Aldarrikapen orgak

Lapurtarren Biltzarreko egitarautik kendu zuten iaz orgen desfilea; aurten, ordea, berriz egingo dute, bihar. Hainbat ekitaldi izango dira egun osoan

Karroen desfilea Latsatik abiatuko da, bihar goizean. BOB EDME.
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Lapurtar izaera eta nortasuna aldarrikatzeko, 39. aldiz, Lapurtarren Biltzarra egingo dute bihar Uztaritzen (Lapurdi). Joan den urteko biltzarrarekin alderatuta, bi berrikuntzen berri eman dute antolatzaileek: orgen desfilea berreskuratu dute —hainbat arrazoirengatik baztertu egin zuten iaz—, eta gazte talde bat sartu da antolakuntzan.

Gazteek garrantzitsutzat jo dute orgen desfilea berreskuratzea, eta antolakuntzan sartu bezain laster hartu duten erabakia izan da. Lapurtarrek beren aldarrikapenak plazaratzeko tresna da orgen desfilea, aldarrikapena edozein dela ere. Antolatzaileek adierazi dute aspaldiko usadioa dela desfile hori, eta beharrezkoa zela berreskuratzea. Beraz, ibilaldia izango da festari hasiera emango dion ekintza: 11:00etan abiatuko da, Latsatik. Ondoren, Uztaritzeko eliza atzetik pasatuko da, eta bertsolariek orgen inguruan kantatuko dute. Azkenik, desfilea Lota jauregian bukatuko da, eguneko beste ekitaldiei bidea eginez. Nahiz eta orga batzuk ziurtatuta dituzten, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. Ibilaldiak iraungo duen denboran bestelako animazioak egongo dira herrian zehar: Kanboko erraldoiak, Uztaritzeko txaranga, gaiteroak, txistulariak eta abar.

Desfilearen ostean, eguerdi aldera, eztarriak freskatzeko, aperitifa alaitua prestatu dute. Musika eta dantza ikusgarrien artean, garagardo freskoaz, alkoholik gabeko edariaz eta ardo goxoaz gozatzeko aukera izango du nahi duen orok. Txikienek ere ez dute aspertzeko paradarik izango, haientzat puzgarriak eta hainbat jolas prestatu baitituzte.

Bazkaltzeko, hainbat aukera egongo dira, norberaren planaren araberakoak. Plater bat baino gehiago dastatu nahi duenarentzat, pintxo goxoak egongo dira, Arno ostatuaren ondoan. Ziztu bizian bazkaldu, eta eguna aprobetxatu nahi duenak ostatu horrek berak prestatutako hanburger goxoak izango ditu; kalitatezko janari azkarra. Bazkalordua patxadaz hartu nahi dutenentzat, axoa kozinatuko dute, patatekin. Bazkarian ere giroa alaitzeko musikarik ez da faltako. Emanaldi hori Txakatuk txarangak emango du. Bazkalostean, herri jolasak egingo dituzte.

Eguneko azken ekitaldiak rock kontzertuak izango dira, 17:00etan hasita. Metallicaren bertsio akustikoak joko ditu The Very Small Orchestra Baionako hirukoteak. Harmonikarekin, gitarra akustikoarekin eta biolinarekin beste kutsu bat emango die heavy metal taldearen abestiei. Bestalde, Foisis Jauna taldeak 1980ko hamarkadako Itoiz taldearen abestiak joko ditu, talde horren zailtasun teknikoak gaindituz. Festari amaiera emateko, Zuraideko (Lapurdi) Xabaltx artistak kontzertua emango du, zenbait urte oholtzara igo gabe egon eta gero.

Lapurtarren Biltzarra

Bihar, egun osoan, Uztaritzen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.