Atearen ostean, Mañariako 13 alabak dokumentala estreinatu du azaroan Julen Orbegozok (Durango, Bizkaia, 1982). Kazetaritza gaiak ikertzen ditu EHUn.
Nola hartu behar da Espainiako Gobernuak albiste faltsuen aurka prestatu duen plana?
Ona da gobernu jakin batek gai horren inguruan gardentasunez jokatzea, baina, gardentasuna alde batera utzita, ez da parte hartzeko tarterik izan. Hori indartsu sala daiteke: noren ekarpenekin erredaktatu dute araua? Nork idatzi du? Zer oinarri zientifiko ditu aipatzen diren inkesta eta Europar Batzordeko gomendioez gain? Hori faltan sumatzen da: adostasuna arauaren inguruan. Hainbatetan, «kogobernantzaren» kontzeptua errepikatzen duten gobernuek «kogobernantza» hori zentzu murriztailean erabiltzen dute: gobernuak gobernuekin; baina ez herritarrekin, gizarteko eragileekin eta abarrekin batera gobernatzea. Horrez gain, ez da herritarren eskubide demokratiko gisa enkuadratzen; segurtasun nazionalaren markoari egiten diote erreferentzia. Hala ere, puntu ilun batzuk badituen arren, baliabide egokia izan daiteke baldin eta norabide egokian jartzen bada eta hobekuntzak egiten badizkiote. Zentsurarako baino gehiago, adostasun zabala duten gaien inguruan (osasuna, hezkuntza, berdintasuna...) sor daitezkeen intoxikazio kanpainak kontrolatzeko baliabidea izan daiteke.
Iragarri dutenez, alarma goiztiarren sistema bat jarriko dute martxan. Nola egingo dute?
Dagoeneko sareak etenik gabe monitorizatzen dituzte enpresa jakinen bitartez. Ez dakit CNI-k [Espainiako zerbitzu sekretuak] arlo berezituren bat izango duen horretarako, baina sare sozialak eta Interneten argitaratzen dena kontrolpean dute. Gero, algoritmoen bitartez jokabide patroiak zehazten dira. Albiste faltsuek jokabide patroi jakin bat partekatzen dute, eta software batek hori identifikatzen duen bakoitzean, alarma piztuko da. Esaterako, fake news-ak azkar hedatzen dira komunitate jakin batzuetan. Halako aldagaiak algoritmoen kutxa informatikoan sartuta, alarma goiztiarrak salto egiten du. Alarma goiztiarra metodo konputazionalen bitartez egiten dute. Gero, gizakia sartzen da benetako albiste faltsu baten aurrean gauden ala ez erabakitzera. Baina zalantza sor daiteke: algoritmoek alarma goiztiarra piztu dute albiste faltsu baten aurrean gaudelako? Desinformazio bat hedatzen ari delako? Edo ustez statu quo-a apurtzea bilatzen duen eduki baten aurrean gaudelako? Norbaitek esan dezake zientzia edo arlo teknikoa dagoela hor. Baina ez, algoritmoak gizakiek egiten dituzte: partzialak eta subjektiboak dira. Eta alor horretan ere ez da egon gardentasunik eta parte hartzerik.
Zer arrisku ekar ditzake horrelako sistema batek adierazpen askatasunaren ikuspegitik?
Oraingoz, adierazpen askatasunetik baino gehiago jendearen pribatutasunaren ikuspegitik etor daiteke arazoa. Adierazpen askatasuna ez du mugatzen, berez, prozedura horrek: jendeak jarraituko du nahi duena esaten. Kontua da are gehiago sofistikatuko dela gobernuaren makineria propagandistikoaren prozedura. Alegia, nahi duten adierazpena edo iritzia gailentzeko tresna gehiago eta hobeak izatea da asmoa. Historian, gobernuek beti izan dute nahia jendartean zirkulatzen duten errelatoak kontrolpean izateko. Kontrolatu izan ez dituztenean, arazoak sortu izan zaizkie. Azken adibidea Interneten eta sare sozialen garai goiztiarrean gertatu zen: orduan, botereak eta establishment-ak sortutako errelatoei kontrabotere bat sortu zitzaien Udaberri Arabiarra, Occupy Wall Street, 15-M edo horien antzeko fenomenoekin. Baina fase hori ez ote dagoen gaindituta —orain, #Metoo eta #Lamanada bezalako aktibismoak agertu dira—. Alegia, lehen, sistemaren aurkako mugimenduak ziren, botere instituzionalaren eta ordezkari politikoen aurkakoak. Orain, joera hori lausotu da. Azken adibidea: Greta Thunbergen itzalpean iaz hasi zen mugimendua. Hipotesi bat izan daiteke erakunde publiko eta gobernuek jada sare sozial eta web 2.0-aren logika ulertu dutela eta joko zelai horretan jokatzen hasi direla.
AEBetako bozen astean, Twitterrek oharretan aipatu zuen Donald Trumpen txioak ez zirela egia. Hori aurrerapausotzat jo daiteke? Nork kontrolatzen du nor?
Nork kontrolatzen du Twitter? Zer da Twitter? Ikuspegi aurrerakoia duen enpresa pribatu bat?Oso arriskutsua da Twitterri edo Facebooki informazioaren gaineko hezkuntza eta eskubideak uztea. Interes ekonomikoak dituzten enpresa pribatuak dira. Askoz eraginkorragoa da jendarte batek adostasun zabalez oinarriak zehaztea informazioaren eta komunikazioaren inguruan, eta, gero, herritar kritikoak sortu eta hezkuntzaren bitartez jendeari baliabideak ematea.
Julen Orbegozo. EHUko ikerlaria
«Algoritmoak subjektiboak eta partzialak dira»
Espainiako Gobernuak prozedura bat onartu du albiste faltsuei aurre egiteko. Orbegozok adostasun eta parte hartze falta kritikatu du. «Baina baliabide egokia izan daiteke», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu