Aldarrikapen koloretsuak Afrikaren Egunean

Afrikaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Bilboko Etxebarria parkean. «Aldarrikatzeko, hausnartzeko eta Afrika eta haren diaspora ikusarazteko», ekitaldi ugari egin dituzte.

Emakumeen eskubideak eta askatasuna bultzatzeaz hausnartzeko mahai ingurua antolatu dute Afrikaren Egunean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Emakumeen eskubideak eta askatasuna bultzatzeaz hausnartzeko mahai ingurua antolatu dute Afrikaren Egunean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko maiatzaren 25a
16:30
Entzun

Banan-banan, bata bestearen atzetik, eta bi eskuak aurrekoaren sorbaldetan jarrita. Kalejira bat sortu dute gaur goizean Bilboko Etxebarria parkean bildu diren dozenaka herritarrek. Hain zuzen, kalejira hori izan da Afrikaren Nazioarteko Egunaren leloaren isla: Ubuntu Umoja, elkarrekin indartsuagoak gara. El Orgullo Bilbao elkarteak ekitaldi ugari antolatu ditu Afrikaren Eguna ospatzeko, baina argi utzi dute: «Ez da soilik ospakizun bat; aldarrikatzeko, hausnartzeko eta Afrika eta haren diaspora ikusarazteko eguna ere bada».

Danbor hotsek eman diote hasiera egunari. Soinuaz gain, usainak ere erakarri ditu herritarrak parkera. Izan ere, janaria prestatzen ari dira zortzi emakume. «Hiru plater diferente egiten ari gara», azaldu du Christelle Winny Ekemek: Kamerungo emakumeek kauserak eta oilasko hegalak prestatzen dituzten bitartean, Senegalgoak arroza egiten ari dira, oilasko izterrekin. Nigeriakoek, berriz, enpanadillak egitea erabaki dute. «Parte hartzen dudan lehenengo aldia da, baina kide batzuk beste edizio batzuetan ere etorri dira». Hain justu, Afrikaren Egunaren zazpigarren aldia da aurtengoa.

Hausnartzeko eguna ere badela argi utzi du Baron Ya Buk-Luk. Afrikako kultura sustatzeko elkarteko lehendakaria da, eta liburuz eta diskoz beteta dagoen mahai baten atzean dago: «Elkartearen parte dira, besteak beste, musikariak, ipuin kontalariak, aktoreak eta dantzariak». Berak idatzitako liburuak ere saltzen ari da. Horietako bat da Ziliyang!; Fang herriaren ipuinak, kontakizunak eta kondairak jaso ditu bertan. «Ipuin guztiek dute irakaspen bat», nabarmendu du.

Azoka antolatu dute Afrika Egunean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Azoka antolatu dute Afrikaren Egunean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Parkera joan diren herritar gehienek bezala, alkandora koloretsua darama idazleak. Eta arropa koloretsua ahaztu duten horiek ez dute zertan larritu, aukera baitute bertan erosteko. Azoka antolatu dute, eta, besteak beste, oihal koloretsuz egindako lepokoak, buruko zintak eta belarritakoak saltzen ari dira.

Folkloreaz harago

Kontzientzia kritikoa sustatzea da egunaren helburuetako bat, antolatzaileek zehaztu dutenez. Afrika eta haren diaspora modu positiboan ikusarazi nahi dute. Are, goizean irakurritako adierazpenean, argi utzi dute Afrika «folklore bat baino gehiago» dela.

«[Mahai inguruek] Hausnartzeko aukera ematen dute. Adibidez, ohartzen gara beltzak izanda ere arrazakeria barneratua dugula, eta hori interesgarria da».

SOFIA CAMARAAfrikaren Eguneko boluntarioa

«Gaur egun, Afrikan hainbat gatazka armatu daude», gogoratu dute. Gatazka horien arrazoiak «apaintzen» dituzte, «Mendebaldeko herrialdeen inplikazioa» ezkutatzeko. Azaldu dutenez, herrialde kolonizatzaileek «mekanismo posible guztiak» erabiltzen dituzte orain ere herrialde horien kontrola izateko. «Gatazka armatuek galera konponezinak dakartzate, hala nola heriotzak, familien banaketa eta desplazamendu masiboak». Hori dela eta, gerrarik gabeko mundu bat aldarrikatu dute: «Bakea nahi dugu munduan eta Afrikan».

Herritarren mobilizazioa sustatzeko, bi mahai inguru antolatu dituzte: goizean bat, eta arratsaldean bestea. Horiek dira ekitaldirik garrantzitsuenak, Sofia Camara Afrikaren Eguneko boluntarioaren ustez: «Hausnartzeko aukera ematen dute. Adibidez, ohartzen gara beltzak izanda ere arrazakeria barneratua dugula, eta hori interesgarria da».

Goizeko txandan, Afrikako eta diasporako emakumeen eskubideak eta askatasuna bultzatzeaz aritu dira Maya Amrane, Filomena Maria Abrantes eta Luis Royero. Amrane, esaterako, Marokoko eta Aljeriako emakumeen mugimenduaren inguruan aritu da, eta gaur egun agendan dituzten gai batzuk aipatu ditu: «Familia kodearen erreforma dute erdigunean, baina emakumeen aurkako indarkeria eta haurdunaldiaren etetea ere lantzen ari dira».

Gauera arte ez dute gelditzeko asmorik. Besteak beste, ipuin kontalari bat, afrikar mahai jokoen txapelketa eta kontzertuak antolatu dituzte egun osoaz gozatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.