Hanka bat lokatzetan sartuta bizitzea zer den ikas liteke elur eta izotz artean. Teleferikoan igo gara Zermattetik Trockener Stegera, 2.700 metrora, eta bazegoen gorago igotzeko aukera ere; hurrengo goizean ikusiko genuen —uste baino goizago—, lasterketa baterako abiatuta bezala —erne, erritmoa bizitu beharra dago—, trenak hiria betetzen duen eran, teleferikoa mendizaleak jaurtitzen, teleferikoa labezomorroak mendiratzen, teleferikoa labezomorroak eta jendea eta mendizaleak oka egiten, 3.883 metrora, 4.000koen ehizan, mendizaleak, mendizaleok. Hondartza lehenengoz zapaltzen duen haurraren gisan abiatu gara glaziarrean gora, erdi pozik, erdi baldar, hurrengo ordu eta egunetan ezinbesteko, hil ala biziko, izango dugun armadura lagun: kranpoiak, kaskoa, pioleta, arnesa eta soka; beti kranpoiak, kaskoa, pioleta, arnesa eta soka; goizeko bostetan kranpoiak, kaskoa, pioleta, arnesa eta soka; pixa egiteko kranpoiak, kaskoa, pioleta, arnesa eta soka; hamaiketakoan kranpoiak, kaskoa, pioleta, arnesa eta soka. Azkar heldu gara lehen aterpetxera, Teodulora, luxu eta lokatz. 3.300 metro inguruan manta zuriz estalita egon nahi luketen eski pistak, mendi hegaletan gora arrasteen kableak eta posteak, 3.883 metroan harri kozkor hauskorrera igotzen den teleferikoa harriak eutsi ezin duen plataforma zintzilikatura sartzen, garabi zuri-gorria plataforma eror ez dadin eginahalak egiten, 3.933 metro; ez dezatela Everesten edo Kilimanjaron teleferikorik eraiki, natura izorratuko dute eta. Lehen egunean 4.000korik ez, baina intentzioak eta ibilaldi laburrak nekatu gaituzte nahikoa.
Cervino punta zorrotz postalekoari begira, luxuzko aterpetxea da Teodulokoa: bazkalondorenean eguzkitan gozo-gozo etzanda jartzeko hamakak terrazan, bozgorailuetatik siesta laguntzeko zer estilo ote da estilo atsegin hau, chill out ez da musika estilo bat, baina chill out, hodeiak formadunak eta formarik gabeak buruen gainetik pasieran, zerua itsaso zikin bat da, eta erdi siestako erdi elkarrizketak; afalorduan Cervino eta inguruko mendien bistez gozatu ahal izateko beiratea jangelan, arratsean oskorria, eta alergia edo intolerantziaren bat izanez gero menua moldatzeko aukera. Lagunak eta biok intolerantziarik ez, baina osasun kontuak hobetzeko nutrizionistak emandako pautei jarraikiz zeliakoak garela, zeliakoak eta begetarianoak, aterpetxeko langile atseginari. Langile atseginaren harridura handik bi ordura ere, zein zeliakoa eta zein begetarianoa, eta ezetz, baietz, biak zeliako eta begetariano, eta afari ederra denok, zeliako eta begetarianook ere bai, ogiari muzin egin behar, baina postre eta guzti eta, ezkutuan, lagunen menu eta postre ez-zeliako-ez-begetarianoei hozka, itxura ederra dute. Goizean etorri dira komeriak, gosaritan, lehen 4.000koari ekiteko atarikoan, mendiko aterpetxe bista ederrekoaren jangela goxoan, gosaritarako buffet itxura ederreko eta betea, ateoenak ere gurtzeko moduko aldarea, tarta zatiak, galletak, zerealak, gurina, ogi-xerra ebaki berriak, marmelada, zuku eta teak, baina gu zeliako eta begetarianoak, begetariano eta zeliakoak, biak-biak, ez zeliako eta ez begetariano, baina nutrizionistaren pautak, eta mahai gainean langile goizeko bostetan ere atseginak berariaz guretzat ateratako arroz-opil lehorrak eta dozena erdi galleta. 4.000koetan gora arnasa eta gorputza berotzen hasi aurretik izerdi hotza kopetan, segundo erdi batez zalantza laurdena, eta bizkor, disimuluz, tarta zatietara eskua, eta ondoren disimulu gutxiagorekin baina burua makur, ogi zati samur bat eta beste bat eta beste bat; ez dugu berriz ikusiko aterpetxeko langile atsegina, ez dugu berriz esango ez zeliako ez begetariano, are zeliako eta begetariano. Breithorn Mendebaldekoa, 4.165; Breithorn Erdikoa, 4.160.
Tontor zuriz inguratuta
Arrakala handi baten ahoa hanka azpian. Edozer irensteko prest. Edozer irensteko gogoz. Heriotza disimulatuzko kristal gainean pausoak. Zulo gainean pausoak. Zorte kolpe batek nola aldatuko lukeen bizitza. Soka batetik zintzilik egotea ez litzateke metafora. Eta jendea etengabeko jarioan, zorte kolpeen erresumako desfilean. Baina soka. Elkarri lotuta soka. Bizitzari lotuta soka.
Bezperako distira beraz agurtu gaitu Castorreko aurpegi malkartsuak astearte goizez, Casiopea eta Pollux edo Isis and Pandora eta Bereniceren ilea, ile zuri lurrera abaildua, adats zuri leuna sorbaldetan behera, ur-jauzi baten indarrez, baina denboran pausatua, indar geldia, Castorren adats zuria. Gorputz pisutsua adatsean gora, hanka pisutsuak aldatzean gora, pausoa zeharka, pausoa zuzen, pausoa segidan, pausoa nekez, eta orduan izotzezko pareta, eta pioleta eta soka eta kranpoien muturrak gogor, izotzezko paretari iltzatuta, eta pioleta eta eskua eta oinak paretara, begiak paretara, gorputza paretara, arnasa paretara, sokatik zintzilik, txirikorda bat adats zurian gora, Casiopea eta Pollux edo Isis and Pandora eta Bereniceren ilea. Lehenago inoiz tankerako egoera batean egon gabeak eta, hala ere, zer indar ateratzen duen segurtasuna ematen zaion gorputzak, zer indar ateratzen duen konfiantza ematen zaion buruak. Eta paretaren amaiera, horregatik paretaren amaiera, zoriontsu paretaren amaiera, eta hatz puntetan gorputza luzatutako begirada zelatariak leiho eskuraezinetik nola, paretaren beste aldean, munduaren beste aldean, beste haran bat: tontor zuri gehiago, elur zuri gehiago, adats zuri gehiago; edertasuna are ederragoa da hatz puntetan gorputza luzatutako leiho eskuraezinetik. Urrats batzuk gehiago bi munduak bereizten dituen ertzaren gainetik, heriotzaren aldamenetik, eta gailurra. Castor, 4.226. Pollux ez genuen igo.
Hanka bat. Bestea. Ezker. Eskuin. Ezker. Eskuin. Ezkerrera eta eskuinera heriotza gertuegi lukeen pendiza. Begiak lurrera iltzatuta. Pausoak. Bizitza bidezidor. Isiltasuna. Arnas hotsak neurrian. Neurtuta. Pausoak. Ezker. Eskuin. Ezker. Eskuin. Akatsik egin ezina. Ertzeko pentsamendurik ez gailurraren ertzean. Gorputz eta gogo, dena kontzentrazio.
Haizea, kazkabarra, elurra
Goizeko lauretan gogotsu eta indarrez esnatuko nintzela ez nukeen sinetsiko, esnatu eta mendiko galtzak eta kamiseta termikoa, esnatu eta motxila handiak bizkarrera eta kranpoiak oinetara, kaskoa, pioleta, bastoia, soka; ez bost ez dozena bat lagun, elkarrenganako distantzia ordenatuan sokarekin lotuta, hogei, berrogeita hamar, ehun eta berrogei, berrehun lagun, argi txikiak kopetan, argi txikiak loa luzatu nahi lukeen gauaren ilunean, mendian gora ipurtargiak, elurrezko bidezidorrean iltzatuta tren-bagoiak trenbidean nola, bi, hiru eta lauko taldeak. Malda gorak jartzen du neurria, mendi gailurrak lasai eta jende gutxiagorekin zapaldu ahal izateko bizkor zapaldu beharra dago ilunpetako elurra, elur hotza, elur gogorra, oinen azpian krask eta krask, gosariko galletak bezala; gosariko galletak, tea, tostadak eta marmelada, frutarik ez, denak tripan nahasian, pausoak eta tripa nahasian eta sudur izoztutik behera mukia, muki urtsua, izotzezko burruntzi bihurtzeko prest hotz handiagoa bagenu, baina, hala ere, mukia, urtsua. Eta esku batean pioleta eta bestean bastoia, pauso bizkortuak arnasestuan maldan gora ipurtargien lasterketa ordenatuan, eta nola hala poltsikotik klinexa, sudurrari zintza eta oinak bastoiarekin trabatzea biak bat, eta zintza berriz, eskularru lodiekin hain prozedura zehatzak egitea luxua da eta, zintza. Lyskammgo Nasso, 4.200; Piramide Vincent, 4.215.
Edertasunaren neurri mugagabeen baitan zenbat kabitu ezin. Ezin sartu nahi adina arnas biriketan. Ezin kabitu ikusi adina edertasun gorputzean. Edertasunaren neurri mugagabeen baitan zenbat zabaltasun. Zenbat pauso. Zenbat pentsamendu.
Meteoblue, Meteoswiss, Ilmeteo eta Mountain-forecast, ekaitza dator; Meteoblue, Meteoswiss, Ilmeteo eta Mountain-forecast, gainerako gidak ibilaldia eta aterpetxeetako erreserbak aldatzen ari dira; Meteoblue, Meteoswiss, Ilmeteo eta Mountain-forecast, bidean kobertura hartuz gero guk ere erreserbak aldatzea edukiko genuke; Meteoblue, Meteoswiss, Ilmeteo eta Mountain-forecast, ostiralean eguerdira arte eutsiko omen dio eta larunbat goizean lehenengo orduetan ere bai, ostiralean tontorrak eta larunbatean zuzenean jaitsi, 12:00etarako trenean, 12:00etarako bukatuta, Meteoblue, Meteoswiss, Ilmeteo, Mountain-forecast, Euskalmet eta gainerako jainko-jainkosak: eutsi diezaiola. Eta, asmatu dute: ostiral arratsaldean, Europako aterpetxerik garaienean, ekaitza, Rifugio Margarita, 4.556 m. Zorte ikaragarria izan da aurreko egunetan egin digun eguraldia, zorte ikaragarria baina Alpeetara etorrita hau ere probatu behar genuen, haizea, kazkabarra, elurra. Egurrezko aterpetxe goxoaren barruan harrapatu gaitu, hala ere, ekaitzak, ez gaitu harrapatu; siesta, laino itxia, karta-partida, trumoia, afariaren zain mahaiaren bueltan solasaldia, kazkabarra, eta 18:30ean puntuan afari goxoa, elurra, lotara. Corno Nero, 4.322; Ludwighshöhe, 4.341; Parrot, 4.436; Zumstein, 4.563; Gnifetti Punta/Margarita aterpetxea, 4.556.
Goizean esnatu eta leihoetako kristaletan elurra pilatuta, marrazki bizidunetan bezala. Lasai gosaldu, eta itxaron. Oraindik ilun dago. Pazientzia eta konfiantza; ea zer erakusten digun egunaren argiak. Ditugun arropa guztiak jantzi, eta kanpora. Azken etapa. Geratu du ekaitza. Altxatuko du lainoa.
Malda goretan arnasestuka, arrakala artean eta gailurretako ertzetan arnasa ia etenda; horrela ibili gara Monte Rosako Goi Mendiko Zeharkaldian, uztailaren 21etik 28ra. Eskerrik asko Mendiak eta Herriak-i eta BERRIAri, esperientzia zoragarri hau bizitzeko aukera emateagatik; eskerrik asko Martxeli, dena errazteagatik, eta Garazi eta Gorkari, bidaia ahaztezin egiten laguntzeagatik.
Bidai eta mendi kroniken lehiaketa
Alpeetako arnasestuak, etenak eta puntuak
BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketa martxan da aurten ere. Olatz Mitxelena iazko irabazleak Alpeetako zeharkaldia egin du udan, Mendiak eta Herriak elkarteari esker. Hauxe da haren kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu