Felix Soto. Amnistiaren Aldeko Gestoren sortzailea

«Alderdi batzuei erreparoa ematen die presoen eskubideak defendatzeak»

1971. urtean, Lehen Mailako eskubaloi entrenatzaile zela, telebistaz preso politikoen amnistia eskatzeagatik egin zen ezagun Soto. Egungo presoen egoera «bidegabea» dela salatu du, eta nabarmendu Francoren garaian hobeto bizi zirela presoak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bilbon jaio zen, baina Donostian eman du bizitzaren gehiena Felix Sotok (Bilbo, 1937). «Justiziagatik» eta kartzelan lagunak zituelako hasi zen preso politikoen eskubideen defentsan, frankismoko urteetan. Amnistiaren Aldeko Gestoren sortzaile eta sustatzaile izan zen. Eskubaloi entrenatzaile ere aritu zen Lehen Mailan, Egiarekin. Hori aprobetxatuz, presoen amnistia eskatu zuen telebistaz. «Egin izan ez banu bizitza osoan damutuko nintzela sentitzen dut». Hala, presoen eskubideen defentsa egunero egin behar dela defendatu du. «Kezkaz eta amorruz» ikusten du egungo egoera. Donostiako Udalean ere gogotik egin zuen lan, 1979tik 1991ra, HBko zinegotzi modura. Juan Karlos Izagirreren lana goraipatu du, eta pena agertu egungo udal gobernuaren politikekin; batez ere, parte hartzeari dagokionez.

40 urte bete dira aurten Amnistiaren Aldeko Gestorak sortu zenituztela. Nola dituzu gogoan garai haiek?

Harrotasunez eta poztasunez. Uste dut oso jende berezia elkartu ginela, eta horregatik atera zela ondo mugimendua. Nahiz eta desberdin pentsatu, helburu berarekin egiten genuen lan: presoen amnistia lortzea. Batez ere bi emakume nabarmenduko nituzke: Juani Mendiola eta Mariasun Bergaretxe. Gestora sortu aurretik lan nekaezina egin zuten presoen eskubideen alde: abokatuak lortzen, lokalak uzten... Gestorak sortu zirenean, horretan jarraitu zuten. Gainera, Juanik gaitasun handia zuen animoak lasaitzeko. Izan ere, alderdi politikoak eta abar sartzen hasi zirenean ez zen erraza denak bat eginda egotea. Lourdes Auzmendik ere lan handia egin zuen. Miguel Castells abokatua, Eduardo Txillida eskultorea, Rafael Ruiz Balerdi margolaria edo Andoni Elizondo Realeko entrenatzaile izandakoa sortzaileen artean egotea babes handia zen guretzat. Txillidaren kasua nabarmendu nahiko nuke. Haren aita militarra izandakoa zen, eta inguruak ez zuen ondo ikusten hura hor egotea. Baina oso pertsona ona zen, eta asko lagundu zuen.

Zerk bultzatuta sartu zinen mugimenduan?

Lagunak nituen kartzelan, baina batez ere justizia eta eskubide kontuagatik sartu nintzen. Oso garai gogorrak ziren. Ni Bilbon jaio nintzen, 1937an, eta nire aita autonomoa zen. Bere garaian kartzelan egon zen urtebete, eta oso gaixo atera zen, biriketako arazo handiekin. Amak ez zuen politikaz jakin nahi, baina nire osabak-eta militanteak ziren. Bide horretatik jarraitu nuen nik.

Denbora gutxian 60 herritan sortu zenituzten gestorak. Espero zenuten halakorik?

Gazteen aldetik sekulako babesa jaso genuen. Ilusio handia zuten, eta horrek asko lagundu zuen zabalkundean. Leherketa gisako bat izan zen. Jendeak ez zuen beldurrik, nahiz eta manifestazioetan hildakoak egon.

Nolakoa zen presoen egoera?

Franco hil baino hilabete lehenago, ni Martutenen egon nintzen hilabete, eta esan dezaket presoen egoera hobea zela Franco bizi zen garaian orain baino. Funtzionarioekin tratua ona zen, eta ziega bat genuen janaria edukitzeko, baita sukaldari bat ere.

Egungo presoen egoera ikustean, zer sentitzen duzu?

Haserrea. Egun preso dauden asko ezagutzen ditut. Horietako bat Xabier Balerdi da. Denbora batez aritu zen udalean idazkari, eta oso pertsona jatorra, ona eta langilea da. Onartezina da halako jendea kartzelan egotea, eta GAL sortu zuten Felipe Gonzalez, Rafael Vera, Jose Barrionuevo edo Julen Elgorriaga moduko gaizkileak, kalean. Ematen du, hildakorik ez egonda, dena konponduta dagoela, baina ez da horrela. Presoen auzia konpontzeke dago. Nik ezintasun handiz bizi dut egoera. Izan ere, Espainiako Espetxe Erakundeak debekatu egin dizkit kartzeletarako bisitak. Deabrua edo izango naiz.

Presoen egoera ikusita, berriro sortu beharko litzateke gestoren antzeko mugimendu bat? Posible ikusiko zenuke sortzea?

Sare hor dago. Baina presoen eskubideen aldeko mugimenduak indar handiagoa hartu beharko luke. Nik uste dut Sarek Amnistiaren Aldeko Gestoren izaera berreskuratu beharko lukeela. Egunero-egunero egin beharko litzateke presoen eskubideen eta askatasunaren aldeko aldarrikapena. Herritarrak apur bat beldurtuta daude, mozal legearen eta abarren ondorioz. Kriminalizatu egin dute presoen aldeko borroka, baita independentismoa ere. Nola da posible? Lehen ere bazeuden antzeko legeak, baina kalera irteten ginen. Gestorak sortzea ere zaila izan zen, baina gaitasuna izan genuen. Bestalde, orain dela egun batzuk presoen senideak zeramatzan furgoneta bat geldiarazi zuen pistolaz Guardia Zibilak, eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan. Hori kezkagarria da. Alderdi batzuen aldetik erreparoa dago presoen eskubideak defendatzeko garaian.

Erreparoa duten alderdiak daudela esan duzu. Beti izan zara oso kritiko EAJrekin eta PSE-EErekin. Alderdi horietaz ari zara?

Gestorak sortu aurretik egin genituen bileretan, EAJko eta PSE-EEko ordezkariak izan ziren: Gerardo Bujanda eta Txiki Benegas, hurrenez hurren. Baina gerora, esan zuten ez zutela parte hartuko, nahiz eta norbanako gisa EAJko kideren batek parte hartu, adibidez, Joseba Elosegik, baita haren emazteak ere. Egun, presoen auzian EAJk eta PSE-EEk duten jarrerak lotsa ematen dit. Biak izan ziren presoen sakabanaketa sustatu zutenak. Gogoratzea besterik ez dago Ardantzaren adierazpen batzuk, non esaten zuen sakabanaketa ona zela. Independentziaren kontuarekin ere berdin gertatzen da. Ezin dugu EAJren aldetik ezer espero. Gure Esku Dago mugimendua sortu behar izan da EAJko jarraitzaileak erabakitzeko eskubidearen alde lanean inplikatzeko. Bestela, bere horretan, EAJ ez da independentista. PSE-EE, berriz, arerioa da.

Amnistia eman eta gero berriro hasi ziren kartzelatzeak. Tranpa bat izan zen?

Argi dago urtetik urtera presoen egoerak okerrera egin duela, eta presoen eskubideen aldeko defentsa kriminalizatu egin dela. Horren alde lanean aritu diren ekintzaile asko kartzelan daude gaur egun. Gure garaian ez zen halakorik gertatzen.

Gestoren sortzaile izateagatik harago, 1971n Egia taldeko eskubaloi entrenatzaile zinenean telebistaz presoen amnistia eskatzeagatik egin zinen ezagun. Nola erabaki zenuen hori egitea?

Lehen Mailan jokatzen genuen. Telebistaz ematen zituzten partidetan, atsedenaldian entrenatzaileak elkarrizketatzen zituzten, partiden nondik norakoei buruz. Egun bezala, elkarrizketa topikoak izaten ziren. Hala, behin baino gehiagotan pasatu izan zitzaiten burutik: «Mikrofono hori aurrean jarriko balidate, zerbait garrantzitsua esango nuke presoen egoeraren inguruan». Hala, Atletico Madril taldearen telegrama bat jaso genuen, ordutegia aldatuta partida telebistaz emateko aukera zegoela esanez. Berehala pentsatu nuen hor zegoela aukera, nahiz eta ez nekien ondo aterako zen. Emazteari ez nion eman nire asmoen berri, baina esan nion arretaz ikusteko partida telebistan. Ez nuen nahi kanpotik enteratzea gertatuko zenaz.

Hala, partidaren eguna iritsi zen. Nola bizi izan zenuen?

Urduri, baina ondo. Badaezpada taldeko ordezkariari etxera itzultzeko billeteak, dokumentazioa eta dirua eman nizkion. Banekien esango nuenak zalaparta eragingo zuela. Gu beheran geunden sailkapenean, eta Atletico Madril, goran. Baina sekulako partida jokatu genuen. Lehen zatia berdinduta amaitu genuen: 7-7. Hala, elkarrizketa egiteko garaia iritsi zen. Ni oso urduri nengoen, eta gogogabe erantzuten nituen galderak. Amaitu, eta kazetariari galdetu nion ea kirolaz aparteko zerbait esan nezakeen. Baietz erantzun zidan, eta orduan esan nuen: «Gipuzkoako gehiengoaren nahia ordezkatuz, erabateko amnistia eskatzen dut euskal preso politikoentzat». Antolin Garcia zen kazetaria, falangista, eta sinetsi ezinda begiratzen zidan, mikrofonoa atzeraka eginda. Hortxe amaitu zen elkarrizketa.

Aldagelara joan, eta zer pentsatu zenuen?

Okerrena aldagelatik irtetean izan zen. Aulkiaren atzean sekulako polizia itxura zuten bi tipo nituen. Partida amaitu, eta jokalariak aldagelara joan ziren. Ni eta Atletico Madrileko entrenatzailea ere hara gindoazen, baina atea itxi egin zen. Hala, polizia itxurako bi tipoak azaldu ziren. «Badakizu zer esan duzun?», galdetu zidaten, eta nik erantzun: «Zer esan dut, bada?». Berehala esan zidaten haiekin joan behar nuela. Autora gindoazela, Domingo Barcenasekin egin genuen topo. Artean Espainiako eskubaloi hautatzailea zen, eta purrustadaka hasi zen: «Konturatzen zara zer egin duzun? Olinpiar Jokoetara lehen aldiz joango gara, eta zu halakoak esaten. Lotsarik ez duzu». Segurtasun Orokorreko Zuzendaritzara eraman ninduten. Han galeria moduko batzuetara eraman ninduten. Gabonen hurrengo eguna zen, eta hantxe aritu ziren kantuan. Galdeketa egin zidaten, etabehin eta berriz esan nien nik ez nuela aurretik pentsatuta halakorik egitea, bat-batean atera zitzaidala. Ez nekiela partida telebistan emango zutenik ere.

Baina, halako batean, konturatu zinen poltsikoan zenuela partida telebistan eman ahal izatekoAtletico Madrilek bidalitako telegrama.

Sekulako estualdia pasatu nuen. Konturatu nintzenean, komunera joan nahi nuela esan nien. Baina telegramaren papera oso gogorra zen, eta, behin baino gehiagotan saiatu arren, ez zihoan komunetik behera. Hala, atera, eta erabat txikitu behar izan nuen. Denbora asko eman nuen komunean; ez dakit nola ez ziren konturatu zerbaitetan nenbilela. Egun batzuk egin nituen han. Tratua nahikoa errespetuzkoa izan zen, nahiz eta tarteka ni beldurtzen saiatu ziren.

30.000 pezetako —180 euro— isuna eta kirol jardueretan parte hartzeko bizi osorako zigorra jarri zizuten. Zerk eman zizun min handiagoa?

Guipuzcoano bankuan egiten nuen lan, eta lankideek ordaindu zuten isuna. Elkartasun handia zegoen orduan enpresetan. Debekuak eta isunak baino gehiago, zigorra jartzeko arrazoiak eman zidan min: olinpiar izpiritua urratzea leporatu zidaten.

1979tik 1991ra Donostiako Udalean aritu zinen Herri Batasunako zinegotzi gisa. Nola dituzu gogoan urte haiek? Ramon Labaienek «hirigintzaren poeta» deitzen zintuen.

Urte oso gogorrak izan ziren. Alde guztietatik hildako asko zeuden. Gainontzean, oroitzapen ona dut. Ramon Labainekin harremana ona zen. Oso pertsona jakintsua zen, eta jakin zuen alderditik jasotzen zituen presioei kasurik ez egiten. Izan ere, jabetzen zen kudeaketa ondo zihoala. Gure eskutik jarri zen martxan Donostiako kultur etxeen sare guztia. Aurretik, Jesus Mari Alkainen garaian ere, hirigintza planean ez zegoen lurrik EHUrentzat. Ni neu izan nintzen egun unibertsitateak dauden lurrak desjabetzeko agindua sinatu nuena. Ulertezina da nola ez zitzaion etekin handiagoa atera elkarlan horri.

Udalean ere eman zenuen zeresana, udaletxeko balkoitik Espainiako bandera moztu zenuenean.

Ika-mika dezentekoa izan genuen Labaienekin. Batzorde iraunkorrean Espainiako bandera jartzearen inguruan eztabaidatu zen, eta bozkatzeko eskatu genuen. Baina ez zuen nahi. Hala, pertsona batzuk etorri zitzaizkidan bandera kentzeko aukeraz hizketan. Hasieran ezetz esan nien, sekulako zalaparta sortuko zela. Baina, gero, kontrakoa pentsatu nuen, eta nik neuk egin nezakeela bururatu zitzaidan. Alderdiko beste bi zinegotziri deitu, eta hara joan ginen. Baina konturatu ginen guardiak zeudela hura zaintzen eta balkoiko atea itxita zegoela. Baina behin guardiak ez zeudela aprobetxatuz, balkoia ireki eta guraizeekin moztu nuen, eta kendu. Begira min egiten zuen, eta irain bat zen bandera han egotea. Gau hartan nire bila etorri zen Polizia etxera, baina nik ez nien atea ireki. Beste bi kideak eraman egin zituzten. Hurrengo egunean prentsaurrekoa eman nuen. Sei urte geroago egin ziguten epaiketa, eta sei urterako gaitasungabetzea jarri ziguten. Hala, ezin genuen bozkatu, ezta kargu bat eduki ere.

Zer sentitu zenuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatetzara iristean?

Asko hunkitu nintzen. Uste dut ez zaiola behar besteko balioa eman egin zuen lanari. Kontuan izan behar da Odon Elorzak bere garaian izandako aurrekontuaren herenarekin egin behar izan zuela lan. Gainera, hainbat hedabideren aldetik sekulako aurkako kanpaina jaso zuen, eskandalagarria. Penagarria izan zen. Uste dut egungo udalarekin sekulako atzerapausoa eman dela. Parte hartze bide guztiak eten dituzte. Herri galdeketekin zer gertatzen ari den ikustea besterik ez dago. 30 urte egin da atzera. Parte hartzea araudi guztia nahi bezala erabiltzen dute. Desastre bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.