako bere ametsa bete du: «Mundua zoragarria da. Leku guztietan jende ona dago, eta denek berdina nahi izaten dugu».

EZA
Ezra Gojenola Taiwango hiriburuan, Taipein. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Bilbo
2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Ezra Gojenola Pertikak (Ondarroa, Bizkaia, 1987) mundu zabala zeharkatu du: Irkutsketik Morondavara eta Dilitik Hanga Roara; hau da, Errusiako Siberiatik Madagaskarrera eta Ekialdeko Timortik Pazko uhartera, Txilera. Munduko estatu guzti-guztiak zapaldu dituen lehen euskalduna da.

Egipton hasi zen zenbaketa, 10 urte zituenean, gurasoekin eta anaiarekin egin zuen lehen bidaia hartan: «Zibilizazio zahar hura ezagutzean, piramideak eta tenpluak ikustean, mundua ikusteko gogoa piztu zitzaidan. Orduan, anaiak eta biok munduan zehar bidaiatzeko promesa egin genion elkarri. Estatu guztiak bisitatzeko ametsa orduan sortu zen». Erronka Cabo Verden amaitu zen, iazko irailean. Orduan ere gurasoekin eta anaiarekin joan zen. Etxekoek txapela jarri zioten buruan, ametsa betetzeagatik: «Oso polita izan zen. Aihen anaiak laster bukatuko du bere erronka. Anaia nire lagunik onena da, eta asko bidaiatu dugu elkarrekin. Amaitzen duenean munduko estatu guztiak zapaldu dituzten anaia bakarrak izango gara».

Cabo Verde bukaerarako uztea ez zen ausazko kontua izan: «Juan Sebastian Elkanok hor egin zuen azken geldialdia munduari bira eman zionean, eta oso poetikoa zen niretzat nire bidaia ere han amaitzea. Beti izan da erreferente bat niretzat. Hura izan zen munduari buelta eman zion lehen pertsona, eta nire jaioterrian egin zuten ontzi hura, Nao Victoria». Harrotasunez esan du bidaiariak ondarroarra dela: «Getxora [Bizkaia] joan ginen 3 urte nituela, baina ni ondarroarra naiz, jatorriz eta sentimenduz».

EZRA GOJENOLA BIDAIARIA
Ezra Gojenola Jidda hiriko Al-Balad auzoan, bidaietako batean. Saudi Arabiako mendebaldeko hiri bat da Jidda. BERRIA

Elkanok baino bost mende geroago ekin zion bere bidaiari Gojenolak. Beti izan du jakin-mina, «historiarekiko, geopolitikarekiko, kulturekiko», eta mapekiko halako lilura bat izan du beti. Jules Vernerekin hasi zen bidaiatzen: «Orduak eta orduak pasatzen nituen liburuak irakurtzen». Antoine de Saint Exuperyren Printze txikia izan zen markatu zuten beste liburuetako bat. Orain, doan herrialdera doala, liburu denda batean sartu, eta liburua erosten du: «Irakurri nuen lehen liburua izan zen Printze txikia. Honezkero, Printze txikia-ren 135 liburu ditut, hainbat hizkuntzatan. Etxeko apal oso bat betetzen dute. Herrialde batera iritsi eta liburu denda bat non dagoen, hori izaten da nire lehen galdera. Ez ditut oroigarriak erosten».

Gojenolak arau propio bat dauka herrialde batean egon dela esateko: gutxienez bi egun eta gau bat egotea. «Saiatzen naiz leku guztietan zeozer ikasten. Bidaiatzea ez da joatea eta etortzea bakarrik. Bertako zerbait nirekin etortzea eta nire zerbait bertan geratzea nahi izaten dut». Euskal Herrikoa dela esaten du beti, herri zahar eta txiki batekoa: «Beti esaten dut euskalduna naizela. Euskal Herria ezezaguna da, baina, behin azaltzen hasita, jakin-mina izaten dute. Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena dela esaten dudanean, gehiago jakin nahi izaten dute».

Mugarria

Moto istripu bat izan zen Gojenolaren mugarria. Bartzelonan ari zen lanean, eta ezustean etorri zen zorigaitza. «2020an izan zen. Oso latza izan zen. Bost hilabetez egon nintzen gaizki. Heriotza oso gertu ikusi nuen, eta orduan neure buruari galderak egiten hasi nintzen. Bizitza bakarra da, eta ametsak betetzeko gaude; beraz, nire ametsaren bila joan nintzen». Haren hitzetan, «zerbaitegatik» gertatu zen istripua: «Ez naiz oso mistikoa, baina, oso latza izan bazen ere, onerako izan zen. Nire ametsa bete dut, eta oso pozik nago».

Gojenolak ordurako jada 105 herrialde ikusita zeuzkan. Ofizialki, 193 dira munduko estatuak, baina ondarroarra gehiagotan izan da: Palestinan eta Vatikanoan, eta estatu gisa nazioartean aitortuak ez dauden «herrialde zonbietan»: Kosovo, Mendebaldeko Sahara, Taiwan, Somalilandia, Hego Osetia, Abkhazia, Karabakh Garaia, Transnistria, Ipar Zipre...

EZRA GOJENOLA BIDAIARIA
Bidaiari ondarroarra, bi haur monje budistarekin, Birmanian. BERRIA

Nomadmania izeneko web atarian zuriz zeuden herrialdeak koloreztatuz joan zen. Orrialde horren arabera, munduan 260 lagunek zapaldu dituzte estatu guzti-guztiak. «Pasaporteko zigiluarekin eta argazkiekin frogatu behar duzu herrialde batean egon zarela, eta haiek baieztatu behar dute. Hala ere, badaude atari horretan ez dauden eta estatu guztietan izan diren bidaiariak; esaten dute beste 50 bat lagunek osatu dutela erronka bera».

Guztira hamabi pasaporte ditu Gojenolak: «Aintzat hartu behar da herrialde jakin batean egon bazara ezin zarela pasaporte berarekin beste batean sartu. Israelen egon bazara, ezin zara joan Libanora». AEBen zerrenda beltza luzeagoa da: Ipar Korea, Iran, Irak, Siria, Sudan, Somalia, Libia... Trikimailuak asmatu behar izaten dira orduan, eta helmugaren arabera pasaporte bat edo beste bat erabili.

Gojenolak esperientziaz, irribarrez eta anekdotaz beteta dauka motxila. Eta zerbait argi baldin badauka, mundua ederra dela dauka argi: «Mundua zoragarria da. Toki guztietan topatzen dituzu gauza politak, leku guztietan dago jende ona, eta denek berdina nahi dugu: maitasuna, zoriontasuna, poztasuna eta segurtasuna. Uste duguna baino berdinagoak gara denok. Hemendik 20.000 kilometrora daudenek eta guk gauza berdinak nahi ditugu».

EZRA GOJENOLA BIDAIARIA
Gojenola Yemengo mugan. Omanetik sartu zen herrialde horretan. BERRIA

Gerren eta dramen lekuko ere izan da bidaiaria. Haiti hartu du hizpide. Huts egin duen herrialde bat da, presidenterik gabe, pobrezian murgilduta, protestetan kateatuta. Somalia da, ondarroarrarentzat, munduko herrialderik arriskutsuena, baina Haitin pasatu zuen beldur gehien: «Haiti oso txarto dago. Erabat ahaztuta. Estaturik gabeko herrialde bat da, eta hiriburua banden eskuetan dago. Hoteleko jabeak auto blindatu ikaragarria zuen». Leku latzenetan, hala ere, gizakiak bere onena ateratzen duela dio Gojenolak: «Port-au-Princen gazte batek arte eskola bat sortu du, umeek artearen bidez, marrazkien bidez, beren samina atera dezaten. Hunkigarria izan zen leku hori topatzea. Gizakiaren edertasunarekin geratzen naiz».

Iran eta Irak goraipatu nahi izan ditu: «Oso jende jatorra topatu dut bi herrialde horietan, oso eskuzabalak dira. Kanpotik irudi bat dugu, baina gero hara joan eta errealitatea bestelakoa da».

Sierra Leona, aldiz, zerrenda beltzean dauka Gojenolak: «Hara ez naiz itzuliko». Afrikan lau bider egon da atxilotuta anaiarekin, «argazkiak ateratzeagatik»: Sierra Leonan, Sudanen, Hego Sudanen eta Gabonen. «Espioiak ginela uste zuten. Kontuz ibili behar duzu». Ginea Bissaun estatu kolpe baten lekuko izan ziren, baina pasarte latzena muga batean bizi izan zuten. «Burkina Fasotik Malira gindoazen, eta mugan jihadista talde bat agertu zen. Zuri bakarrak ginen autobusean, eta gu bahitzeko asmoa zuten. Eskerrak militarrak agertu ziren».

Tokirik zoroena

Errusiaz pasioz mintzatu da ondarroarra. Hilabete eta erdi pasatu zuen han. Transiberiarrean zeharkatu zuen munduko herrialderik zabalena, Moskutik Vladivostokera, 9.288 kilometroko ibilaldia. Ipar Korea «mundu paralelo bat» dela dio: «Munduan bakarra da. Erabat bakartuta dago, mundu globalizatutik at. Egia da erregimen zapaltzaile baten pean bizi direla, baina berezia da: denak berdin jantzita doaz, eraikin guztiak berdinak dira... Piongiang ikusi dudan tokirik zoroena da. Musika tradizionala eta militarra tartekatzen dituzte. Iosif Stalinen garaian bizi direla dirudi. Arreta ematen du. Ezin duzu zeure kabuz ibili, tour bat antolatzen dute, oso hertsia, baina topatu genuen aske ibiltzeko momentua ere».

EZRA GOJENOLA BIDAIARIA
Ezra Gojenola Piongiangen (Ipar Korea), Mansudae monumentuan. BERRIA

Mongoliara joatea «iraganera bidaiatzea» dela uste du: «Beste aro batean bizi dira. Magikoa da. Behinolako kultura bat dago han». Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Turkmenistan eta Uzbekistan ere oso gogoko ditu: «Istan horiek guztiak itzelak dira. Eta oso ondo jaten da. Haragia oso gozoa da. Libanoko janaria ere itzela da». Burundin hipopotamo okela jan zuen, hainbat herrialdetan intsektuak, eta koko gozoenak, berriz, Karibeko Santa Luzian.

Etxean bezala sentitu zen Naurun: «Ozeano Barean dagoen uharte errepublika bat da Nauru, munduko errepublika independenterik txikiena. Ondarroan beste pertsona bizi dira, 8.000 lagun inguru. Bitan eman nion buelta, bat oinez eta bestea bizikletaz. Hamar kilometro ditu».

Mikronesiako koralezko uharteak paradisu bat dira, baina leku kutunena ekialderago dago: «Sao Tome eta Principe uharteak liluragarriak dira bizitzaren azken urteak igarotzeko. Gineako golkoan dauden bi uharte dira, bolkanikoak, tropikalak, lasaiak... Portugalgo kolonia izan ziren. Europaren eta Afrikaren arteko nahasketa bat dira».

Milaka eta milaka argazki ditu. Gojenolaren hurrengo ametsa liburu bat idaztea da. Bidaiatzen ere jarraituko du, noski. Antartikara joateko bidaia prestatzen ari da orain: «Mundua ez da sekula amaitzen, eta beti jarraituko dut bidaiatzen. Bidaia guztiak ezberdinak dira». Ametsa, baina, liburua da orain: «Mezu hori eman nahi dut, eten bat egin eta ametsen bila joan behar dugula. Nirea bidaiatzea da, baina beste batena izan daiteke gitarra jotzea edo dantza egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.