ATZEKOZ AURRERA. Miren de Miguel eta Xabi Aburruzaga. Zarambolas eta Farolin

«Alkohola ekitaldi denetan ez edatea aholkatu digute»

Gaur arratsaldean epaituko dituzte Bilbon Farolin eta Zarambolas pertsonaiak. De Miguel eta Aburruzaga dira aurten protagonistak.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Festarako prest eta Bilbori «su emateko» gogoz aurkeztu zituzten Bilboko Aratusteetako pertsonaiak, atzo. Ez zaie arrotza ikuskizunen mundua aurtengo protagonistei: sopranoa, aktorea eta autorea da Miren de Miguel (Bilbo, 1968), eta trikitilaria, Xabi Aburruzaga (Portugalete, Bizkaia, 1978). Datozen egunotan beraiek izango dira Zarambolas eta Farolin, hurrenez hurren.

Gaur arratsaldean epaituko zaituztete. Ez zaizue okurritu ihes egitea?

MIREN DE MIGUEL: Inolaz ere ez. Esaten dutena esaten dutela, gurea defendatu behar dugu.

XABI ABURRUZAGA: Are gehiago, kondenatzea nahi dugu. Hala ere, irainak jasotzeko egokierak beldur pixka bat ematen digu.

Zuen lehenengo epaiketa al da?

M.M: Bai, bai.

X.A: TAOren isun bat ere ez dut jaso oraindik. Baina ez dut baztertzen aratusteetan baten bat jasotzea.

Zertaz akusatzen zaituztete?

M.M: Zarambolas eta Farolinen mailan ote gauden jakin nahi dute.

Eta zein da zuen arrazoibidea?

M.M: Egiten diguten akusazioaren araberakoa izango da. Nik, behintzat, ez dut abokaturik.

X.A: Ezta nik ere. Bueno, badut zuzenbidea ikasten ari den lagun bat. Horrek balio du?

Urteak daramatzazue biok oholtzaz oholtza. Agertokira ateratzeko beldurrik ez duzue izango.

X.A: Ez. Baina nire kasuan trikiti gabe egoteak biluzik banengo bezala sentiarazten nau. Mireni eskarmentu handiagoa nabari zaio. Esan diot trabatuz gero laguntzeko.

M.M: Ederki ari zara eta!

Aratusteetako egunak trikitia jo gabe aguantatuko al dituzu, Xabi?

X.A: Ez dut uste. Tarteren batean trikitia agertuko da, ziur. Sorpresaz izango da, baina.

Ba al zenuten Farolin eta Zarambolasen berri?

M.M: Hasieran, kaiolan sartuta ikusten nituenean, jendilaje hori nondik ateratzen zen galdetzen nuen. Jakin nuenean, interesgarria iruditu zitzaidan Bilboko Aratusteetan pertsonaia propioak izatea.

Zer esan nahi du zuentzat moduren batera egun hauetan bilbotarrak ordezkatzea?

M.M: Ohore bat da, pribilegio bat.

X.A: 35 edizio egin dira, eta mundu guztiak ez du Farolin eta Zarambolasen zerrendan egoteko aukera. Herri honetan dagoen jende bertutetsu eta talentudun guztia ikusita, gugan pentsatu izanak errespetua ere ematen du.

Aurreko edizioetako norbaitekin hitz egin duzue aholkuren bat eskatzeko?

M.M: Guztiaz gozatzeko esan didate, baina batez ere ekitaldi guztietan alkohola ez edatea aholkatu digute. Azkenerako, bestela, edozer esaten hasiko garelako.

X.A: Nik ez dut inor deitu. Baina Farolin izandako Galder Perez eta Mikel Martinezekin harremana dut.

Izaeraz harroputza da Farolin, eta bizizalea, berriz, Zarambolas. Antzik badute Xabi eta Mirenekin?

M.M: Niri, bilbotar petoa izanik, ez zait batere kostatuko rolean sartzea.

X.A: Ni pixka bat bilbotarra ere banaiz, baina ahoberokeriak botatzera iristeraino ez dut uste. Xabi Farolin baino zintzoagoa da.

Portugaleteko bilbotar bat. Nolatan da hori posible?

X.A: Portugalete beti izango da nire herria. Baina lotura handia dut Bilborekin, eta arrazoi nagusia Aste Nagusia da. Urtero, Aste Nagusiko ostegunean txupinerekin kalerik kale trikitiagaz ibiltzea oso berezia da niretzat.

Nola deskribatuko zenituzkete Bilboko Aratusteak?

M.M: Ez dute Brasilgoen antz handirik, egia esan. Ez gaituzte jantziek hainbeste arduratzen; kontua ez da noren mozorroa den dotoreena. Edozer jantzita bada ere, kalera atera eta gozatzea izaten da helburua.

X.A: Tradizioa hedatuz doa. Agian,Bilboko Aratusteak ez dira beste toki batzuetakoak bezain ezagunak, baina, konpartsei esker, gero eta indar handiagoa hartzen aridira.

Zein izaten da zuen plana aratusteetan?

M.M: Bilbon ospatu ziren lehen aratusteetan, jaitsieran parte hartu nuen. Mozorrotzea betidanik nire baitan egon den zerbait da. Plazer bat da mozorroa bilatu, prestatu, eta itxuraldatzea.

X.A: Nire kasuan, berriz, amak beti kontatu izan dit umea nintzenean ez zitzaidala mozorrotzea batere gustatzen; negarrez hasten nintzen.

Eta bizitza etengabeko aratustea balitz?

M.M: Irribarrez eta malkoz beteriko aratustea izango litzateke.

X.A: Zoritxarrez, egun, aldi oso serioak bizi izan behar izaten ditugu. Baina hala balitz, nekatu ere egingo ginateke dena ona izateaz. Horregatik, urtean behin izatea ondo dago, egun horietan gogoz hartu eta barrenak husteko, eta, gero, urte osoa dugu normal bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.