Amaren abizena aurretik jartzea, «zergatik ez?»

Badira bi hamarkada Euskal Herrian amaren abizena lehenetsi daitekeela, eta apurka-apurka zabaltzen ari da joera. BERRIAk horren inguruan galdetu die irakurleei.

Jaioberri bat ospitalean, artxiboko irudi batean. CC0
Jaioberri bat ospitalean, artxiboko irudi batean. CC0
Julen Otaegi Leonet.
2024ko maiatzaren 22a
14:00
Entzun

Aita eta ama bana izatekotan, haurrari zeinen abizena jarri, hori da galdera... Aitarena izan da jaun eta jabe, eta oraindik ere hala segitzen du, nahiz eta Hego Euskal Herrian 2000. urtetik dagoen amaren abizena lehen abizen gisa jartzeko aukera; Ipar Euskal Herrian, berriz, 2005etik. Horri bide eman dioten legeek utziko zuten marka, gero eta familia gehiagok erabakitzen baitute amaren abizena lehenestea —proportzioz, ziur aski, bide luzea geratuko da oraindik—.

Gaia erreportaje honetan landu zuen BERRIAk joan den astean: Abizena baino askoz gehiago.

Aitaren abizena lehena jartzea ohitura bihurtu baldin bada, zergatik ez jarri amarena? BERRIAk inkesta bat zabaldu du sare sozialetan irakurleen iritziaren berri jakiteko, eta hori erantzun dute batzuek, labur eta zehatz: «Zergatik ez?». Gehienak bat datoz: zehazki, Xn erantzun duten herenek jarriko liokete amaren abizena haurrari, eta laurdenek jarri diote amaren abizena; hamarretik batek ez lioke jarriko, eta ia herenek ez diote jarri.

Luken Ezpeletaren lehen abizena amarena da, eta, erreportaje hartan, BERRIAri azaldu zion «tradizio patriarkala hausteko» erabaki zutela haren gurasoek amarena jartzea. Horrekin ados daude inkestatu gehienak: «Gizartea aldatu behar dugu, eta gure tokia hartu», erantzun du irakurle batek. Horretarako aukera izanda, «berdintasunaren izenean» urrats hori egin beharko litzateke.

Beste batek honako hau dio: «Justizia historikoagatik, eta, gainera, bereziagoa eta politagoa delako!». Nola ez dira, bada, bereziak eta «originalagoak» izango, amen abizenak behin eta berriz atzean utzi badira. Gutxiago hedatu direnez gero, xelebreagoak izateagatik-edo, belarrira eta begira «politagoak» dira. Horiek «bizirik irauteko» neurria litzateke amaren abizena aurretik jartzea, haurraren abizena aukeratzen den eran «abizena ere erabaki egin behar baita».

Amaren oinordetza aitortzeko modua ere badela uste dute inkestatuek, eta asko baloratu dute hori. «Meritua duelako, amarena ez bada ea norena den!»; «ama erditzen delako», erantzun dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.