Estefania Rodriguez. Ginekologian eta obstetrizian aditua

«Ama helduen arazoek eragin zuzena dute umekiarengan»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ugalketa lagunduaren euskal institutuan lan egiten du Rodriguezek (Donostia, 1983). Hark dioenez, kontsultara joaten zaizkien emakumeen %35-40ek 40 urte edo gehiago dituzte. Izan ere, 40 urtetik aurrera, haurdun geratzeko aukerak murriztu egiten dira.

Zer arrisku ditu adin jakin batetik aurrera haurdun gelditzeak?

40 urtetik gora, arriskuak areagotu egiten dira. Hasteko, zenbat eta helduago izan emakumeak, gaixotasun kronikoak izateko aukera handiagoa dute: tentsio altua izatea edo diabetesa edukitzea, esaterako. Gaixotasun horiek haurdunaldian oker daitezke, gorabeherak sor ditzakete eta haurrarengan eragin dezakete.

Umekiari eragiten dio, beraz, ama emakume heldua izateak?

Helduak diren amengan sor daitezkeen arazoek eragin zuzena dute umekiarengan. Arazo horien ondorioz, haurra txikiagoa jaio daiteke edo baliteke umetokiaren barruan ongi elikatzeko arazoak izatea, eta, beraz, haurdunaldiaren amaieran pisurik ez hartzea.

Arriskuak egon arren, haurdun gera daiteke 45 urtetik aurrera?

Bai, modu naturalean zein ugalketa tratamendu bidez. EAEko azken datua 2016koa da, eta erditzeen %8,9 40 urte edo 40 urtetik goragoko emakumeenak dira. Adinak aurrera egin ahala, ordea, modu naturalan haurdun geratzeko aukera ere asko murrizten da, emakumeen ugalkortasuna jaitsi egiten delako eta obuluen kalitatea ere okerragoa delako. Adinak aurrera egin ahala, umeek kromosometan gorabehera genetikoak izateko aukera areagotzen da, eta horrek modu naturalean haurdun geratzeko aukera murrizten du. Oso ohikoa da, beraz, adin jakin bat dutenek tratamendu lagunduetara jotzea.

Tratamenduen bidez ziurtatuagoa dago haurdunaldia?

Tratamenduaren arabera. Edozein tratamenduren aurretik, emakumearen ugalkortasun maila baloratu behar da. Ondoren, tratamendua norberaren obuluekin egiten bada, kromosomikoki enbrioiak aztertzea aholkatzen da. Zergatik? Abortuak izateko aukera handiagoa delako eta enbrioiek alterazioak dituztenez, haurdun geratzeko zailtasunak daudelako. 40 urtetik aurrera, enbrioiek gorabehera handiak dituztenez, tratamendu lagunduak dituzten zentroetara joatea gomendatzen da.

Osasun publikoan laguntza bidezko ugalketa 40 urte bitartean egiten da; zuek, 49 urtera arte. Zergatik halako aldea?

40 urtetik aurrera aukera asko murrizten delako ezartzen dute muga hori. Osasun publikoak tratamendu sinpleagoak eskaintzen ditu. Tratamendu lagunduen kasuan, Espainian muga bat ezarri da: 49 urte. Kasuaren arabera, eskaintzen ditugun tratamenduak ezberdinak dira: enbrioien kromosomen azterketa egiten da, esaterako. Baina 44-45 urtetik aurrera, tratamendu hori oso konplexua da, enbrioien alterazio tasa oso handia delako: ia %95. Horiek horrela, emakume askok hautatzen dute dohaintzan emandako obuluen bidez haurdun geratzeko tratamendua. Eta tratamendu mota horiek ez daude oso finkatuak osasun publikoan.

Arrakasta dute haurdunaldiek?

Ez dago datu asko, baina orain dela urte batzuk esaten zen 40 urtetik gorako emakumeen haurdunaldi erdiek nolabaiteko arazoak izan zituztela EAEn. Edozein tratamendu egin aurretik, datu hori ematen diegu bezeroei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.