Aldekoak esan du EITBk datozen aldaketei aurre egin behar diela

EITBren 40. urteurreneko ekitaldia egin dute, Bilbon. Politika, kultura, gizartea eta ekonomia arloetako 300 gonbidatu inguru bertaratu dira

Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ostiralean 40 urte beteko dira EITB sortzeko legea onartu zenetik. Eta EITBk urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin zuen atzo Bilboko Guggenheim museoan, 300 gonbidaturen aurrean. Legearen testuak jaso zuen «euskararen sustapena eta zabalkundea bereziki kontuan hartuko dituela EITBk»; berrogei urteotan, ez da berritu. Azaroaren 23an, 40 urte beteko dira Euskadi Irratiak lehen emankizunak hasi zituenetik. Abenduaren 31n beteko dira, berriz, 40 urte ETBk lehen saioei ekin zienetik.

Ekitaldiko aurkezleak Nerea Reparaz eta Joxe Mari Iriondo izan ziren. Ondotik, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak hartu zuen hitza: «Bihotzetik eta profesionaltasunez egindako proiektua da EITB, berezko izaera duena. Sortu zenetik, euskara, kultura, euskal frame-a eta zerbitzu publikoa dira bere betebehar nagusiak». Gaur egun EITB «Euskadiko komunikazio talde nagusia» dela nabarmendu zuen. «Europan eta munduan eskaintza elebiduna duen kasu bakarra da EITB taldea», gaineratu zuen.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz,EITBren «aitzindaritza» goraipatu zuen: «EITB aitzindari izan zen kontu askotan; urtebeteko epean Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta ETB sortu ziren, eta gu konektatuta gelditu ginen. Aitzindaritza egon zen erakundea eratzeko eta hilabete gutxi batzuetan lehen emankizunak eskaintzeko aitzindaria, mota guztietako saioak munduan erosteko eta bertan ekoizteko, Euskadin ikus-entzunezkoen industria berri bat sustatzeko, euskara saio guztietara ekartzeko eta munduan bizi diren euskaldun guztiei EITBren txoria eramateko».

Urkulluk EITBko langileei eskerrak eman zizkien egindako lanagatik: «Informazioaren eta entretenimenduaren bidez, gure hizkuntza eta kultura, gure bizimodua eta nortasuna indartu duzue. Emozioen bidez, gehiago batu gaituzue». Urkulluk, halaber, 1936tik aurrera Radio Euskadiren lehen pausoetan aritu zirenak gogoratu zituen. BaitaEITB sortzeko legean lanean aritu zirenak ere.

Aldekoa aurrera begira jarri zen, bestalde: «Kontsumo eta hedabide digital berrien aurrean, euskal ikus-entzunezkoen eta euskarazko edukien bermea izan behar du EITBk. Gure komunikabideak euskal gizartearentzat erreferentzia izanik, informazioan eta zerbitzu publikoan, gazteekin konektatuz, munduari euskal leihoa irekiz eta EITB proiektuaren iraunkortasuna bermatuz». Aldekoak nabarmendu zuen erronka nagusia aldaketa bizkorrei aurre egitea izango dela.

Programazio berezia

Guggenheimeko ekitaldian izan ziren irratiaren eta telebistaren sorreran parte hartu zutenetako batzuk, EITBko zuzendari nagusi izandakoak, baita ETBko zuzendari, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko zuzendariak izandakoak ere. Han izan ziren Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eusko Legebiltzarreko taldeetako bozeramaileak, Eusko Legebiltzarreko zein Nafarroako Parlamentuko presidenteak, beste hedabide batzuetako ordezkariak eta euskal gizarteko askotariko eragileen ordezkariak ere.

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik ETBko oroitzapen bereziak aurkeztu zituzten, modu umoretsuan. Gainera, Xabier Otaoleak 40. urteurrenerako sortu duen fanfarrea estreinatu zuen Euskadiko Orkestrak —musika pieza horrek lau hamarkadatan telebistan eta irratian entzun diren doinu ezagunak hartu ditu oinarri—. Andoni Aresti dantza eskolakoen koreografia batek lagundu zuen emanaldi hori. Olatz Salvadorrek eta Mattin Saldiasek ere parte hartu zuten, bi kanta joz.

Beste alde batetik, urteurrenaren bueltan izango dira kontu gehiago: ONCEren ostegun honetako kupoiak EITBren 40. urteurrenaren irudia du; EHUren udako ikastaroetan, Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40 jardunaldia egingo dute uztailaren 22an; eta urriaren 15ean, Bizi EITB jaia ospatuko dute.

Atzo hasi eta aste honetan, bestalde, ETBko programetan eta Euskadi Irratiko zein Radio Euskadiko irratsaioetan urteurrena izango dute hizpide. Euskadi Irratian «denboraren makina» jarriko dute martxan Albiste Faktoria-n, hamarkadaz hamarkada entzundako sintoniak berreskuratuz —atzo hasi ziren horretan—. EITB.eus-en, urteurrenari eskainitako webgune berezi bat sortu dute. Ostiralean, argazkiz eta bideoz osatutako kronologia bat estreinatuko dute. Ezustekoak ere iritsiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.