Tonban ehortzirik (eta VI). Yon Etxaide Itharte

«Alfer-alferrikakoa da foruei eta Sabino Aranari loturik jarraitzea»

Bizian ez ohi zuen elkarrizketarik ukatu, nahiz ezezkoren baten berririk baden. Galderak idatziz helarazteko eskatu ohi zuen, idatziz erantzuteko berak ere. «Bat-batean erantzunak zuzen emateko gai ez bainaiz», zioen.

Yon Etxaideren tonba, Donostiako Polloe hilerrian. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Polloe hilerria, Donostia
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun

Orain, mundu honekikoak aspaldi eginik tonban datzalarik, behaztoparik gabe jardun du itzaletik, bere buruaz bezainbat Jon Mirande adiskide minaz.

Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Jon Mirandek ekarri nau zugana. Sineste ezberdinekoak zineten, guztiz, eta, hala ere, adiskide handi ageri zarete…

Bai, zinez adiskide handi, egiazko adiskide. Gizon ona zen Jon, bihotz onekoa, apala, inori kalte egiteko gai ez eta, aldiz, hurkoari laguntzeko prest beti, ordainetan ezer espero ez zuela. Ez zen kristau, baina kristau askok lotsagorritu beharko zuketen haren aitzinean. Izugarri zor nion Joni, Etxahun Barkoxeren gainean egindako lanean oparo lagundu zidan, eskuzabal. Nire maisu izan zen, nahi nuke euskaldun guztiek jakin dezaten hori. Adiskide, maisu eta, hein batean, baita anaia ere: nik bezala, krisialdi latzak izaten zituen. Oso depresiboak ginen biok. Jonek gogotik sufritu zuen mundu honetan. Jainkoak dezala bere lorian haren arima, eternitate guztiko.

Bere buruaz beste egin zuen.

Horren berri inork ez daki. Txomin Peillenek jakinarazi zidan Jon hil zela, 1973ko urtarrilaren 25ean Parisetik idatzi zidan gutun bidez: «Jon Mirande Aiphasorho gure aspaldiko adiskide minaren bihotz ona eta buru kezkatiak gelditu dira. Abenduaren 28an hil da, sortu zen hirian, Parisen». Eta, berandu gabe, gazte jendeak horixe zabaldu zuen, Jonek bere burua hil zuela, eta, are, gauza handitzat jo zuten batzuek. «Ondo egin zuen!», irakurri nuen non edo non. Jonek bere burua hiltzea oso ontzat eman zuen hura idatzi zuenak. Nik ezin esan dut bere burua hil zuela, eta ukatu ere ezin dut. Ez zen lekukorik izan. Abenduaren 28an hil zela diote, baina urtarrilaren 6 arte ez zuten hilotz aurkitu. Jendeak jakin behar du Jonek intsomnio arazo larriak zituela, pilula loeragileak hartzen zituela. Baliteke dosi handiegi batek eramatea itzalaz beste aldera, berak bere burua hiltzeko asmorik gabe ere.

Pilulak alkoholarekin nahasiz gero, onik ez omen.

Alkohola gustatzen zitzaiola ez dut ukatuko, egia baita. Behin baino gehiagotan esan zuen, eta ez zen lotsa hori esateko. Gogoan dut, behin, Etxahun Barkoxerekin ari nintzela, «Nik hura galthatü» esaldia agertu zitzaidala. Nik, ez bainekien, Joni galdetu nion hura hori edateko ura zen, ala izenordaina, eta berak: «Hizpidean zaude, esaldi horretan hura edateko ura duzu, hots, pozoi zital hori. Ttantta bat aski duzu koñak onenaren hondatzeko». Haren umore onaren erakusgarri duzu... Grina izugarria zuen estudiatzeko. Goizeko seietan jaikitzen zen egunero, lanera baino lehen handik eta hemendik irakurri ahal izateko. Oso jantzia zen, gizon kultua. Oso trebe zen hizkuntzak ikasten, etxeko euskara eta frantsesa ez ezik, bazekizkien ingelesa, galesera, irlandera, bretainera, alemana, gaztelania, finlandera... Eta euskalki guztiak menderatzen zituen. Ikaragarrizko balioa zuen Jon Mirandek. Eta idazlea zen oso-oso fina, adimen handienekoa.

Adimen handieneko idazlea Jon Mirande, baina hainbat lan ez zenizkion onean hartu. Igela aldizkaria, adibidez, edo poema hura: Ohiko Jainkoari.

Ikaragarria da poema horretan idatzi zuena. Lehenbiziko bertsoan bertan: «Josu bar-joseph, Nazarethen zinaudelarik / Tenplu-heipean itzal eta hitz emaiten, / Oi zergatikan hor etzaitu, Judu zar batek / Judako zuhain gazte hori, jo'ta moztu!». Eta azkenean, berriz, honela bukatzen zuen: «Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde, gurutzifika zindezaket nik ostera». Ikaragarria da hori esatea! Gure harremanak ia hautsi ziren horregatik, kristauentzat birao hutsa da poesia hori. Gehiago esango dizut: Jon Mirandek bere poesia bilduma igorri zidan Parisetik, Euskal Herrian argitaratzen saia nendin eskatuz. Poesia horien artean zegoen Ohiko Jainkoari. Jaso eta berehala, gutuna idatzi nion esanez nik olerki liburua argitaratzen saiatzea nahi bazuen, otoi, erretira zezala bildumatik Ohiko Jainkoari, zeren eta kristau batentzat ezinezkoa baitzen horrelako lan batean parte hartzea. Jonek, ezetz, eta nik orijinala itzuli nion. Orduan, gure artean dena amaitua zela pentsatu nuen. Izan ere, bera niri mesedeak egin eta egin ari zen eta, nik, aldiz, uko egin nion bere lehenengo eskabideari.

Arestian esan duzunez, Etxahun Barkoxeren gaineko lanaz ari zara, «mesedeak» diozularik.

Bai, Etxahunen bertsoak gipuzkeraz argitaratu ahal izateko behar izan nituen argitasun eta xehetasun guztiak eman zizkidan Jonek Zuberoako euskarari buruz. Eta, esan dizut, berak zerbait eskatu zidan lehenengo aldian, nik ezetz... Uste nuen kito zela gure harremana. Baina, hurrena, gutun batean, berak ezetz, ulertzen zuela nire jarrera, lasai jarrai nezakeela argitasun eske.

«...Lehenago bezala, beti ere zuri laguntzeko gertu aurkitzen naiz zure Etxahun-lanetan, edo beste edozertan; aski duzu eskatzea, eta ahal dudan bezain ongi urgaitziko zaitut», ari zitzaizun beti Jon Mirande.

Bai, eta nire lan luzea amaitu arte bere laguntza osoa izan nuen. Jokabide hark bihotz hunkitu ninduen, eta konturatu nintzen zeinen bihotz handia zuen Jon Mirandek. Jentila zen, eta antikristaua, baina kristau askok baino hobeto jokatu zuen nirekin. Harrezkero, egunero hasi nintzen Jesus jaunari Jonen alde eskatzen, eta bizi nintzen artean eskatu nion haren arimaren alde. Horra, bada, zergatik miresten dudan Jon Mirande, bere bihotz handiagatik eta bere lagun hurkoarenganako amodioagatik. Aski zenuen hari zernahi eskatzea, bere aldetik ahal zuean egiten saia zedin. Zerbitzari desinteresatuagorik ez nuen nik bizian ezagutu: Etxahunen liburua argitaratu eta irabazi batzuk izan nituen eta dirua eskaini nion, baina berak ezetz, ez zidan hartu nahi izan. Hartzera bortxatu behar izan nuen.

Erlijioak bereizten zintuzteten, baina gogaide zineten hainbat puntutan. Jon Mirande ez zuen Euskadik asetzen. Ezta zu ere.

Gogoan hartu Jonek Norbert Tauerri idatzi zion gutun hura: «Nahiago dut euskaldungoa nolako eta zein heineko den egiaz ikusi, Euzkadi kontzeptu lainotsuak sorrarazi zizkidan amets zoroetan iraun baino». Eta, horrekin batera, hauxe: «Ez dut gehiago sinesten «Euzkadi gure aberria» denik. Giputz eta bizkaitarrena bai, beharbada, baina ez lapurtar, nafar eta zuberotarrena. (...) Zazpi euskalerriak ez baitira sekula bat izan, non ez bada aldi labur batentzat Nafarroako erregeen gerizan, bortxaz. Eta, orduan ere, hain euskaldun on omen diren giputz eta bizkaitarrek Gaztelaren alde hartu zuten, euskal erreinuaren aurka. Hori da gure edestia [historia], ez sabinzaleen asmakeriak: Euskadi, aberri, e.a. hitz artifizialak dira, eta adierazi nahi dituzten gauzak ere artifizial dira». Osoki, purki irakurri beharrekoa da gutun hori.

Ados. Zertan da zure partea, ordea? Miranderena aletu duzu, zeurea gorderik.

Utzidazu, arren, amaitzen. Jonen etorkia zuberotarra zen, guztiz eta zeharo. Zioen bere guraso eta askaziak oro abertzaletasunaren etsai zirela, eta bera penatua zegoela horregatik. Harik eta ulertu zuen: «Bai, orain ulertzen ditut. Beren herrikoi zentzuaz soilki, zuberotar umil horiek guztiek bazekusaten nik onartu nahi ez nuen egia: Euzkadi eta Euskal Herria gauza bi direla, Frantziaren menpeko euskaldunak eta Espainiaren menpekoak ez direla berdinak, baizik bi herritako, bi kulturatako, bi etniatako direla iritzi gehienetan». Jonen parteari giltza emango diot, honenbestez.

Euzkadiz ari ginen. Edo Euskadiz, zeure ikusmoldeaz...

Bai. Hargatik ez nuen, bada, bizian, elkarrizketak idatziz baizik erantzun! Ez nintzen erantzunak bat-batean zuzen emateko gai. Bizian ikasi ez genuena ezin hilean ikasi! Ni abertzale osoa nintzen. Beraz, ezin nezakeen onartu foralismoan oinarritutako nazionalismoa, EAJk egiten duen bezala. Gure gaitza ez da bilatu behar 1839ko, 1841eko edo 1876ko lege zentralistetan; Iparraldean, 1789an. Jarrera hori ongi da alderdi erregionalista batentzat, baina ez alderdi nazionalista batentzat. «Jaungoikoa eta Lege Zaharrak», EAJren lema hori, zeharo erregionalista da, antzinako karlistek eta integristek gaztelaniaz erabiltzen zuten berbera. Sabino Aranak hizkuntzaz baizik ez zuen aldatu lema, baina, gainerakoan, antzinako foruzaleen bideari jarraitu besterik ez zuen egin. Foruzaletasunean ezin daiteke nazionalismo sano bat oinarritu, zeren sekula ez baikara geure buruaren jabe oso izango, eta Euskal Herriak zatiturik jarraituko baitu, eskualde bakoitza bere aldetik. Horrela ez dugu Euskadi sekula egingo, hots, euskaldunen batasuna nazio askatu batean.

Eta, foruetara gabe, nora jarri beharko luke begira abertzaleak?

Gure gaitzen iturria 1200. urtean dago, Euskal Herriaren zatiketa hasi zen urte madarikatuan. Orduraino gure sei eskualdeek batasunean iraun zuten, Iruñeko erregetzaren babesean eta agintaritzapean, eta berriz ere egoera zahar horretara itzuli behar dugu: Nafarroaren inguruan bildu behar dugu beste bost herrialdeak, Madrilekin eta Parisekin zer ikusirik eduki gabe. Horixe da abertzaletasun sanoa, nire ustez. Alfer-alferrikakoa da foruei eta Sabino Aranari loturik jarraitzea. Eta, orain, barkatu, aski endredamakila gertatu zatzaizkit. Otoi, ezar ezazu tonba-harria zegoenean, etzan nadin, eta ondoko aldi bat arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.