Udako musika taldeak (IV)

Algara pizteko hauspoa

Trikitiaren berrikuspen bati esker ezagutu zuen ospea Orioko Gozategi musika taldeak. Uda honetan buru-belarri jardungo dute zuzenekoetan, iazko erritmo berberean.

David Gorospe, Iñigo Goikoetxea, Asier Gozategi eta Imanol Goikoetxea Gozategi taldeko kideak. DI-DA KOMUNIKAZIOA.
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Trikitia laztanduz ailegatu zen musika industriaren atarira Orioko (Gipuzkoa) gazte kuadrilla hori. Urte erabakigarria izan zen 1991 hura, eta, unean bertan sumatu ez bazuten ere, orduan hartutako arriskuak ordainsaria lortu zuen. Eta uste baino goizago, gainera. Lau urte geroago behin betiko izena jarri zioten taldeari, eta lehen diskoa plazaratu zuten. Bi hamarkaden ostean, Gozategi laukoteak plazaz plaza dihardu, herriko festei nortasuna ematen eta erromeria kulturari bere apurra gehituz.

Atzera begiratuz gero, zorteduntzat jotzen du bere burua Asier Gozategi taldeko ahots eta trikitiak, eta geroari esker onez ekiten dio. «Zorte onekoak izan gara, oro har», dio, «urteak igaro arren, jendeak gure alboan jarraitzen duelako». Urrun daude, baina, hilabeteko 30 zuzenekotik gora eskaintzen zituzten garaiak. Azken denboraldietan Gozategik hogei zuzeneko inguru ematen ditu urtean. Krisiak kalte txikia eragin badie ere, hainbat kontratazio egiterako garaian sumatu egin dutela aitortu dute: «Interes bizia adierazi duten kontratatzaileak izan ditugu, baina atzera bota behar izan dute egoera dela-eta».

Garaiak aldatu egin dira, baina denbora igaro ahala «gertakari bitxi» batez ohartuz joan da taldea. Gozategi helduz joan bada ere, ikusleek kontzertuak eskaintzen hasi zireneko adin berbera dute oraindk ere. Gazte eta nerabeak erakartzea pozgarria dela dioten arren, jakin badakite «betiko zaleak» jende artean dihardutela. «Ikusle asko hazten ikusi ditugula esan dezakegu», dio Gozategik algara artean.

Naturaltasuna, sekretua

Hala, erromeri giroko beste hainbesteri gertatzen zaien bezala, adin, jatorri eta ezaugarri anitzeko jendea biltzen da Gozategiren zuzenekoetara. Dena den, orduak eragin nabarmena izan ohi duela nabarmendu dute, iluntzeko hamaiketan adin guztietako ikusleak joaten dira, baina goizeko ordu txikitan gazteak izan ohi direlako nagusi. Aukeran, Asier Gozategik argi du: «Gero eta jende askotarikogoa bildu, hobe».

Ia hogei urte, sei disko (2010ean argitaratu zuten azkena, Bizi-bizirik) eta ehunka zuzenekoen ondorena dira Gozategik asteotan emango dituen kontzertu jendetsuak. 1990eko hamarkadako trikitiaren berrikuspen bat egin ostean egin ziren ezagun, eta, urteak igaro badira ere, oraindik harriduraz gogoratzen dituzte garai horiek. «Trikitia entzuten ez zen tokietara iritsi ziren gure abestiak, hala nola Los 40 Principales gisako irratietara», dio Asier Gozategik.

Zuzenekoei esker are ezagunagoak bilakatu ziren berehala, eta arrakastaren gakoa naturaltasuna dela uste du taldeko ahotsak, hori baita «ikusleek gehien eskertzen dutena». «Oholtza gainean garenak gara gu», dio Gozategik, «eta ez dugu sekula deus antzeztu». Horrez gain, emanaldien prestaketa nabarmendu du, «berebiziko garrantzia» baitu nondik norakoak ahalik eta hobekien lantzea.

Lan hori uda sasoiari ekin aurretik hasten da, eta udaberrirako zuzenekoen itxura, abestien zerrenda eta bestelako erabakiak adosten hasten da laukotea. «Nahiko prestatuta uzten dugu dena. Iraganean, dezente inprobisatzen bagenuen; baina, orain, ez da hala izaten», azaldu du. Dena den, prest egoteak ez du nahi esan lasai egoten direnik, eta Asier Gozategi berak aitortu du tokiaren eta jende kopuruaren arabera hankek dar-dar egiten diotela, «dena ongi atera behar duelako». «Kontzertua amaitzean, ordea, jendea agurtzera etortzen zaigu, eta oso atseginak izan ohi dira une horiek, nahiz eta leher eginda egon», dio.

Halako bizipenei esker merezi omen du musikari izatea. Hori berretsi du, behintzat, Gozategik. Dena den, taldekideek esan dute ikuslegoa erabat aldatzen dela lurraldez lurralde, eskualdez eskualde eta herriz herri. Gipuzkoan eta Nafarroan, esaterako, plazetan herri giroa handiagoa izan ohi da, taldearen arabera, «nahiz eta emanaldiak herri handietan izan». Aldiz, Bizkaian eta Araban Euskal Herritik kanpoko jende gehiago hurbiltzen dela nabarmendu dute.

Baina plaza guztien gainetik, bada jotzea bereziki gustuko duten bi herri: Orion (taldearen sorlekuan) eta Urdainen (bi taldekideen herrian). Halaxe adierazi du Gozategik: «Etxean jotzeak zapore berezi bat ematen die zuzenekoei, zalantza izpirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.