Allen, bi jai ereduen lekuko

Gaur hasiko da Donostiako Aste Nagusia, bi jai eredu aurrez aurre direla. Realeko Kopa txapeldunak izango dira protagonista Alderdi Ederreko kanoikadan, batetik; Donostiako lau gaztetxeek botako dute Donostiako Piraten txupinazoa, bestetik. Zortzi egun iraungo du batak, bederatzi besteak.

Urtero bezala, Artillero abestia kantatuz eta kanoikada botata hasiko dute Donostiako Aste Nagusia, Alderdi Ederren; 19:00etan izango da. GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Kanoi hots burrunbartsuarekin hasiko dute gaur arratsaldean Donostiako Aste Nagusia, Alderdi Ederren. Aurten, Kopa irabazi berri duten Realeko jokalariak bihurtuko dira ospakizunaren erdigune, 19:00etan. Hortik ehun metro eskasera, aldiz, jai herrikoien alde lan egiten duten Donostiako Piratak bilduko dira, euren txupinazo propioarekin, 19:30ean: Donostiako lau gaztetxeak aukeratu dituzte horretarako, Añorgakoa, Kijera, Letaman eta Txantxarreka. Gaurtik hurrengo larunbatera izango dira udalaren festak; gaurtik hurrengo igandera, berriz, piratenak, ohi bezala, Irrikitaldiarekin bukatuko baitituzte festak, hilaren 18an.

Su festen nazioarteko jaialdia eta Sagueseko kontzertuak: horiexek dira udalaren egitarauko izarrak. Hutsik egiten ez duten beste hainbat ekitaldi ere badira, ordea: Easo plazako bertso saioak, Igeldoko Harria, esku pilota txapelketa eta Urrezko Aizkora kirol probak; Bizikleta Festa eta waterpolo partidak; eta hainbat dantza talderen emanaldiak: Eskola, Goizaldi, Gero Axular eta Arkaitz, besteak beste. Ondarretako zinema saioak ere antolatu dituzte aste nagusirako: Aupa, Etxebeste! izango da horietako bat. Kontzertu gehiago ere antolatu dituzte, Saguesez harago, Bulebarreko kioskoan, Konstituzio plazan eta Antiguako Gaskonia plazan, besteak beste.

Kortsarioen Donostian, izan pirata leloarekin ospatuko dituzte festak Donostiako Piratek. Woody Allen propioa izan dute, eta haren parodiazko film labur batekin egin dute publiko Matti pertsonaia: aurten, Donostiako lau gaztetxeek gorpuztuko dute, eta haiek botako dute piraten txupinazoa. Horrez gain, badute beste figura bat ere: Ezkila kapitainarena. Piraten muina osatzen duten kofradietako batek egin ohi du, eta, aurten, Intxaurrondo auzoko Traganarruak izango dira.

Piratak, berritasunez blai

Hainbat berritasun izango ditu 17. Aste Nagusi Piratak. Agerikoena jaigunearen eraldaketa izango da. Orain arte, Kaimingaintxo plazan jarri ohi zuten eszenatoki nagusia, txosna handi batekin: huraxe zen Flamenka gunearen bihotza. Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekuaren ondorioz, bi-biak Lasta plazara pasatuko dituzte, orain arte txosna txikia jartzen zuten horretara. Han egingo dituzte kontzertu handienak, gauez, txosna egun osoan irekita egongo den arren. Kaimingaintxo, dena den, ez da hutsik geldituko: kofradien txokoa izango da aurten, eta han egingo dituzte euren egitarauetako beste ekintzak.

Aurtengo beste berritasun bat Kofradien Eguna izango da: hilaren 14an izango da, asteazkenean. Normalean, kofradia bakoitzak bere egitarau propioa osatzen du, hiriko hainbat lekutan egin ere. Hala izaten jarraituko du, baina egun horretan kofradia guztietako piratak Flamenkan bilduko dira: jolasak, bazkaria eta beste egingo dituzte elkarrekin.

Karramarro Uhartea izeneko irratsaioa da aurtengo beste nobedade bat. Egunero orduerdiko saio bat egitea da asmoa: Letaman gaztetxean grabatuko dute, Abordatze Egunean izan ezik; egun horretan kaitik bertatik aritzea da asmoa. Albisteak kontatuko dituzte, egitaraua komentatu, eta elkarrizketak ere egingo dizkiete egunotan Flamenkatik pasatuko diren musikariei. Tribial jokoa ere egingo dute, kofradiekin. Eta hori guztia, umorez.

Gainerakoan, ohiko programazioari eutsiko diote piratek. Aurreko urteetan bezala, hiru musika proposamen izango dituzte gauero: kontzertuak, DJak eta Trinitate plazako afari musikatuak. Kontzertu nagusiei dagokienez, hainbat musika estilotako taldeak izango dira Flamenkan. Abordatzea izaten da piraten ekintzarik jendetsu eta ikusgarriena; astelehenean izango da, ohi bezala. Baltsak muntatu, herri bazkaria egin, eta portua abordatuko dute. Aurten, gainera, baltsa politena sarituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.