Aldarriz betetako ostadarra

Yogurinha Borovak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gizarte arloko balioak aldarrikatu dituzte bideoklipekin, '6 balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore' egitasmoan.

Hurrenez hurren, Marimotots, Yogurinha Borova eta Porrotx, atzo Bira kultur gunean egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bilbo askotarikoa, koloretsua eta desberdina sortu nahi dugu». Hala azaldu du helburua Yogurinha Borova artistak. 6 balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore izeneko egitasmoa aurkeztu zuten atzo Bilboko Bira kulturgunean. Yogurinha Borovak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek elkarlanean egindako proiektu bat da, eta horiez gainera, hiriko zortzi eragilek hartu dute parte: Aspanovas Bizkaiko minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkarteak, Naizen adingabe transexualen familien elkarteak, Uribarriko eskola publikoak, Ttanttaka euskara taldeak, Deustuko arraun taldeak, Kale Dor Kayiko ijitoen elkarteak, Urretxindorra ikastolak eta EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak.

Hiriko sei auzotan, sei abesti eta dantza interpretatu dituzte. Betiere, ostadarra osatzen duten sei koloreei aldarrikapena eginez: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. «Kolore guztiak erdigunera ekarri nahi izan ditugu», azaldu du Porrotxek. Horrez gainera, kolore horietako bakoitzarekin balio bat azaleratu dute. «Elkarrekin tarte atsegin bat igarotzeaz gainera, balio jakin batzuk zabaltzea da proiektuaren asmoa». Bideoklip guztien grabaketa eta edizioa Alex Argoitia Cinemafilmak-eko kideak egin ditu. Eta Panpox Kultur elkartea arduratu da segurtasunaz eta protokoloaz.

Kolorez kolore

Kolore gorriaren bitartez, elkartasuna adierazi dute Agur bat lagun maite abestiaren bideoklipean. Aspanovas Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkarteak hartu du parte horretan, eta Casilda Iturrizar parkean grabatu dute. Abestiaz gainera, zuhaitz bat landatu zuten parkean, hil diren haurren omenez. «Horrelako proiektuak beharrezkoak dira jendeak ikusteko Bilbon aniztasuna dagoela baina, aldi berean, denok aukera berak izatea beharrezkoa dela», azaldu du Aspanovas elkarteko ordezkariak.

Bigarren bideoklipa Artxandan grabatu dute, Naizen adingabe transexualen familien elkartearekin. Yogurinha Borovaren Ausarten kluba abestiaren bitartez, errespetua aldarrikatu dute, laranja kolorez. Elkarteko ordezkarien hitzetan, «oso pozik» jaso zuten proposamena: «Bizi dugun errealitatea ikusgai egiteko aukera paregabea izan da».

Euskara kolore horiarekin identifikatu dute, eta bideoklipa grabatzeko, Uribarriko eskola publikoaren eta Ttanttaka Euskara taldearen laguntza jaso dute. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ahoa bizi, belarriak prest kantua abestu eta dantzatu dute. «Uribarri oso auzo langilea eta askotarikoa da, baina denok batzen gaituena euskara da», nabarmendu dute auzoko ordezkariek.

Kolore berdearekin, berriz, ekologia ordezkatu dute. Eta mezua zabaltzeko, Alaia Martin bertsolariak idatzitako Egurrezko ametsa bideoklipa grabatu dute Bilboko Itsas museoaren aurrean, Deustuko Arraun Taldeko kideekin.

Hiriko kultur aniztasuna kolore urdinez aldarrikatu dute. Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearekin, Te camelo, Maite Zaitut abestu eta dantzatu dute Txurdinagako Europako parkean. «Aukeraz betetako gizartearen alde lanean ari gara, ijitoen gizarteratzea beharrezkoa delako», nabarmendu du elkarteko ordezkariak.

Ostadarrarekin amaitzeko, hezkidetza aldarrikatu dute more kolorez, Sentipenak askatu abestian. Urretxindorra ikastolaren eta EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren laguntzaz, Miribillan grabatu dute bideoklipa. «Gure helburua da norbera izaten ikastea, eta, era berean, elkarrekin bizitzen ikasten aurrera egitea eta Bilbo koloretsua eraikitzea», adierazi du ikastolako ordezkariak. Imanol Alvarez EHGAMeko kidearen hitzetan, «beharrezkoa» da era honetako proiektuak egitea: «Oso garrantzitsua da umeei gizartea askotarikoa dela eta elkarrekin eta errespetuan bizi behar dugula irakastea».

Zazpigarren eta azken bideoklipa izan da proiektua borobildu duena. Izan ere, Maitasunaren ostadarra izeneko abestian, proiektuan parte hartu duten eragile guztiak agertzen dira ordezkatuta, kolore eta balio guztiei erreferentzia eginez. Horrez gainera, Eneko Axpe Maisha musikariaren kolaborazioa izan dute, Ameriketako Estatu Batuetako San Frantzisko hiritik.

Aurrera jarraitzeko asmoz

Duela bi urte sortu zen Yogurinha Borovaren eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen arteko harremana. Borovak Sentipenak askatu abestia kaleratu berritan, Porrotxen dei bat jaso zuen, eta horrela, Bizi dantza ikuskizunean parte hartu zuen. Handik gutxira, osasun krisiak eztanda egin zuen, eta Bilboko Udalak Bilbao Aurrera plana garatu zuen, hiriko dinamizazioa sustatzeko proiektuen bila. «Kalean egiteko zerbait sortu nahi nuen, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsi proposamena egin ondoren, martxan jarri ginen», azaldu du Borovak.

Sortzaileen hitzetan, ez da erraza izan proiektua aurrera eramatea. «Zailtasun ugari izan ditugu», nabarmendu du Marimototsek. Bi eguneko epean grabatu behar izan dituzte zazpi ikus-entzunezkoak, eta horrek «nekea» eragin die. Hala ere, «oso pozik» daude lortutako emaitzarekin: «Esperientzia zoragarria izan da. Egia da beste egoera batean egongo bagina beste era batera grabatuko genukeela, baina oso gustura gaude azken emaitzarekin».

Proiektu honek gizartearentzat duen garrantzia nabarmendu du Borovak: «Mota honetako balioak musikaren bitartez zabaltzea oso aberasgarria da, umeentzat eta gizarte osoarentzat».

Egitasmoa atzo aurkeztu bazuten ere, «ateak zabalik» utzi dituztela azaldu du Marimototsek: «Guk sei balio baino ez ditugu aukeratu, baina hamaika balio daude; hortaz, proiektua ez da hemen amaituko: jarraipena izango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500