Alez ale, Arabako euskaldunen hitza ordezkatu du Arabako Alea-k. Bertako mendi, haran eta basoetatik igarotzen diren berriak lotzen dituen sarea da. Hamar urteko bidea eginda, lortu dutena ospatu nahi dute, baina baita lortzeko duten guztia irudikatu ere.
Hamar urteren ondoren, lurraldeko hizkuntza eta kultura aniztasuna islatzen jarraitzeko indarra eta pasioa erakutsi du. Euskara eta kalitatezko kazetaritza izan ditu oinarri, eta hori guztia arlo askotara zabaldu du, hamaika kolaboratzaile eta babeslerekin bat eginez. Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak sortu zuen egitasmoa, BERRIA eta Goiena komunikazio taldeekin batera, euskarazko hedabideen gabeziari aurre egin eta lurraldeko aktualitatearen berri eman du urteotan, harpidetuen eta komunitatearen babesarekin aurrera eginez. Sortu zenetik helburu berari eutsi diote: euskara sustatzea, kalitatezko kazetaritza egitea eta Arabako herritarrengana hurbiltzea.
Duela hamar urte egindako aurkezpen jaian argitaratu zuten astekariaren zero zenbakia, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Aurkezpenerako balio izan zuen zenbakiaren 65.000 ale banatu zituzten hurrengo asteetan: ikastetxeetan, euskaltegietan, Alaves eta Baskoniaren partidetan... Ondoren, bi urte luzeko prozesuaren ostean, Alea euskarazko astekariak argia ikusi zuen, 2015ko urtarrilaren 16an. Ordutik, Arabako Hitza-ren ordez Alea astekaria jasotzen dute harpidedunek.
Aritz Martinez de Luna zuzendariarekin eta Estitxu Ugarte kazetariarekin bildu da BERRIA. Bien hitzetan, Alea-k urteotan «ekarpen paregabea egin dio Arabako euskal komunitateari». Ekarpenik handiena, zuzendariaren esanetan, tokiko informazioa euskaraz ematea izan da: «Lehen ez zegoen euskarazko lurralde mailako hedabiderik Araban, eta hutsune horri erantzutea izan da gure ekarpena». Izan ere, komunikabideak, astero, «pandemian ere hutsik egin gabe», Arabako txoko guztietako albisteak ematen ditu.
Lurralde mailako ikuspegia izan du hasieratik, baina Ugartek aitortu du Arabako eskualde guztietan gertatzen diren albisteei ahotsa ematea ez dela beti erraza izan, batez ere «baliabide eta langile kopuru mugatuen ondorioz». Hala eta guztiz ere, kuadrilla guztiek izan dute tokia Alea-n: «Gasteizen geratzea errazagoa izango zen, baina Arabako euskaldun guztiengana heltzea izan dugu helburu. Herri edo kuadrilla txiki bateko albistea bada ere, askotan beste ikuspegi bat ematen saiatzen gara, sakonagoa».
Geu elkarteak loratua
Arabako euskararen hedabide nagusi bihurtu dena ez zen hutsetik sortu; sustrai sakonak ditu. Geu elkarteak bultzatu zuen proiektua, 2009an Gasteizko Geu Gasteiz aldizkaria desagertu ondoren. Tokiko hedabide berri bat sortzeko asmoa zuten: Arabako lurralde osoari eskainitako euskarazko komunikabide bat eraikitzea.
Horretarako, BERRIA eta Goiena komunikazio taldeekin elkarlanean aritu ziren, haien esperientzia baliatuz. «Aliantza hori funtsezkoa izan zen; horrek ahalbidetu zuen Arabako proiektu sendo bat abian jartzea», gaineratu du Ugartek. Hiru eragileek osatutako elkarlanak oreka eta ikuspegi bateratua ekarri zuen, Martinez de Lunak nabarmendu duenez: «Alea-ren oinarriak sendo eraiki ziren, hiru taldeetako bakoitzak bere ekarpena eginez eta Arabako errealitatea ulertzeko modu propio bat garatuz. Kazetaritza nola egin erakutsi ziguten».
«Lehen ez zegoen euskarazko lurralde mailako hedabiderik Araban, eta hutsune horri erantzutea izan da gure ekarpena»
ARITZ MARTINEZ DE LUNAZuzendaria
Bidea egin dute ordutik, baina Alea-ren lehen hamar urteak ez dira oztoporik gabeak izan. Baliabide mugatuek, adibidez, eragina izan dute tokiko albiste guztiak behar bezala lantzeko gaitasunean. «Irakurleek asko baloratzen dute egiten dugun lana, baina, askotan, exijentziak gure baliabideen gainetik doaz», esan du Ugartek. Kirol albisteei eta beste gai espezifiko batzuei buruzko eskaerak dira jaso dituzten ohiko iradokizunak.
Sakontasuna ere bada irakurleek estimatzen duten beste ezaugarri bat. Alea-k tokiko albisteei ikuspegi zabala ematen die, eta erreportaje eta elkarrizketa sakonek osatzen dute haren eskaintza. Adibidez, hauteskundeen inguruko lanek edo tokiko agintarien elkarrizketek oihartzun handia izan dute irakurleen artean, Ugartek nabarmendu duenez: «Gaurkotasuna bai, eduki sakon eta iritzi aberatsak bilatzen ditugu, irakurleek begirada berriak eta ikuspegi zabala izan dezaten».
Euskari esker dira
Hainbat esparrutan, hedabidea erreferente bihurtu da, bai tokiko gaietan, bai Arabako euskaldunen eguneroko bizitzan. Arabako komunikabideen eremuan, Alea-k lekua irabazi eta sakon eragin du. «Lehen, ez zen tokiko informazioa euskaraz lantzen modu jarraituan; horrek, bere horretan, jauzi handia ekarri zuen. Gainera, euskaraz aritzen ez diren beste komunikabide batzuen aurretik ere bagaude», esan du Martinez de Lunak.
Baina, batez ere, euskararen normalizazio prozesuan ere lagundu du Alea-k. Izan ere, zuzendariaren ustez, «euskarazko komunikazioa ez da bakarrik informazioa emateko tresna, baizik eta komunitatea sendotzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bide ere bihurtu da». Eta, zailtasunak gorabehera, Arabako euskaldunen artean erantzun beroa jaso du beti: «Gure irakurleei asko gustatzen zaie bertako errealitatea euskaraz irakurtzea; egiten dugun esfortzua eskertzen dute, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu», gehitu du.
Izan ere, aleakideak (harpidedunak) dira proiektuaren oinarria, eta haiek gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Etorkizunari begira, beraz, Alea-k argi ditu bere helburuak. Hedabideak harpidedun kopurua handitu nahi du, eta baliabide gehiago eskuratu, eskaintza zabaldu ahal izateko. Are, ikus-entzunezko edukiak lantzea ere erronka nagusietako bat izango da datozen urteetan. Martinez de Lunaren hitzetan, «baliabide gehiagorekin, lurralde osoan sakonago eragin» ahal izango lukete, eta gai gehiagori heldu; taldea handituz eta gauza gehiago eginez. Bide horretan, tokiko informazioan sakontzen jarraitzea eta komunitatearekin harreman zuzena izatea funtsezkoa izango da. Era berean, Ugartek gaineratu duenez, «lurralde txikietako ahotsak entzunaraztea eta errealitate horiek islatzen jarraitzea» izango da haien lehentasuna.
«Lurralde txikietako ahotsak entzunaraztea eta errealitate horiek islatzen jarraitzea izango da gure lehentasuna»
ESTITXU UGARTE LOPEZ DE ARKAUTEKazetaria
Arabako Alea-ren hamar urte hauetako ibilbidea argi geratu da: euskarazko komunikabide sendo eta plural bat lortu dute, eta Arabako komunitate euskaldunarentzat erreferentzia bihurtu da. Euskararen eta tokiko informazioaren arteko zubi lana egiten jarraitzea da orain erronka nagusia. Alea, egungo gizartearen testuinguruan, tokiko kazetaritzaren eta hizkuntzaren sustapenerako eredugarria da, eta hala izaten jarraitzeko prest dagoela esan du zuzendariak: «Euskarazko komunikabideen etorkizuna proiektu hau bezalako egitasmoetan dago; euskara baita gure izatearen eta existentziaren arrazoi nagusia».