Aldarriak hortxe dirau

40 Minutu Rock jaialdia eginen dute etzi, Durangoko Landako gunean. Horrez gain, Fermin Muguruzak kontzertua emanen du gaur, Plateruenan.

Burutik taldea, iaz, 40 Minutu Rock jaialdian jotzen. 40 MINUTU ROCK
Burutik taldea, iaz, 40 Minutu Rock jaialdian jotzen. 40 MINUTU ROCK
Ane Etxandi.
2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Bi agertoki bata bestearen parean, eta musika une oro. Betiko legez eta betiko forman, bueltan da aurten ere 40 Minutu Rock jaialdia, Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean. 10:30ean irekiko ditu ateak etzi, larunbatean, eta 02:00ak arte izango dute aukera bisitariek musikaz gozatzeko. Hamahiru talde igoko dira oholtzara, karpa handian. Horrez gain, sei musika jartzaile eta DJ izanen dira karpa txikian.

Anes Baños jaialdiko antolakuntzako kideak gogoratu du 40 Minutu Rock ez dela soilik musika jaialdi bat. Euskal presoen aldeko elkartasun ekitaldi bat da, eta, horregatik, bertaratzeko garrantzia azpimarratu du: «Helburua ez da bakarrik kontzertuak ikustera etortzea; etortzen den orok aletxo bat jartzen du, eta oso garrantzitsua da hori». Sarrerak salgai daude oraindik ere, eta Bañosek jendea animatu du jaialdira joateko.

«Egia da aldaketa oso positiboak izan direla, baina oraindik badaude erronka asko», dio Bañosek. Iaz egin zuten azken aldiz Lasterbidean elkartasun lasterketa, eta aurten Zama Doinuz Arindu eta Hatortxu Rock jaialdien azkeneko aldiak egingo dituzte. Ekitaldi askok amaierara heltzea erabaki dute, baina 40 Minutu Rockek alderantziz planteatu du egoera. «Horregatik, hain justu, uste dugu inoiz baino beharrezkoagoak garela; indarrak batzeko momentua da orain». Hortik sortu dute aurtengo leloa: Indarrak batuz askatasunerantz. Antolatzaileak adierazi du presoen egoera aldatu den bezala borroka eta helburuak ere aldatu direla, baina ez direla desagertu.

Bañosen iritziz, etxeratzeetara bideratu behar da esfortzua orain, eta horiek ahalik eta duinenak izan daitezen lortu. «Preso asko kalera irteten ari dira, baina horrek beste behar batzuk dakartza. Kontuan hartu behar da etxeratzen ari diren horiek ez dutela kotizatu, ez dutela lanik, eta, agian, ez dutela etxebizitzarik ere. Harrera lan handia dago egiteko, eta etxeratze prozesu hori ahalik eta duinena izan dadin ahalegindu behar dugu».

Gaurko kontzertua, 20:00etan

Larunbateko kontzertuez gain, Fermin Muguruzak kontzertua emanen du gaur, 20:00etan, Plateruena Kultur Aterpean, Durangon bertan. Salgai jarri eta hogei minutura saldu ziren sarrerak. Muguruzak eta 40 Minutu Rockek antolatu dute, elkarlanean. Iaz, Palestinako Dam taldeak jo zuen jaialdian, eta Muguruzaren laguntzarekin jarri ziren harremanetan haiekin. «Geroztik, oso harreman ona dugu, eta hainbat elkarlan egin ditugu urte osoan», dio Bañosek. Aurten jaialdian jo nahi izan zuen Muguruzak, baina larunbatean Madrilen beste kontzertu bat hitzartua zuenez, ezinezkoa izan zen. «Gaurko kontzertua egitea proposatu zigun, eta gu oso eskertuta eta pozik gaude detaile horrekin».

Besteak beste, Nakar, Anestesia, Sune, TOC, Dupla eta Kaleko Urdangak igoko dira oholtzara larunbatean. Antolatzaileen erabakiz, La Inquisicion taldea ez da arituko azkenean, azken egunotan argitara atera baita taldeko zenbait musikarik harremanak dituztela talde naziekin. DJ eta musika jartzaileei erreparatuz, Maruxak, DJ Pezon eta Pelma & Luis izanen dira. Jaialdia amaitu eta hilabetera hasten dira hurrengo urteko kontzertuak lotzen, daten kontua konplikatua izaten baita zenbaitetan. Elementu asko kontuan hartzen saiatzen direla adierazi du antolakuntzako kideak. «Emakumeen presentzia bermatzea oso garrantzitsua da guretzat, eta ahalegin berezia egiten dugu alde horretatik». Durango aldeko taldeei bultzada ematen ere saiatzen dira, baita oihartzun handirik ez duten taldeei ere. Horrez gain, musika genero aldetik, musika estilo desberdinak taularatzen ahalegintzen dira. Lau elementu horiek dira garrantzitsuenak antolakuntzarentzat.

«Taldeak prestutasun osoz etortzen dira; eurek erabakitzen dute etortzea, esanez eurek ere konpromisoa dutela presoak etxeratzeko borrokan», esan du Bañosek. Txandak egiteko ere jende asko animatzen dela nabarmendu du. Gehitu du halako ekintzak egiten direnean herri oso bat antolatzen dela, eta batzuetan ezkutuan egiten diren eta ikusten ez diren lanak egiten dituztela askok. «Jende asko inplikatzen da, eta oso polita da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.