Ez daukanak eskatzen du. Horixe baita aldarrikatzea: berez eta izatez eskubidea izan behar lukeen hori galdegitea. Izan euskara hizkuntzaren arloan, izan selekzioa kirolean, eta izan herria munduko plazan. Berbera baita aldarria: Herri libre bat. Eta aldarri hori bera jaiegun bihurtu zuten atzo Leitzan, Nafarroan.
Batera denak, ofizialtasunaren alde, eta bultzaka: Gu ere bai!, Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku eta Tximutxe Leitzako euskara taldea. Mahai ingurua eguna hasteko —Ibai Zabala (Gu ere bai!) eta Josu Etxaburu (Gure Esku)—, kirol erakustaldiak hurrena —Leitzako karate eta gimnastika artistikoko taldeak, aizkolariak eta harri jasotzaileak—, eta olgetarako jolas berezi bat gero —garai bateko txintxurrin joko harrigarria, lehen aldiz Leitzako plazan—. Herri euskalduna eta kirolari askoren herria delako aukeratu dute Leitza, eta nabaritu da badutela baterako eta besterako joera eta aldartea —Kristina Urrutia eta Gabriel Saralegi herritarrak aritu dira aurkezle eta animatzaile—.
Dena prest utzi dute omenaldirako. Aukeratutako ardatz horien bueltan aski meritu egindakoak denak: Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa, Xabier Amuriza idazle eta bertsolaria, eta Tuterako (Nafarroa) Union Tutera kirol taldea. Xabier Euzkitze kazetaria aritu da aurkezle. Harena da sarrerakoa: «Libre izateko garaia iritsiko da menturaz, bidean herri izateari uzten ez badiogu, eta borroka horretan dihardugu: lurraldetasuna, herria, hizkuntza, kirola. Bata bestearen osagarri, eta bata bestearen indargarri».
Eki Mateorena bertsolari gazteak agurtu ditu omenduak: «Eskerrik asko, amesteko lurralde bat eman diguzuelako». Junkal Otxotorenak jaso du saria —eguzki lore eder bat— Euskal Herria Mendi Erronka lasterketako antolatzaileen izenean. Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren aipu batekin eskertu du: «Sinistuta gaude, jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezaketela».
Xabier Amurizak ere jaso du bere eguzki lorea. Euskal Herrian euskaraz abestiaren hitzen sortzailea eta Hitzaren kirol nazionala kontzeptuaren asmatzailea. Euskal Herria Euskaraz-eko Intza Gurrutxagak eman dio saria, eta egoeraren diagnostiko bat egin ere bai: «Zapaltzen gaituen sistemak hor dirau. Formak aldatu badira ere, edukia bera da». Eta egin du errepasoa: Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman izana Oibarren D ereduko haur eskola bat eraikitzeari, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi izana Donostian udaltzain izateko B2 mailarik ez dela behar, eta Baionako Auzitegiak Gorka Torre EHEko kidea zigortu izana. «Arlo indibidualetik kolektibora egin behar dugu jauzi».
Erriberatik Leitzara
Union Tuterako kideak aurkeztu ditu Ibai Zabala pilotariak: «Mirestekoa da haien txikitik egiten dutena. Nola ehundu daitekeen komunitate bat kiroletik abiatuz, nola lotu daitezkeen eta nola bizi daitezkeen batera halako itogune batean, dena kontra duten toki batean». Eta hartu dute hitza Union Tuterakoek, eman dituzte eskerrak, eta esan dute merezi izan duela Erriberatik Leitzara hainbeste kilometro egitea, baina ezin dutela eguna bertan igaro: «Lau ordu barru partida daukagu, eta bueltatu behar dugu». Eta egin dute balantzea ere: «Duela lau urte erabaki genuen kirola probestea euskara sustatzeko, eta denborak arrazoia eman digu».
Trikipoteoa, pilota partidak... Jarraitu du festak Leitzan. Euzkitzerena da agurrekoa: «Libertatearen bidea luzea eta malkartsua da, baina maldaz malda eta putzuz putzu goazen bitartean, ez diezaiogun utzi herri izateari».