Asteburuko proposamenak

Aldarria eta ezagutza

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egingo dituzte Lurrama jaialdian, bihar. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko

EHLGren egoitza, Ainhize Monjolosen. PATXI BELTZAIZ
amaia igartua aristondo
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Laborantza lurrak defendatzeko, horiek okupatu egin zituzten Arbonan (Lapurdi). Hori dela eta, han egitea erabaki dute aurtengo Lurrama festa, Miarritzen beharrean (Lapurdi), eta, era berean, ohiko asteburua egun batera mugatuko dute aurten. Horrenbestez, bihar pilatuko dituzte ekitaldi guztiak, Gure lurra, gure jatekoa lelopean: besteak beste, hitzaldi bat eta kontzertuak egongo dira, eta landa eremuko hainbat jarduera ere erakutsiko dituzte.

10:00etan hasiko da egitaraua, eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek egingo dute ongietorria. Ondoren, 10:30ean, Zein lur eta elikadura politika Euskal Herriarentzat? hitzaldia emango dute. Elikadura sistemari buruz ariko dira, oro har, laborantza lurretatik hasi, eta kontsumitzaileenganaino. Alde horretatik, Ipar Euskal Herriko biztanleen elikadura beharretan oinarrituta, ekoizpena beste toki batzuetan kokatzeko aukerak eta mugak aztertuko dituzte, laborantzaren, elikaduraren eta lurren kudeaketaren arteko loturaren inguruko datuak erabiliz.

Landa eremuko giroan sakondu ahal izango da Lurraman, egun osoan. Barazki, hesi eta zuhaitzen landaketaren erakustaldi bat egingo dute: azalduko dute zein mota hautatu behar den sasoiaren, lurraren eta orientazioaren arabera, baita nola eta noiz landatu behar diren ere. Laborantza ganberako teknikariek eta laguntzaile profesionalek aholkuak emango dituzte.

Sagarrak tindatzen eta dastatzen irakatsiko dute, halaber, eta ibilaldi botanikoak antolatuko dituzte Berroeta inguruan, bertako landareak eta bioaniztasuna ezagutzeko helburuarekin. Animaliekin egoteko aukera ere izango da: ardiaren ilea eskuz mozten erakutsiko dute; etxalde txikian, haurrek animalia txikiak ukitu ahal izango dituzte; laborariek artaldea txakurrekin nola eramaten duten erakutsiko dute; eta pottoka eta asto ibilaldiak izango dira. Herri kiroletan parte hartzeko parada ere egongo da, era berean.

Harrerako bertsoez gain, doinu gehiagok ere girotuko dute Lurrama. Izan ere, 12:00etatik 20:00etara bitartean, kontzertuak emango dituzte bi agertokitan: Kiki Bordatxo, Diabolo Kiwi, Anje Duhalde, Anari, Frigo eta Xiberoots ariko dira, eta txarangak ere egongo dira.

Mugarria eta etena

Arbonako lursailen hamabost hektarea saltzeko asmoa zutela jakin eta gero, ELB eta Lurzaindiako laborariek okupazioa hasi zuten lur horietan, ekainaren 23an. Bihar, 120 egun beteko ditu okupazioak, baina ez ditu gehiago egingo, okupazioa bertan behera utziko baitute laborariek. Izan ere, jakinarazi dutenez, eroslea erretiratu egin da. Lurramak ekintzari sostengua eman nahi izan dio, festaren lekualdaketaren bitartez.

Lurrama



Bihar, 10:00etatik 20:00etara bitartean, Arbonan (Lapurdi).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.