Ezarian

Amatasuna, sarean eta euskaraz

Amatasuna zalantza askoren iturburu izan ohi da, haurrak izateko asmoa dagoenetik hasita haurdunaldi, erditze zein hezteraino. Gai horren inguruan laguntzeko, hainbat webgune daude gaur egun euskaraz.

Gasteiz
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Edozein gairen inguruan zalantzarik izanez gero, oso ohikoa da gaur egun Internetera jotzea informazio bila. Baina orain dela gutxi arte, amatasunaren inguruan euskaraz ezer gutxi aurki zitekeen. Azkenaldian, berriz, gai hori lantzen duten euskarazko webguneak ugaritu egin dira.

Nahia Alkortak haurdun geldetu zenean Internetera jo zuen informazio bila: «Berehala konturatu nintzen ez zegoela ia ezer euskaraz», dio; gai gutxi eta guztia oso sakabanatuta aurkitu zuen. Horregatik, haurdunaldian bera eta bere bikotekideak izan zituzten bizipenekin eguneroko bat egin zuten Sabeletik mundura izeneko blogean, jendeari laguntzeko eta beren esperientziak ezagutzera emateko. Aldi berean, hainbat liburu irakurri zituen, eta horietatik nabarmendutakoa euskarara itzuli eta webgune osatuago bat ari da egiten gaur egun.

Hala, webgunean haurdunaldi aurreko zalantzen inguruko informazioa, haurdunaldia, erditzea, erditze osteko momentuak, edoskitzea edota haurra soinean nola eramanlantzen da. Garrantzi berezia ematen dio Alkortak Nora jo? atalari, bertan amatasunaren inguruan lagundu dezaketen profesionalen zerrenda bat dago; gainera, inork norbait ezagutuz gero beraei informatzeko deia egiten du.

Interneten ia ez zegoen horrelako gairik lantzen zuen webgunerik euskaraz, eta hutsune bat bete duenez, harrera ona izaten ari dela uste du Alkortak. Liburu eta aldizkariekin alderatuta, Internetek berehalakotasuna eta gertutasuna eskaintzen ditu, posible baita momentuko hartu- emana webgunearen bisitariaren eta kudeatzailearen artean, eta norberak nahi duen gaira jotea errazagoa dela dio. Hainbat egileren lanak erabiltzen badituzte ere, errespetua da guztietan aldarrikatzen duten printzipioa. Bi zentzutan, batetik, ikuspegi instituzionaletik ospitaleetan ematen duten tratuengatik,eta, bestetik, soziala, «askotan, ama izatean, zer egin agintzen digute izugarrizko presio sozialaren bitartez». Alkortarentzat, amaren egoera errespetatu behar da; «haurra ondo badago eta ama gaizki, kontuan hartu beharda» dio. Gainera, amatasunean, asko sufritu arren, gozatzen ahalegindu behar dela azpimarratu du eta, hori «norberak dakinola egin hobekien», gaineratu du.

Ttiklik.com haurra jaio ondorenari buruzko webgunea da, haurra hezteko gomendioak ematen ditu, sentimenduak, elikadura, psikomotrizitatea edota sexualitatea dira lantzen dituen gaietako batzuk, liburu eta Interneteko artikuluen bitartez. Horrek ere, Sabeletik mundura guneak izan zuen antzeko egoera bat du abiapuntu. Itxaro Mendizabalek ama izan ondoren, gurasoen gaia lantzeko beharra sentitu zuen, eta, informatikaria izanik, Internet bidez egiteariekin zion. Liburu, aldizkari eta webguneetan aurkitutako artikuluak publikatzen hasi zen webgunean, euskaraz zein gaztelaniaz. Hasiera batean jende gutxik bisitatzen bazuen ere, denborarekin bere eremua lortu zuen. Hurrengo pausoa, webgune soil bat izatetik haratago, lokal bat martxan jartzea izan zen: Beasainen jarri zuen.

Lokalean, webguneko gaiak tailer modura lantzen dituzte, guraso zein haurrekin. Sexualitatea, erditu ondorengo hasierak, haurrentzako antzerki eta emozio lantehia edota yoga. Lokala eta bertan egiten duten programazioa «gurasoentzako baliabide zentro bat» dela dio Mendizabalek. Ttiklik.com-en zerbitzua 0-12 urte bitarteko haurren gurasoentzat da, ondorioz denetariko gai eta arazoak lantzen dituzte, haur jaioberrientzat zein nerabezaroan sartzera dihoazenentzat. Mendizabalen ustez, «haurrak heztea gurasoen kontua da, ikastetxeetatik kanpo zuzen-zuzenean, eta horretarako tresnak eskaintzen saiatzen gara elkartean».

Guraso.com-ek ere antzeko gaiak lantzen ditu, erditze osteari helduz. 2008. urtean Txatxilipurdi Arrasateko (Gipuzkoa) aisialdi elkartera hainbat gurasoren partetik proposamena heldu zitzaien, batez ere ikusi zuten Interneten ez zegoela gurasoei eskainitako euskarazko informaziorik. Hala, webgunea aurrera ateratzeari ekin zioten, ataletan bereizita: kolaborazioak, agenda eta albisteak. Webguneak hamazazpi kolaboratzaile ditu, gurasoei interesatu ahal zaizkien gaietan adituak; elikaduran, harremanetan edota hezkuntzan adibidez, eta astean behin artikulu bat idazten dute Guraso.com-erako. Agenda eta albisteetan, gurasoei interesatu ahal zaizkien deialdiak eta berriak biltzen dituzte beste webgune batzuetatik hartuta, guztia euskaraz. Aizpea Otxandiano webgune eta proiektuaren kudeatzailearentzat, Guraso.com-ek, liburu edo aldizkariekin alderatuz, harreman zuzenagoa eta bizipen eta kasu praktikoagoak eskaintzen ditu; «ez horrenbeste teorian oinarrituta», dio.

Otxandianorentzat, webguneak «ikuspegi desberdinak jaso eta norbere esperientziarekin» aurrera egiteko aukera ematen die gurasoei. Webguneaz gain, Bergarako (Gipuzkoa) Txapa irratian saio bat ere egin ohi dute hilero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.