Alex de la Iglesiaren '30 monedas' telesaila azaroan estreinatuko dute

HBOk Europa osoan eskainiko du fikzio lan hori. Bilboko zinemagilearen bigarren telesaila da

HBOren 30 monedas telesaileko fotograma bat. HBO.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Veneziako 77. Zinema jaialdian aurkeztu ostean, HBO plataformak Europako herrialde guztietan azaroan estreinatuko du 30 monedas telesaila. Euskal Herriko harpidedunek, beraz, datorren hilean ikusi ahalko dute Alex de la Iglesiaren (Bilbo, 1965) azkeneko fikzio lana. Zinemagileak berak idatzi du gidoia, Jorge Gerrikaetxeabarriarekin batera. Telesailak beldurrezko generoa eta thrillerra uztartzen ditu, zortzi ataletan. Istorioak Bibliako zenbait pasadizoekin du lotura.

Telesaileko protagonista Vergara apaiza da Eduard Fernandez aktore kataluniarrak jokatzen du pertsonaia. Boxeatzailea eta exorzista da apaiza, eta Vatikanoak Espainiako herrixka bateko elizara erbesteratu du. Herri horretara gertaera paranormalak heltzen direnean, zenbait herritarrek apaizari botako diote gertaeren errua. Herriko alkatea (Miguel Angel Silvestre) eta albaitari inozo bat (Megan Montaner) apaizaren iraganeko sekretuak ikertzen saiatuko dira. Apaizak ezkutuan duen txanpon baten misterioa aztertuko dute. Handik gutxira, oso konspirazio berezi batean murgilduko dira denak: Juda Iskariotek Nazareteko Jesus traizionatu zuenean, 30 txanpon bereganatzeko bataila bat egon zen. Kondaira hori modu berezian berpiztuko da istorioan.

Aipatutako aktoreez gain, Macarena Gomezek, Pepon Nietok, Manolo Solok eta Carmen Machik parte hartuko dute HBOren fikzioan. Pokeepsie Films ekoiztetxearen lan bat da —De la Iglesiak berak eta Carolina Bangek zuzentzen dute ekoiztetxea—.

Ez da Bilboko zinemagileak zuzentzen duen aurreneko telesaila. Izan ere, 2008ko irailetik 2009ko abendura Plutón B.R.B. Nero telesaila zuzendu zuen La2 katerako. Saio horretan, zientzia fikziozko telesailen parodiak egin zituen De la Iglesiak. TVErako ere esketxak zuzentzen aritu zen El peor programa de la semana saioan (1993-1994).

'The Undoing', hilaren 26an

Alex de la Iglesiaren telesaila estreinatu aurretik, HBOk datozen egunetan beste zenbait fikzio berri jarriko ditu ikusgai bere zerbitzuan: atzo, Other Parents-en lehen bi denboraldiak estreinatu zituen —haurtzaindegi zerbitzu bat martxan jartzen duten guraso batzuei buruzkoa—; hilaren 9an, Primal dinosauroekin lotutako istorio bat—; eta hilaren 18an, Beartown —izotz hockeyko gazte talde baten ingurukoa—.

Dena den, urrian ikusmin handien piztuko duen telesaila The Undoing izango da. Nicole Kidman eta Hugh Grant aktoreak dira protagonistak, eta bikote baten gorabeherak kontatzen ditu. Bat-batean, bortxazko heriotza bat gertatuko da bikotearen bizitza hankaz gora jarriz. Sekretu beldurgarriak ezkutatzen ditu heriotza horrek. Handik aurrera, Kidmanek hezurmamitzen duen andreak bizitza berri bat hasi beharko du, semearekin batera. Telesail hori urriaren 26an estreinatuko du plataformak. David E. Kelley da sortzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.