Jaiak

Amaiur besta betean

Suziria zeruan piztearekin batera hasi dira Amaiurko Bestak, eta heldu den larunbatera arte erraldoiek, bazkariek eta kontzertuek beteko dituzte karrikak.

Amaiurko bestak, artxiboko irudian. BERRIARI UTZITAKOA
Amaiurko bestak, artxiboko irudian. BERRIARI UTZITAKOA
2024ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun

Txupinazoak eta ezkila doinuek markatu zuten Amaiurko (Nafarroa) jaien hasmenta, eta larunbatera arte besta giro betean ibiliko dira herritarrak. Atzo suziria jaurti bezain fite paratu zuten soinean amaiurtarrek zapi koadroduna eta blusa beltza, eta Gure Ametsa pilotalekurat abiatu ziren, Kuxkuxtu txarangak gidaturik, baztan zopen usain nahasezinak erakarrita.

Baztan zopak haraneko besten plater preziatua dira, eta Baztango herrietako besten bezperan jan ohi dira. Tradizioari segika, urtero bezala, bezperako ogi xerrak ardi saldatan busti zituzten atzo. Urtez urte Amaiurko baztan zopak ezagun bihurtzen joan direla azaldu du Unai Jauregi besta batzordeko kideak: «Baztan zopek ospea hartu dute, batetik, jendeari zerbitzatzen dugun jatekoa anitz gustatzen zaiolakoz; eta bertzetik, txarangak giroa paratzen duelakoz». 

Jauregik dio egun batzuk fiteago etxez etxe eta baserriz baserri pasatu ohi direla herritarrei sarrerak saltzeko, bertakoak tokirik gabe gelditu ez daitezen. Iaz segituan saldu zituzten txartel guztiak herritarren artean, baina aurten ehun bat sobratu direla erran du Jauregik: «Baztan zopen hurrengo eguna, abuztuaren 14a, jaieguna tokatzen ez denez, sarrera gutiago saldu genituen herrian. Beraz, gainontzekoak herriko hotelean paratu genituen salgai, bertze herrietakoentzat». 

Horrela, laurehun bat lagun bildu ziren frontoian, plater tipiko hori dastatzeko. Kuxkuxtu txarangak alaitu zuen frontoia, plater artean. Sabela bete ondoren, besta gogoz gelditu zirenek Iratzar erromeriaz gozatzeko aukera eduki zuten, goizaldeko ordu batean.

Haurrak izanen dira gailen gaur. Goizean goizetik edukiko dituzte haurrentzako jokoak plazan, eta arratsalde partean puzgarriak eta jokoak egonen dira pilotalekuan. Egun osoa jolasean ibili ondoren txokolate jana edukiko dute esperoan, 19:30 aldera. 

Ilunabarrean, kontzertuak

Musikak ere izanen du bere lekua. Ilunabarrean Bidenabar taldeak kantaldia emanen du, eta, ondoren, mutxikoak, gaita eta larrain dantza izanen dira plazan, 21:30ean. Besta luzatu nahi izanez gero, Xutik, Kaskezur eta Burutik taldeen kontzertuak ikusteko aukera izanen da plazan, 22:30ean hasita.

Egun handia, dena den, bihar ospatuko dute amaiurtarrek; Artzain Eguna, hain zuzen. «Lan anitz egiten dugu Artzain eguna antolatzeko», esplikatu du Jauregik. Hamar bat lagun ibiltzen dira besta batzordean. «Hilabete pare bat fiteago hasten gara buru-belarri lanean, bakoitza bere zereginetan: kontzertuak lotu, materiala lortu, zerbitzariak kontratatu, publizitatea egin... Ni, adibidez, dirua biltzeaz arduratzen naiz urtero», azaldu du Amaiurko gazteak, eta azken egunetan herri guztia inplikatzen omen da, auzolana eginez. 

Egindako lanak, hala ere, bere fruituak eman ohi dituela adierazi du amaiurtarrak: «Egun guztiko egitaraua dagoenez, nahiko egun polita izaten da lehenbiziko sektorearentzat». 10:00etan hasiko dira Baztan Bidasoko XX. ardi erakusketa eta lehiaketa, ardi gasna lehiaketa, artisauen erakusketa, burguete, breton eta comtois arrazako zaldien eta piriniotar eta blonde arrazako behien erakusketa. 

Meza nagusiaren ondoren, Gaztelu taldearen emanaldia izanen da elizan bertan. Eta, ondoren, mutil dantzak eta hamaiketakoa eskainiko dituzte plazan. Goizeko feriarekin batera, eguneko bertze bi ekitaldi aipagarrienak arratsaldean izanen dira. Lehenbizi, artzain zakurren desfilea egonen da trikitilariek alaiturik, eta ondoren, 17:30ean, 48. Artzain Zakurren Txapelketa, Patxi Etxeberriaren XIX. Memoriala, hain zuzen. Los Txingones de La Rencle mariatxiek emanen diote bestari segida 20:30ean. 

Biharko eguna pasatuta, Gazteen Eguna izanen da ortziralekoa. Haurren esku pilotako finala, mus partidak, erraldoiak, gazte bazkaria eta bingo herrikoia edukiko dituzte zain, bertzeak bertze. Ilunabarrean, 19:30ean, Skapaie elektrotxarangak hartuko ditu herriko karrikak, eta 23:00etan, berriz, DJ Kalima Limonek girotuko du Amaiurko plaza. 

Plazako goitiko ostatuan eguna argitu arte «martxa» egonen dela hitzeman dute herritarrek. Baztan zopa eta Artzain Egun ospetsuak gibelean utzita, ortziraleko eta larunbateko giroa «herrikoiagoa» izan ohi dela erran du Jauregik.

Zikiroaren txanda

Larunbat goizean mus txapelketako finala eta XXI. bonet jaurtiketa eginen dituzte. Ondoren, 14:30 aldera, frontoian bilduko dira herritarrak. Zikiro jatea edukiko dute, Beñat akordeoilariak alaiturik. Baztan zopekin batera, zikiroa da Amaiurko eta inguruko herrietako bestetan falta ezin den jakietako bat. 

Zikiroaren ondoren, 21:15ean, mutxikoen, mutil dantzen, gaitaren eta larrain dantzaren tenorea izanen da. 23:00etan dantzari ekinen diote berriz, Bide Batez taldearen eskutik. Eta bestei akabera emateko, DJ Txingudi ariko da goizaldera arte herriko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.