Elhuyar aldizkariak badu atal bat, Istorioak, non zientzialarien izena baino gehiago, izana den garrantzitsua; zientzialariaz gain, pertsona bera; ibilbide zientifikoaz gain, bizitza bera. Egoitz Etxebeste kazetari eta biologoa (Oiartzun, Gipuzkoa, 1978) da arduraduna. Istorio horietako batzuk liburu batean bildu dituzte Elhuyarrek eta Etxebestek: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira. Etxebestek idatziak eta Manu Ortegaren irudi iradokitzaileek jantziak dira.
Emakume zientzialariei buruzko liburu bat, eta ez dira ageri ez Marie Curie, ez Ada Lovelace. Nolatan?
Horregatik, hain justu. Aldizkariko Istorioak atalaren ezaugarrietako bat da istorio ezezagun horien bila joatea eta kontatzea.
Emakume zientzialarien erreferentziak ematea da helburua?
Bai. Aldizkarian oso garbi daukagu bide hori landu behar dugula.
Salaketa liburua ere bada: istorio guztietako protagonistak baztertu egin dituzte emakume izate hutsagatik.
Gehienek egin behar izan zieten aurre gurasoei, senarrari, lankideei; ikasteko zailtasunak izan zituzten; baldintza kaskarretan ikertu zuten, eta emakume izatea sekulako oztopoa izan zen zientzialarien artean onartuak izateko.
Elizabeth Blackwell medikuaren kasuan, ikasleen esku utzi zuten hura medikuntza eskolan onartzea.
Dekanoak ez zuen onartu nahi, baina ez zitzaion politikoki zuzena iruditzen zuzenean ezezkoa ematea, eta ikasleen artean bozkatzea erabaki zuen. Ikasleei dibertigarria iruditu zitzaien emakume bat sartzea, eta baiezkoa eman zuten.
Liburuaren izena Matilda efektua izan zitekeen, emakumeek zientzian jasaten duten diskriminazioaren erakusle delako .
Bai. Kasu honetan, zorionez, oztopoak gainditu zituzten. Sekulako meritua dute. Hala ere, zientzian jardun nahi izan zutenetatik zenbat geratu ziren bidean?
Gizonek baino hobeak izan behar izan zuten aintzat hartuak izateko. Neurri batean, jenioak izan behar izan zuten?
Jenioak izan behar izan zuten oztopo guztiak gainditu ahal izateko, eta gizonek baino lan gehiago egin behar izan zuten.
Ez al da arriskutsua halako emakumeak eredu gisa aurkeztea, hurrengoei langa oso goian jartzen zaielako?
Bai, baina historian gertatu da oztopoak gainditzea lortu zutenak jenioak zirela. Ona da erakustea ere kasu batzuetan oso behetik hasita ikertzaile izatera iritsi zirela: Williamina Fleming astronomia behatoki bateko zuzendariaren neskame gisa hasi zen, baina izarrak katalogatzeko sistema bat sortu zuen azkenean.
Pentsa daiteke halako kontuak garai batekoak direla.
Oinarrizko mailetan urrats handiak egin dira, baina, gora egin ahala, guraize efektua gertatzen da: ikerketaren eta zientziaren beheko mailetan emakumeak eta gizonak paretsu daude, baina, zenbat eta gorago, gizon gehiago eta emakume gutxiago. Ereduak ematea ondo dago, baina horrekin bakarrik ez dugu lortuko benetako berdintasuna; zientziaren sistema patriarkala aldatu behar da emakumeen lana gehiago balioan jartzeko eta ikusarazteko.
Atentzioa ematen du Clara Immerwharren istorioak. Kimikan doktorea zen, eta senarraren zapalkuntzak eta etxeko lanek ito egin zuten. Bidean geratu direnen sinbolo izan daiteke?
Bai. Nire istorio kutunenetako bat da. Oso modu gordinean erakusten du ama, emazte eta etxekoandre izateak oztopatu ziola zientzian aurrera egitea. Etendako ibilbide bat erakusten du.
Euskal Herriko kasuekin ere osatu daiteke halako liburu bat?
Ez dakit emakume historikoekin egin daitekeen. Ez ditugu ezagutzen, eta informazio gutxi dago.
ATZEKOZ AURRERA. Egoitz Etxebeste. Elhuyarreko kazetaria
«Aldatu egin behar da zientziaren sistema patriarkala»
Hemeretzi emakume zientzialariren istorioak bildu ditu Etxebestek liburu batean. Guztiek egin behar izan zieten aurre gizonei eta gizonek eraikitako gizarteari eta zientzia sistemari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu