Aldarriz jositako fatxadak

Euskal Herriko herri askotan, hormak eta fatxadak izan ziren lekurik «ohikoenak» aldarrikapenetarako eta propagandarako. Legazpin, 1984tik 1998ra bitarteko kartelen eta pintaketen argazkiak bildu dituzte erakusketa batean.

1984 eta 1998 urteen arteko pintaketak eta aldarrikapenak jaso dituzte erakusketan. GOTZON ARANBURU / FOKU
1984 eta 1998 urteen arteko pintaketak eta aldarrikapenak jaso dituzte erakusketan. GOTZON ARANBURU / FOKU
ane insausti barandiaran
Legazpi
2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

«Bertan behera uzten den ideia oro usteldu egiten da», dio erakusketaren banner-erako aukeratu duten pintaketak. Baina ideia horiek horma batean idazten badira, fatxada batean irauten badute eta argazkitan jasotzen badira, erakusketa eder bat osatu dezakete, berrogei urte geroago ere. Hala egin dute Legazpin (Gipuzkoa); Txillida Lantokian dago erakusketa, eta kanpoaldean, ongietorria ematen duen pankarta bat, alderik alde zabaldua. «Erakusketa: Politika fatxadetan, 1984-1998. Legazpi».

Tintaz beteriko hormak ziren «ideiak adierazteko modurik ohikoena» garai hartan, aldarrikapen politiko eta propagandarako mihise eskuragarrienak zirelako, Aurelio Gonzalez erakusketaren antolatzailearen arabera. Orduko kartelak, eragileei buruzko informazioa eta fatxadetako argazkiekin osatutako 700 diapositiba jaso dituzte erakusketan; datorren igandera arte egongo da ikusgai.

«Lanaren memoria» berreskuratzea da Txillida lantokiaren helburua, hots, industrializazioak lan munduari eta langileei ekarritako aldaketak kontatzea. Hainbat atal ditu erakusketa iraunkorrak: aurrerapen teknologikoak, landako paisaia zena paisaia industrial bilakatzea, aldaketak demografian, etxebizitza, sindikalismoa, segurtasuna eta higienea, emakumeak eta fabrika, laborategia... «Argi geneukan langileak ez zeudela lanean soilik, espazio sozial bat ere bazeukatela bizitzan: dibertimenduzkoa, kulturala, politikoa... erakusketekin arlo sozial hori nabarmentzen saiatzen gara», azaldu du Gonzalezek. Oraingoan, garaiko egoera politikoaren argazkia egin dute, pintaketak eta kartelak erakutsiz.

«Nire asmoa ez da inork gure historia ukatzea edo behar baino gehiago laudatzea. Norberak ikusiko du, eta bere ondorioak aterako ditu»

AURELIO GONZALEZErakusketaren antolatzailea

Gonzalezek beti izan du interesa herriarekin eta dokumentazioarekin lotura zuten gauzekiko. Udaleko zerbitzu burua izan zen, eta Lenbur fundaziora aldatu zen gero; bertako zuzendari izan zen, erretiroa hartu zuen arte. «Goizetan lan egiten nuen, eta nire lanaren parte zen obren eta azpiegituren hobekuntzak jasotzea; beraz, argazkiak ateratzen nizkien. Arratsaldeetan, berriz, kultur arloko kartelak biltzen nituen, historia berreskuratzeko lan horretan nenbilelako jada». Erraza zen jaietako kartelak biltzea behin data pasatuta. Kartelak edo pintaketa politikoak biltzea, ordea, ez horrenbeste: sarritan, ez zeukaten data zehatzik, eta aldarri batzuk ez dira iraungitzen. Hargatik, argazkiak ateraz jaso zituen.

Zer kontatzen dute?

Denetarik, Gonzalezen hitzetan. Eragile bakoitzak bere estiloa zeukan. Adibidez, Argi Ibilik harritu egin duela esan du Gonzalezek. «Emakume, engainatu ezazu senarra, esaiozu eskoba pasatu duzula», «Tankeak bai, baina zerbezadunak!» eta halako mezu zuzenak erabili zituzten: «1987ko hautagaitza bat izan zen; gazte jendez osatutakoa zen, batzuk EMK-n ibilitakoak ziren... Mezuak originalak dira, eta aldarri konkretuak erabiltzen zituzten, emakumeei, matxismoari, drogari, Guardia Zibilari eta abarri lotuta. Esaldiek erakarri egiten zintuzten, eta barre txiki bat ere ateratzen zizuten».

Argi Ibiliren eta Legazpiko gazte asanbladaren ohiko eskaera bat ere nabarmentzen da hainbat argazkitan: gaztetxearena. Hain zuzen, abenduan 35 urte bete dira herriko gazteek Guardia Zibilaren kuartela okupatu eta lehen gaztetxea ireki zutenetik. Askotan egindako eskaera bat zen: «Herri bat, gaztetxe bat, bi, hiru, lau!», «Ez itxi gaztetxea» eta «Udala: gaztetxearen arazoa zuena da. Konponbidea nahi dugu» diote pintaketek eta kartelek, eta manifestazioak ere egin zituzten. Gonzalezen arabera, hormetan hainbeste aldarrikatutako gaztetxea erreferentea da herrian gaur egun.

Presoen eta amnistiaren aldeko mezuak ere ugariak dira. Udaletxe aurrean zintzilikatutako pankarta batek honela zioen, adibidez: «523 preso gose greban, amnistiaren alde». Kartel ugari ere egin zituzten; presoen argazkiak jarri, eta zehaztu zuten non zegoen espetxeratuta bakoitza: «Gaur Alcalan, Herreran, Badajozen... eta bihar? Presoak Euskal Herrira! Eskubide bat da!».

Aurelio Gonzalez, argazkien egilea, erakusketan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Aurelio Gonzalez, argazkien egilea, erakusketan. GOTZON ARANBURU / FOKU

Intsumisioaren aldeko mugimenduak ere badu presentzia erakusketan. Musika jaialdi bat antolatu zuteneko kartel bat ikusgai dago diapositibetan, eta lore baten petaloetan idatzi zituzten parte hartzaileen izenak: Valle del Dom, Rama de K, Ipar Rap-eroak, Trikitixa, Txalaparta... Intsumisioa «erreferentzia garrantzitsua» izan zen herrian, Gonzalezen arabera: «Jendea asko inplikatu zen gai horretan, eta kartzelan egon zen. Orduko alkatea EAkoa zen, eta bera ere posizionatu egin zen; epaitu zuten, baina hark ez zuen kartzelan amaitu».

Aldarri itxura zuten fatxadek, eta aldarriek, artelan itxura. Ez baitziren mezu hutsak; batzuek itxurari ere ematen zioten garrantzia, eta diseinu zainduak egiten zituzten. Herri Batasunarenak dira horietako asko. Irudia: harrizko ur putzu baten azpitik Euskal Herria atera nahian, sokatiran ari diren hainbat pertsona. Esaldia: «Eman botoa. Lagundu! Herri Batasuna». Irudia: horma bat gorriz margotua, ukabilkada bat eta erromako zubi bat. Esaldia: «Eman botoa HBri. Herria bizirik zurekin». Irudia: poliziari harri bat botatzen ari den pertsona bat. Esaldia: «Botoa HBri, eutsi erreboltari».

Hain justu, HBren pintaketak gailentzen direla nabarmendu du antolatzaileak: «Batzuei buruzko informazio gehiago dago, bai, baina ez nik haien aldeko hautua egin dudalako, baizik eta askoz ere aktiboagoak zirelako pintaketei eta kartelei zegokienez». Ez da izan hark hartutako erabaki bat, pintaketa kopuruaren isla baizik; izan ere, «bitartekari hutsa» dela nabarmendu du Gonzalezek: «Nik egin dudan lan bakarra irudiak errekuperatzea izan da. Baina honen guztiaren balioa pintaketak egin zituen jendean datza; haiek dira protagonistak. Herriaren historiaz gain haren atzean daudenen historia jasotzea izan da asmoa».

Transmisiorako aukera

Abenduan ireki zuten erakusketa, eta, hasieran, 50 eta 70 urte arteko herritarrak joan ziren ikustera, gehienbat: «Hau guztia bizi izan dute. Gustatu zitzaien, gertatutakoa gogorarazi zielako». Are gehiago, aipatutako alderdi edo mugimenduetan ibilitakoak ziren horietako asko; beraz, haiek egindako pintaketa edo kartelen bat ikusiko zuen argazkietan.

Beste funtzio bat ere badu erakusketak: garai hura bizi izan ez zutenei transmisio lana egitekoa. Hala, gazteek ikus dezakete nolakoa zen urte horietako errealitate politikoa, eta zer mugimendu zeuden herrian. «Hau aurkikuntza bat da haientzat. Uste dute haiek asmatu dituztela pintadak eta pankartak, eta normala da, denoi gertatu zaigu hori [barrez]. Bolbora atzo asmatu izan balitz bezala!». Jendea nola komunikatzen zen hausnartzeko ere balio du: «Fatxadak erabiliz aldarrikapenak egitea ohitura zaharra da, eta ezinbestekoa zen. Orain, nahikoa da telefonoz mezu bat bidaltzea, baina lehen ez zegoen halakorik».

«Batzuei buruzko informazio gehiago dago, bai, baina ez nik haien aldeko hautua egin dudalako, baizik eta askoz ere aktiboagoak zirelako pintaketei eta kartelei zegokienez»

AURELIO GONZALEZErakusketaren antolatzailea

Herriko alkatea ere izan da erakusketa ikusten. «Zera esan zuen alkateak: ‘Orain ezingo litzateke halakorik egin, pintada bat dagoenean hura ezabatzeko agindua baitut’. Noski, gaur egun ez dute ezer ere irauten. Garai hartan denbora luzez egoten ziren hormetan; asko jota elizako eta udaletxeko fatxadetakoak ezabatzen zituzten, baina gainerakoak hainbat urtez geratzen ziren hor». Dena ez da errazagoa orain, hortaz.

Herrian gertatutakoa kontatzea beste helbururik ez du izan Gonzalezek; hala gogorarazi du behin eta berriz: «Nire asmoa ez da inork gure historia ukatzea edo behar baino gehiago laudatzea. Norberak ikusiko du erakusketa, eta bere ondorioak aterako ditu». Izan ere, Legazpikoa da jaso duen errealitatea, baina bertako lelo, eskaera eta aldarriak beste hainbat herritakoak ere izan zitezkeen. «Edozein herritan egongo zen hau guztia, eta askoz ere gehiago. Errenterian, Hernanin [Gipuzkoa] eta beste herri batzuetan askoz ere biziagoa zen jarduera politikoa garai hartan. Pankarta eta pintada gehiago izango ziren, baina hau da Legazpiko errealitatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.