Alfonso Etxegarairen etxerako itzulerari buruzko lana, Filminen

'Caminho longe' dokumentala ordainpeko plataforman jarri dute, aretoetako bidea egin ondoren

Alfonso Etxegarai deportatua, Caminho longe dokumentalean. ADABAKI EKOIZPENAK.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Alfonso Etxegarai ETAko militante izandakoak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, hamarkadak eman ondoren Afrikako Sao Tome eta Principe uharte-estatuan erbesteratuta, Frantziak eta Espainiak deportatu egin baitzuten 1986an. Kristiane Etxaluz bikotekidearekin egingo du bidaia. Hori da Caminho longe dokumentalaren muina — Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarren denbora zuzendu zuten protagonista berekin, hamar urte lehenago—. Film berria Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2020an, eta, iaz zinema areto komertzialetan eta herriz herriko proiekzioetan bidea egin ostean, Filmin ordainpeko plataformara iritsi da.

Filmin Hego Euskal Herrian ikus daiteke, baina ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Euskarazko 60 lan baino gehiago daude haren katalogoan.

Hibai Castro Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeko kide eta dokumentalaren ekoizleak nabarmendu du dokumentalak lau aste iraun zituela Donostiako zinema aretoetan. «Herrietako emanaldiak ere oso ondo joan ziren». Orain arte, 6.000 herritarrek baino gehiagok ikusi dute. Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc jaialdian ere proiektatu zuten.

«Filmin plataformarekin, espero dugu ikus-entzule kopurua biderkatzea, jende gehiagorengana iristea. Izan ere, bozgorailurik ez duten proiektuek aukera dute Filminen bidez gehiago zabaltzeko».

Finantzaketa kolektiboak garrantzi nabarmena izan zuen proiektua aurrera eramateko orduan. Horrek ekarri zien herrietako makina bat proiekzio antolatzea. «Dokumentala jendearengana iritsi da sentimendu aldetik. Beste inon kontatzen ez diren kontuak daude hor».

Izan ere, militante baten itzulera kontatzen da dokumentalean, modu intimoan. 33 urteren ostean, Euskal Herrira itzuliko da. Etxegaraik eta Etxaluzek zer solasaldi dituzten, hegaldia hartu aurrekoak nola bizi dituzten, eta itzulera bera nola den ageri dira Caminho longe-n. Bestalde, Sagarren denbora aurreko dokumentala doan ikus daiteke sarean.

'Germinal' telesaila

Caminho longe dokumentalaz gain, Filmin plataformak beste zenbait eduki interesgarri estreinatuko ditu datozen egunetan. Besteak beste, Frantziako Germinal telesaila jarriko dute katalogoan datorren asteartean. Emile Zolaren 1885eko izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Frantziako iparraldeko meatzari batzuen grebaren ingurukoak kontatzen ditu. 1860ko hamarkadan girotuta dago. Langileen borroka, elkartasuna eta pasioa islatzen ditu telesailak, eleberriak egiten zuen moduan.

Julien Liliti da sei ataleko telesail horren gidoilaria, eta David Hourregue da zuzendaria (Skam-en sortzailea). Lilleko Series Mania nazioarteko jaialdian, publikoaren saria jaso zuen. Frantziako hedabide espezializatuetan kritika oso onak jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.