Amazon Prime Videoren telesail bat grabatzen hasi dira Euskal Herrian

'El Internado: Las Cumbres' telesailean hainbat euskal aktorek parte hartuko dute, hamabost astez

Aiegiko Iratxeko monasterioan egin dituzte asteon telesaileko lehen grabaketak. AMAZON PRIME VIDEO.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herrian grabatzen ari diren telesail bat mundu osoan ikusi ahalko da urte amaieran, Amazon Prime Video ordainpeko plataformaren bitartez. El Internado: Las Cumbres du izena telesailak, eta Antena3 kateko El Internado-ren jarraipena da —2007tik 2010era eman zuten—. Hain zuzen ere, Atresmedia Studiosek parte hartuko du ekoizpenean, Mediaproren Globomedia ekoiztetxearekin batera.

Telesailaren zortzi atalak hamabost astez grabatuko dituzte. Grabaketa guztiak Euskal Herrian egingo dituzte: Iratxeko monasterioan (Aiegi, Nafarroa) hasi dira aste honetan, eta toki horrek garrantzi berezia izango du istorioan. Datozen egunetan Donostiara, Bilbora, Gipuzkoako Hondarribia, Lazkao eta Usurbil herrietara eta Lapurdiko Angelura joango da lantaldea grabatzera. Halaber, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zinealdean prestatuko dute dekoratu nagusietako bat. Zinealdearen azpiegiturak itxita egon ziren zenbait urtez, baina duela bi urte prestatu zituzten platoak grabazioak egiteko —besteak beste, Agur, Etxebeste! eta La trinchera infinita filmetako zenbait eszena grabatu dituzte bertan—.

Fikziozko telesailetan eskarmentua duen talde bat dago atzean: Asier Andueza da gidoilari taldeko buruetako bat, Laura Belloso, Sara Belloso eta Abraham Sastre gidoilariekin batera —El Internado: La laguna negra telesail originalean parte hartu zuten—. Ekoizle eragileak, berriz, The Mediapro Studioko Laura Fernandez Espeso eta Javier Pons, eta Atresmedia Studioseko Ignacio Corrales eta Sonia Martinez dira.

Euskal Herriko aktoreak ez dira faltako telesailean. Honako hauek azalduko dira, besteak beste, Amazon Prime Video plataformako telesail berrian: Kandido Uranga, Iñake Irastorza, Joseba Usabiaga, Amaia Lizarralde, Patxi Santamaria eta Aitor Beltran. Barnetegiko ikasle baten rola jokatzen, berriz, Sara Balerdi gaztea arituko da. Aktore horrek ETAren lehen urteak kontatzen dituen La línea invisible telesailean parte hartu du —hilaren 14an Malagako (Espainia) zinema jaialdian aurkeztuko dute, eta Movistar+era apirilaren 17an iritsiko da—.

Gainerako aktore gazteak zein izango diren iragarri dute jada: Asia Ortega, Albert Salazar, Daniel Arias, Daniela Rubio, Claudia Riera, Paula del Rio, Gonzalo Diez eta Francesca Aronsson. Aktore helduen artean egongo dira, era berean, Natalia Dicenta, Ramiro Blas, Alberto Amarilla, Mina El-Hammani, Joel Bosqued eta Lucas Velasco.

El Internado: Las Cumbres-en istorioa hirietatik aparteko inguru batean gertatuko da. Barnetegiko ikasleak bihurriak eta menderakaitzak dira, eta diziplina gogorra ezarriko diete birgizarteratzeko asmoz. Barnetegiaren kanpoaldeko basoari buruzko zenbait kondaira daude, eta basoa mehatxagarria da. Ikasleak abentura arriskutsu eta beldurgarrietan murgilduko dira baso horretan. Thrillerra eta beldurrezko generoa uztartuko dituzte, aurreko telesailean bezala.

Originala, arrakastatsua

Amazonek estreinatuko duen telesailaren aurreko bertsioak, El Internado-k, arrakasta handia lortu zuen 2007tik 2010era: 71 atal eman zituzten, zazpi denboralditan banatuta, eta batez beste %19,9ko ikusle kuota bereganatu zuen. Orduko lan hartan Globomedia ekoiztetxeak ere parte hartu zuen.

Barnetegiko protagonista ziren aktore gazte askorentzat, era berean, abiapuntu garrantzitsua izan zen telesaila. Yon Gonzalez (Bergara, Gipuzkoa, 1986) aktoreari ateak ireki zizkion Atresmediako telesail gehiagotan lan egiteko —azkenaldian Netflixen Las chicas del cable telesailean ere lan egin du—. El Internado-n aritu ziren ere Martin Rivas, Carlota Garcia, Marta Hazas eta Ana de Armas. Azken hori Hollywoodera joan zen 2014an, eta pelikula komertzial ugaritan parte hartu du. Iaz Urrezko Globoetan aktore onena izateko hautagaia izan zen, Knives out filmari esker.

El Internado munduko hainbat herrialdetan emititu dute: Kuban, Mexikon, Puerto Ricon, Dominikar Errepublikan, Perun, Portugalen eta Txilen. Frantziako M6 kateak bere bertsio propioa egin zuen, 2009an: L'Internat.

Telesailak bere bideo joko propioa ere badauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.