Patatari omen egiteko asmoz sortu zuen Mitxel Suarez sukaldariak Txingurri pintxoa, eta Euskal Herriko Pintxo Txapelketakoepaimahaikideek horren aldeko hautua egin dute; lehen saria irabazi zuen atzo. Borda Berri jatetxeko (Otogoien, Araba) kidea da, eta lurraldeko produktuen garrantzia azpimarratu du.
Nola sentitu zara lehen saria irabazita?
Shock egoeran nago pixka bat. Finalera iristen zara, eta badituzu aukerak, baina ez duzu inoiz pentsatzen irabaziko duzunik, zaila delako; esaterako, gerta daiteke zerbaitetan huts egitea, edo, besterik gabe, albokoaren pintxoa hobea izatea. Negar asko egiten dut normalean, baina oraindik ezin dut sinetsi ere egin irabazi egin dudanik; lasai nago, baina baliteke hogei minutu barru hala ez egotea.
Pentsatzekoa da lana egongo dela horrelako pintxo baten atzean...
Lan handia. Pintxo bat ez da egun batean sortzen; egin daiteke, baina ñabardura askorekin. Kasu honetan, patata faltsu hau egitea pentsatu nuen, produktu arabarra omentzeko; ez al digute esaten arabarrok patateroak garela?. Hori sortzeak eman zitzakeen buruhausteak, baina lehenengoan atera zitzaidan, eta txundituta gelditu nintzen. Betegarria landu nuen ostean, eta hori produktu onekin eginez gero, askoz ere errazagoa da, eta, areago, Arabako kalitatezko produktuak badira.
Lehen aldiz hartu al duzu parte?
2008an hasi nintzen, eta 2018an aurkeztu nintzen azkenekoz, hirugarren gelditu nintzenean; jada beteranoa naizela esan dezaket. Hori izan zen nire muga. Hala ere, aurten, Alaves futbol taldearen mendeurrenaren harira, pintxo lehiaketa bat antolatu zuten, eta 119 parte hartzaileren artean lehenengo gelditu nintzen; beraz, pentsatu nuen Euskal Herrikora aurkeztea, epaimahai baten eta jendearen oniritzia banuelako.
Nolakoa izan da aurtengo txapelketa?
Gogorrak izan diren txandak pasatu ditut; ez fisikoki, sei edo zazpi pintxo egiten dituzulako, baina psikologikoki, gogorra izaten da txapelketa, errusiar mendi bat bezalakoa, gorabeherekin. Nekatuta amaitzen duzu.
Hala ere, laguntasuna dagoela dirudi.
Handia. Beti diot txapelketa hauetako onena adiskidetasuna dela. Norbaitek laguntza behar badu, hor nago laguntzeko, etaalderantziz, nahiz eta lehiakideak izan; lagunen aurka zabiltza lehiatzen. Esate baterako, badakit hemen zeuden guztiak poztu direla niri emandako sariarekin, eta ni ere poztuko nintzateke besteren batek irabaziz gero.
Berezia izan al da saria irabaztea?
Pertsonalki, sari hau dena da niretzat. Jarraitutasunari emandako sari bat da, 30 urte sukalde batean sartuta egoteari eskainitakoa. Amak beti esaten zidan lan eginez gero sari bat izango nuela, eta arrazoi zuen.
Egongo al da pintxoa dastatzeko aukera?
Datorren astetik aurrera. Orain, minbizia duten eta kimioterapia hartzen ari diren gaixoendako afari baten prestaketan nabil buru-belarri lanean. Bihar izango da hori; Donostiako Aquariumean aurkeztuko dute dokumental bat, eta Hondarribian [Gipuzkoa] izango da afaria. Hor jarri behar dut arreta, eta, beraz, horretan arituko naiz lanean. Halere, esandakoa: seguru asko, datorren astetik aurrera egongo da pintxoaz gozatzeko aukera.
Hurrengo urtean ere hemen egongo al zara?
Pentsatuko dut zer egin, baina nik uste dut ja erretiratzeko garaia iritsi dela. Hobe goi-goian zaudenean erretiratzea, saiatzen jarraitu baino. Dagoeneko lortu dut. Bolada ona dut.
Mitxel Suarez. Euskal Herriko Pintxo Txapelketako irabazlea
«Amak beti zioen lan eginez gero saria izango nuela, eta arrazoi zuen»
Borda Berri jatetxeko Suarez sukaldaria izan da aurtengo Euskal Herriko Pintxo Lehiaketako irabazlea. Azaldu du «gogorrak» izan direla egun hauek, baina parte hartzaileen arteko laguntasuna nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu