B idaia bat ez dakizu sekula noiz amaituko den». Hala dio Alvaro Sainz galdakarrak (Bizkaia), eta hala gertatu zaio berari ere. Anbulantzia bat garraiobide gisa hartu, eta Mongoliara abiatu zen joan den uztailean —17.000 kilometrora—, eta, azaroan etxera itzuli zen arren, bueltan doa berriz ere. Baina oraingoan hegazkinez, eta noiz itzuliko den zehazki ez dakiela. Bien bitartean, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean bere abenturaren argazki erakusketa bat jarri du.
«DYAko boluntario naiz duela bost urtetik, eta duela urte batzuk egiten zena egin nahi nuen nik ere: anbulantzia bat Marokora eraman, baina ibilbidea ibilgailuan eginez». Lehen, zahartuak zeuden anbulantziak doaitzan ematen ziren, baina gaur egun ez da horrela egiten. Ideia hori buruan, Ulan Batorreko (Mongolia) Go Help gobernuz kanpoko erakundearen berri izan zuen: «Ibilgailuak jaso, enkantera eraman, eta hortik lortzen duten dirua arlo sozialerako erabiltzen dute». Helmuga aldatu, eta anbulantzia bat erosi zuen Sainzek.
Andres de la Cuesta Burgosko (Espainia) argazkilariarekin abiatu zen Galdakaotik Mongoliara. «Orduan, ibilbide dena ondo antolatuta neukan, eta 45 egunean iritsiko ginela kalkulatu nuen». Baina hilabete pasatxoko bidea hirukoa bihurtu zen. «Bi istripu izan genituen, hamabi matxura, eta motorra bitan apurtu zitzaigun». Eta hori gutxi balitz bezala, De la Cuesta hamazazpi egunez kartzelan egon zen Turkmenistanen, «gaizki ulertu baten ondorioz».
«Go Helpekoekin etengabe geunden harremanetan, eta atzerapenaren berri ematen genien, baina sinetsita zeuden ez ginela iritsiko». Mongoliara sartu berritan, hori sinesteko zorian egon zen Sainz bera ere, Gobiko basamortuan motorra hautsi eta ez aurrera ez atzera geratu zirenean. «Bi egun egon ginen, inor igarotzen ez zela. Halako batean, jeep-etan zihoazen ingeles batzuk azaldu ziren, eta gure helmugaraino eramango gintuztela esan ziguten». Ia 2.000 kilometro egin zituzten jeepen atoian lotuta: «Egun osoa ematen genuen bidean, orduko zazpi kilometroko abiaduran». Hamabi egun igaro ondoren, Ulan Batorrera iritsi ziren.
Gertaera horrek Mongoliako komunikabideen arreta bereganatu zuen. «Handik bidaiari ugari igarotzen dira herrialdea gurutzatzen, baina sekula ez ibilgailu bat anbulantzia bat atoian daramala». Herrialdean ezagun egin zen Sainz eta De la Cuestaren istorioa, eta hainbat ospitale ezagutu zituzten. «Hainbat ospitaletako zuzendariak ezagutu nituen, eta esker onez, 2.000 metro karratuko lursail bat eman ziguten».
Eskola baterako proiektua
Dohaintza hori jasota, Sainzi Zornotzako (Bizkaia) La Otra Mirada gobernuz kanpoko erakundearen izena etorri zitzaion burura. «Duela lauzpabost urte inguru, Mongolian eskola bat zabaltzen saiatu ziren, baina horretarako mongoliar batekin elkartu behar da, ezin duzu zure gisan egin». Hainbat arazo tarteko, proiektu hori bertan behera geratu zen, lurrak lortu ezinagatik. Sainzek lursailak eskaini, eta proiektua berriz abiatu da. Hogei umezurtzi babesa emango die azpiegitura horrek. «Berriz hara noa, eskolaren proiektua kudeatzera».
45 eguneko abentura izan behar zuenak oraindik ere irauten du, eta Mongoliako jendearekin harreman estua lortuta, gainera. «Batek daki noiz amaituko den abentura hau!».
Amaierarik gabeko bidaia
Alvaro Sainzek eta Andres de la Cuestak hiru hilabete eman zituzten anbulantzia batean Mongoliara bidean. Sainz berriz ere bueltan da hara, eskola bat eraikitzeko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu