GASTEIZKO JAIAK

Amaitu da itxaronaldia

Aurpegi berria izango du Zeledonek aurten, baina betiko zeregina: etxe berria egin eta Gasteizko jaiei hasiera ematea. Sei egun igaroko dituzte gasteiztarrek jai giroan murgilduta; abuztuaren 9an igoko da berriro Zeledon.

Iñaki Kerejazu eta Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon berria eta zaharra, iazko txupinazoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Kerejazu eta Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon berria eta zaharra, iazko txupinazoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Urduri samar igaro dute uztaila blusa, neska eta gasteiztar guztiek. Uztailaren 25ean, Santiago eguna ospatu eta etenik gabe dantzatu ziren, baina abuztuaren 4a iristeko irrikan zeuden denak. «Noiz jaitsiko da Zeledon?», galdetzen zioten haurrek gurasoei Santiago egunean. Bada, hamar egun geroago, egun preziatua iritsi da. Urtero legez, San Migel elizatik jaitsiko da Gasteizko jaietako pertsonaiarik maitatuena, 18:00etan, baina aurpegi berria izango du aurten. Izan ere, Gorka Ortiz de Urbinak, 2001etik Zeledonena egin duen gasteiztarrak, Iñaki Kerejazuri eman dio lekukoa: 2028ra arte, hura izango da Zeledon.

Aurpegi berriek ez dituzte ezabatuko ohitura zaharrak, baina. Milaka gasteiztarrek abesti, salto, oihu eta edari artean jasoko dute Zeledon, eta euritakoari helduta zeharkatuko du Andre Mari Zuriaren plaza, goitik behera. Gero, San Migelgo balkoira igoko da, eta bertatik egingo du jaien hasierako agurra. Urtero bezala, plaza jendez lepo beteko da, eta aspaldi erabakitako neurria errespetatuko da aurten ere: kristalezko botilarik ez txupinazoan. Kontrolak egongo dira sarbideetan, eta osasun langileak eta suhiltzaileak prest egongo dira edozein larrialdiri erantzuteko.

18:00etan helduko da gasteiztar guztiek urte oso batez espero izan duten unea. Suziriak iragarriko du jaien hasiera, eta, hura entzun orduko, zapia lepoan jantziko diote festazaleek elkarri, ohitura zaharrak agintzen duen eran. Aurten suziria Arabako Lurralde Etxeen Federazioak botako du, eta Gasteiztik kanpo jaio eta Arabako hiriburuan bizi diren 78.000 pertsonei eskainiko diete. Horretarako, ordea, ordu batzuk falta dira oraindik. Baina gaur amaituko da itxaronaldi amaigabea.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi du jaietan ez dela onartuko ez indarkeria matxistarik, ez beste edonolako indarkeriarik: «Goza dezagun tolerantzia eta berdintasuna oinarritzat hartuta, beste behin, elkarbizitzaren eta ospakizunaren erakusgarri izan gaitezen. Erakutsi dezagun festa handiek eskatzen dutena ondo betetzen dakigula eta badakigula munduko festarik onenez gozatzen».

Halere, prest dago erasoen aurkako protokoloa. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informaziogunea egongo da Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean. Gaur 17:00etatik 23:00etara egongo da irekita. Bihartik aurrera, berriz, 18:00etatik 22:00etara. Gainera, udalaren gizarte larrialdietarako zerbitzuaren telefonoa martxan izango da 24 orduz, eraso salaketen berri jasotzeko, eta argibideak eta babesa eskaintzeko (945-13 44 44). Bestalde, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak ere arta emango du 24 orduz (633-30 96 53).

«Guztiontzako» egitarau bat

Aurten laurehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte, publiko mota guztientzat. Denetariko ekintzak egingo dira hiriko hainbat lekutan. Horretarako, iaz baino 102.000 euro gehiago izan ditu jaien aurrekontuak: 1.082.000 euro guztira. Aurrekontu horrekin musika estilo askotako taldeak ekartzen ahalegindu dira antolatzaileak. Kontzertu jendetsuenak, urtero bezala, Foru plazan, txosnetan eta Aihotz plazan izango dira.

Atzo dagoeneko talde batzuk igo ziren oholtza horietara, eta gaur jarraituko du festak, martxa onean. Hain zuzen ere, Esne Beltzak girotuko du Foru plaza gaur. Txosnetan, berriz, Laztana Laztana, Herenegun eta Akerbeltz arituko dira gaur, besteak beste.

Hurrengo egunetan ere askotariko eskaintza izango da leku horietan, eta estilo ugaritako taldeak ariko dira Foru plazan: Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak. Txosnetan ere askotariko taldeek joko dute, eta, Zeledon San Migel elizara bueltatu aurretik, hainbat taldek jarriko diote soinua txosnaguneari: Segismundo Toxicomano, Nogen, Dupla, Bengo, Bihos, Tatta & Denso, Chill Mafia, Gatibu… Jaietako programa osorik ikus daiteke BERRIAn.

Aihotz plaza, beti bezala, arnasgunea izango da euskararentzat. Hala izan da aspalditik, Geu elkarteari esker. Kontzertuak ere egongo dira bertan —bihartik abuztuaren 8ra arte Modus Operandi, Süne, Sara Zozaia eta Kalakan arituko dira, hurrenez hurren—, baina asmo nagusia euskara sustatzea eta jaiez euskaraz gozatzea izango da; bertsolaritza, Dantza Plazan eta bestelako ekintzak antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.