...
Ligiraino heldu zara, beraz. Ez da zure etxe ondoan! Zenbat kilometro badira zure etxetik honaino?... Behar zenuen nire urtebetetze egunean Baionara etorri, hazilaren 17an! Egun hartan mintzatu ginen azkenekoz, Josebak [Sarrionandia] ez zuela etortzerik esan zenidan, eta zu ere ez zinela etorriko. Gure azken mintzaldia izan zen, bizien munduan.
Buruak ez dizu huts egiten, horratik!
Azken ordura arte argi izan nuen gogoa. Besterik da gorputza, ez baininduen lagundu, baina laurogeita hamar urtetan gorputza ontsa duen inor ez dut bizian ezagutu... Eta, zer berri da bizien artean?... Jakin dut Miranderi buruzko filma [Mirande, film bat egiteko zirriborroa] egin zuela Josu Martinezek. Ikusia dut itzalaz beste alde honetan. Ez da gaizki egina. Egiazko Mirande ageri du, bederen, ez du hura sobera goratzen, ez apaltzen ere. Filma egina da, eta horrek balio du.
Film hori dela-eta, bertan ageri zara. Nola ikusi duzu zeure burua?
Xahartua! Kar, kar… Zer nahi duzu, bada?! Adinak ez du barkatzen. Baina atsegin ukan dut, zeren film horrek balio izan du, besteak beste, Miranderen poema bat berreskuratzeko! Mirandek nire iloba Frantzeskari igorritakoa, nire anaia Roberten alabari. Martinez ni filmatzen ari zela, telefonoak jo zuen, eta hartu nuen, ilobarena baitzen deia. Esan nion elkarrizketa batean nintzela, film bat grabatzen ari Mirandez. Orduan, Frantzeskak esan zidan bazuela poema bat, bera sortu zenean [1957, irailak 30] Mirandek idatzia. Eta gordetzen zuen oraindik!
«Franciscae Peillenicae Laudes». Goizeko errezo edo otoitza…
Agur zuri, Frantzeska,
Kelt’ et’ euskaldun neska,
Lili-haur eder freska
Loratu berririkan,
Bizia zuretako
izan bedi gisako:
Bihotz-minik bagako
Plazerez betherikan.
Jendeak miraturik
So zaizkitzu, zurturik,
Bait dituzu harturik
Primantzaz onak oro:
Ama bezain grazios,
Aita bezain prezios,
Ez batere vizios…
Zer behar da haboro?
Zu baino, izar maite,
Charmantago, nor laite?
Hargatik izan zaite
Ongi-jin Lur honetan;
Hargatik urthez asko,
Usain onezko flasko,
Thesaur bretoin ‘ta basko,
Argi ‘zazu guretan.
Ez dago zurekin hitz egiterik, tartean Jon Mirande sartu gabe…
Eta zer nahi duzu, bada! Bizien artean azkena izan nintzen hura ezagutu zuena! Miranderen ilobak hor dira beti, baina gaztetxo ziren. Hala ere, familiatik kanpo, ez da beste inor. Piarres Lafitte, Jean Haritxelar, Piarres Xarriton… hilak dira denak. Nire anaia Robert ere hor da beti, ezagutu zuen Mirande, denbora batean, gu bi anaiok elkarrekin izaten baikinen Miranderen etxean. Baina Robert laster berezi zen gugandik, zeren Mirandek izutzen baitzuen. Ni ez ninduen izutzen, saiatzen nintzen beti gauzen eztitzen, baina ez zen aise. Egun batean, haustura izan genuen Mirandek eta biok.
Zein izan zenuen harekin hausteko arrazoia?
Artikulu bat egin nuen, eta eskuin muturreko bretoi aldizkari batean eman zuen Mirandek. Hura ikusi nuelarik, jabetu nintzen kapitulu bat kendu zuela. Kultura politikak Europan aipatzen nituen, eta Hitlerren kontra mintzatu nitzen. A!, gaixo Hitler! Miranderen ustetan gizon hura ez zen ukitu behar! Eta bada beste gertakari bat Miranderekin moztera behartu ninduena. Egun batez, esan zidan behar zuela bretoi, flandriar eta zenbait gutxiengorekin talde bat sortu, gure hizkuntzen alde. Bazen bilkura bat, eta Miranderekin joan nintzen hara. Atea ireki zutenean, «Heil Hitler!» izan zen agurra! «Non sartu nau honek, ordea?!». Eta erabaki nuen ez nuela gehiago harremanik ukanen Miranderekin. Bizpalau urte egon ginen elkar ikusi gabe.
«Artikulu bat egin nuen, eta eskuin muturreko bretoi aldizkari batean eman zuen Mirandek. Hura ikusi nuelarik, jabetu nintzen kapitulu bat kendu zuela».
Bego Jon Mirande bakean. Mintza zakizkigu zeure buruaz, arrisku gorria baitago Mirandez betetzeko orrialde guztiok. Parisen jaio euskalduna zu, zerk eraman zituen zuen gurasoak Zuberoatik Parisera?
Ez zen bizia egiteko beste modurik! Gure aita zen Joanes Peillen, Ligiko Dordorraga etxekoa. Sei haurride ziren: batek etxean behar zuen, eta etxetik kanpora besteek. Nagusia zen gure aita, anaia gehiena, eta haurride zaharrena zen etxean gelditzen. Aitaitak hitz eman zion gure aitari, etxeko izanen zela. Bitartean, gure aita osaba baten etxaldean ibili zen lanean, eta lanean ikasten. Itzuli zenean, bere aitak erran zion arreba ezkonduko zela etxera! Hala ere, gure aita Zuberoan gelditzen ahal zen, Maulen fabrikak baitziren, baina haietan lan egitea desohore zen. Izeba Ana Bentaberrikoak kontatzen zuen: «Mauleko fabriketan gizonak komunista dituzu, eta neskak puta!».
Ba ote?
Bai. Fabrikako lana ez zen ongi ikusia! [Jon] Miranderen lehengusina batekin nintzen egun batean, hori kontatu, eta esan zidan: «Niri gertatu zait hori. Fabrikan sartu nintzelarik, jendeek puta bezala ikusten ninduten!». Eta, bestalde, bazen Parisera joateko fama ere! Behar zen hara joan, familia burges zintzo batera neskame edo mutil! Gure aita udaltzain izan zen. Gauetan estudiatu, eta ikasi zuen irakurtzen eta idazten, eta sartu ahal izan zen udaltzain gisako, beste hainbat euskaldun bezala.
Ama zenuten Larraine Bentaberriko alaba. Igela aldizkarian baziren zenbait bertso Bentaberrin bilduak…
Bi kantore, Bentaberriko kaieretan ediren genituenak: «Eskiulako soldaduaren khantoriak», eta «Igaran Sen Bladis».«Igaran Sen Bladis Ospitaleseki / Hirur sos baizik e'nian ordian eneki / Berriz ere agi banendi halako butillerekin / Beiria bethe gabetarik nik bertan besoa goiti...». Gure ama zen Maddalen Karrikaburu. Bederatzi urtetan atera zuten eskolatik, eta etxean izan zen, hamasei urtetan lehengusina baten etxera Bordelera joan zen arte, lanean ikastera. Handik bi urtera, 1911n, Parisen zen, beti lanean. Ama beti lanean! Eskuin eta ezker ibili zen sukaldari, Eliseo zelaietako Claridge hotelean sartu zen arte. Han, arroparen ardura izan zuen. Hara baino lehen, beti sukalkintzan ibili zen. Sukaldari ona zen! Behar nuen beragandik ikasi, baina ez nuen egin!
«Gure ama zen Maddalen Karrikaburu. Bederatzi urtetan atera zuten eskolatik, eta etxean izan zen, hamasei urtetan lehengusina baten etxera Bordelera joan zen arte, lanean ikastera».
Han ezagutu zuten elkar zuen gurasoek, eta 1932an ekarri zintuzten mundura, Montmartren.
Bai, eta orain auzo noblea duzu, baina orduan ez zen horrela. Gainera, gu auzoko mugan bizi ginen, ez Montmartre zaharrean, Pigalle beherean baizik, Joseph de Maistre karrikan, bosgarren zenbakian. Han bizi izan ginen Bigarren Mundu Gerla arte, orduan Ligira etorri baikinen, eta iragan genituen hiru urte hemen, Zuberoan, 1942 arte. Eta hemen ibili ginen eskolan ere, baina nik ez nekien euskaraz mintzatzen! Ulertzen nuen, baina besterik ez. Nire anaia Robertek bai, bazekien. Haur bakarra izan zelarik, euskaraz hitz egin zioten, eta Parisen ere. Ni etorri nintzenean, aldiz, gure gurasoek pentsatu zuten hobe nuela frantsesez ikasi, eskolara joateko-eta.
Hori ez da albiste...
Beti izan da horrelako diglosia bat, gure artean! Hastean, ama euskaraz mintzatzen zitzaidan, eta euskaraz erantzuten nion nik, baina berak frantsesera jotzen zuen berehala! Komeriak baziren! Eta euskara galdu nuen, euskara ez nuela hitz egiten izan nintzen hamalau urte arte. Ulertu bai, baina hitz egin ez. Ezin. Berdin gertatu zen Miranderen etxean: gurasoak euskaraz ari zirela entzuten zuen, baina frantsesez zuzentzen zitzaizkion berari… Nire kasuan, euskara errekuperatu behar nuela erabaki nuenean, arratsetan, nire gelara joateko ordez, salara joaten nintzen, han izaten baitziren gurasoak, eguneko gauzak kontatzen, beti euskaraz! Eta ni ere han, euskaraz entzuten, eta ikasten.
Gerla garai gogorra XX. mendea. Lehen Mundu Gerlan izan zenituzten aita-osabak. Bigarren Gerla ere ezagutu zenuten. Hurrena, Aljeriakoan izan zinen zu...
Aitak Turkian egin zuen soldadutza. Herrialde hura alemanen alde zen 1914ko Gerla Handian, eta turkiar soldaduek armeniarrak sarraskitzen zituztela ikusi zuen. Ezker eta eskuin, armeniar hilak ikusi zituela kontatzen zuen, eta hilen artean bazirela haurrak, emakumeak eta zaharrak. Kontatzen zuen salbatu ziren batzuk Frantziara igorri zituztela. Handik etorri eta, 1928an, Karlomagno pastorala egin zelarik, aita türk errege ezarri zuten. «Hik badakikek nola diren jende horiek! Haiek bezala egin behar duk!», erran zioten.
Bigarren Mundu Gerla garaia…
Aita bere arma eta guzti joan zen erresistentziarekin, zeren Pariseko polizia erresistentziara iragan zen, kasik osoki, eta armak eman zizkieten. Gerlarekin, behin, hamabost egunez aita batere ikusi gabe egon nintzen. Gero, etxera etorri zelarik, Mauser fusila zuen eskuetan! Gero, berriz joan zen! Oroitzen naiz ere, hamahiru urtetan, osaba Allande Parisera itzuli zela, Alemanian preso egon ondoren. Hark galdegin zion gure amari zergatik ez nintzen euskaraz mintzatzen. Pariseko bi osabekin hasi nintzen euskararen arrarotasunaz ohartzen. Haiek, eta izeba Ana Bentaberrikoak, eta lehengusuek, lagundu ninduten euskaradun izaten.
Hurrena, zeure aldi: soldadu izan zinen Aljeriako gerlan.
1954ko hazilean eraman ninduten. Biologia ikasketak egiten ari nintzen, kontzientziak inor hiltzea eragozten zidan, eta objekzioa egitea pentsatu nuen. Elizagarai zalgiztar komandantearen ikustera joan nintzen, gerra ministerioan euskaldun bat ezagutzen bainuen. Elizagaraik esan zidan, nahiz ez zen ofizialki Aljerian gerratea, objekzioa eskatzen banuen preso sartuko nindutela eta, beharbada, bortxaz hara igorriko. Armadako osasun zerbitzuan sartzeko kontseilatu ninduen. Horrela, intendentzian zebiltzan soldadu askoren gisara, ez nuen balizko etsaien tirokatzeko beharrik izan. Aljeriar zibilak sendatzen iragan nuen hango denbora gehiena, erizain.
Lau urte egin zenituen han, eta izugarrikeria franko ikusi ere bai.
Hasieran mediku militarra nuen nagusi, baina hark paperak betetzen iragaten zuen denbora. Niri utzi zidan musulman zibilen ardura, nahiz ez nintzen mediku. Ume eriak salbatu genituen, hainbat. 1960ko hazila arte izan nintzen Aljerian, batailoi ttipi batean, eta hemezortzi hilabetean gure taldeko 29 soldadu izan ziren hilak. Gazte ginen denok, bortxaz hara eramanak. Nire gerrate hura bitxia izan da, hala ere, ez baitut inor tirokatu. Saiatu naiz jendeen sendatzen. Badakit anitz gogoz kontra borrokatu zirela, alferrik.
«Elizagaraik esan zidan, nahiz ez zen ofizialki Aljerian gerratea, objekzioa eskatzen banuen preso sartuko nindutela eta, beharbada, bortxaz hara igorriko».
Zer esan nahi duzu, «alferrik»?
Ontsa bagenekien bankuek eta industria-jendeek Aljeria utzia zutela, zango-beltz aberatsek beren ondasunak Frantzian zituztela aizolbean, eta, amerikarrak eta errusiarrak FLNren alde izanki, “Frantzia handiak” burua makurtu beharko zuela. Baiki, Aljerian egin nintzen Gandhiren zale eta indarkeriaren etsai. Afganistango gerlan, zenbait frantses soldadu hil ziren, eta istilu handiak sortu ziren horregatik. Ez, hala ere, Aljerian hildakoengatik, prentsak ez baitzituen aipatzen ere!
Orain ere bada aski gerla munduko bazterretan. Beharbada, hobe genukeen Mirandez hizketan segitu izan bagenu.
Beharbada! Etorri berriz ere, nahi duzunean, mintzatu gara nahi duzunaz. Ez naiz hemendik mugitzekotan. Ligin izango nauzu, zain. Eta esan Josebari [Sarrionandia] ere etortzeko. Gaztetan ezagutu nuen, eta beti badut orduko argazki bat ere! Orain beti ari da esaten zorretan dela nirekin, kartzelatik ihesi, zenbait astez gure etxea utzi niolako Baionan. Emaztea eta biok Santa Garazin ginen, eta Baionara joan behar genuela esaten zidanean, nik ezetz esaten nion, nire lanak bukatu behar nituela lehenik. Ez nion emazteari esan Baionako etxean espetxetik ihes egindako mutila genuela gordeta! Kar, kar… Eta holaxe!
1
Aljerian ikusiak
«Zaharra naiz. Frantsesek ez dakite denbora galtzen dutela eta, hala, nahiz galarazten diedala. Ez zaizkit axola bizitzea, hiltzea: etsaiek tortura nazakete, ez dut aitortuko. Gainera, zer dakit? Egiten nauten artean ez dituzte gazteagoak egiten, eta gazteagoek aitor dezakete. Goiza gela hutsean joan zait. Biluzik jarri naute, barrabiletan jo. Gero, elektra-hari bat ahoan, bestea koskoiletan. Beste lagunetan zer salto itsusia egiten dugun erakutsi didate. Elektrika-indarra gorputza gaindi kurritzen denean, hiltzen den ardia bezala zapartatzen gara. Lehen aldian buruan min izugarria eman dit, eta giharretan oinazea. Zaila naiz, eta O.R. [Officier de Renseignements] galdeketariak ez daki beren “jejen”-ari [gégéne, generadore] ohitzen, egiten, naizela. Alferretan goiza joan zaie. Larruzko gerrikoarekin jo naute. Nire larru zimurtuari zer? Lotuta nagoenean eta aurpegira ematen didatenean gehienik min».
(«Otsoak gara» ipuin zatia, Aldjezairia askatuta liburuan).