Maitane Larrauri. Lekeitioko alkatea

«Alkatea izanda ere, parrandarako tartea badago»

2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bihar hasiko dira Lekeitioko jaiak. Maitane Larraurik bigarren urtea du alkatetzan, eta, egunotan, sanantolinak antolatzeko lanean ari da buru-belarri.

Jaiak hastera doaz. Dena prest al dago?

Egin beharrekoak egin ditugu, eta dena prest dago. Animoak berotuz doazela sumatzen da.

Krisi ekonomikoaren eragina leku guztietara heldu da. Asko murriztu behar izan al duzue jaietako aurrekontua?

Ez. Egia esan, horretan ahalegindu gara, eta apenas murriztu dugun. Jendearen parte hartzearen bitartez gauza gehiago antolatu ditugu, eta ekitaldiak beste modu batera egiten saiatu gara.

Hortaz, parte hartzeari dagokionez, herritarren erantzuna ona izan da, ezta?

Bai, Lekeitioko jaiak oso parte hartzaileak dira: herriak berak antolatzen ditu jai batzordearen bitartez, eta, alde horretatik, zorte handia daukagu. Ekintza guztietan parte hartze handia egoten da, baita egitaraua antolatzeko orduan ere.

Lekeitioko jaiek eta, batez ere, Antzara Egunak, turista askoerakartzen dituzte urtero. Aurtenbisitari kopuruari eustea espero duzue?

Jaiak irailaren 1etik 8ra izaten dira beti, eta urtero asteko egun ezberdinetan izaten dira egun handiak. Aurten bi asteburu hartzen dituzte, eta Antzara Eguna aste barruan egokitu zaigu. Ondorioz, pentsatzen dugu aurreko urtean baino jende gutxiago egongo dela Antzara Egunean, baina, adibidez, hilaren 1a eta 8a indartsuagoak izango direla. Beharbada, gehiago banatuko da jendea, baina, jaiak oro har hartuta, antzeko kopuruan ibiliko gara.

Alkate gisa bigarren jaiak dira zuretzat aurtengoak. Erantzukizunak parrandarako tarterik uzten al du?

Tartea beti dago; norberak topatu behar du. Egia da beste modu batera bizitzen direla jaiak eta, nahitaez, alkate izanda beste eginkizun batzuk izaten direla. Hala ere, beti gelditzen da tarteren bat parrandarako. Nahi duenarentzat badago.

Halabeharrez, bi urtetik hona jaiak bizi eta ospatzeko modua aldatu egingo zen zuretzat.

Bai, erakundeen ikuspegitik jaiak desberdinak izaten dira, eta beste gauza batzuk ikusten dira. Horien artean, zenbateko lana egiten den jaietan eta zenbat jendek parte hartzen duen jaiak ondo irten daitezen.

Jaiak antolatzeko orduan zerk ematen dulan gehien?

Dena koordinatzeak. Azken batean, jende pilo batek parte hartzen du jaietan. Lehen esan dudan moduan, oso jai herrikoiak dira.

Eta alkateak jaietako zein ekitaldi du gustukoen?

Jaitsiera, jaien hasiera, oso polita izaten da, baina antzaren jokoa bera eta koittadua edo azken eguna ere oso bereziak dira. Ez nuke jakingo une jakin bat besteen gainetik jartzen. Irailaren 3an, Gazte Egunean, herri bazkaria egiten da, eta hori ere asko gustatzen zait. Egun guztiek dute zerbait.

Antzara Egunean plastikozko antzarrak jartzearen aldekoa zara?

Nik uste dut herritarrek hartu beharreko erabakia dela. Aurrerantzean, gutxika aldatuz joango gara, baina denbora tarte bat behar dugu. Denon artean egingo dugun gauza bat izango da.

Bukatzeko, zer espero duzu eta zer ez duzu espero jaiez?

Denok ondo pasatzea eta giro alaia eta osasuntsua egotea nahiko nuke. Istilurik ez egotea espero dut, eta, zehazki, emakumeen aurkako erasorik ez egotea. Hori da ez dudana espero eta ez dudana nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.