Alboka soinua Aramaion

Euskal Herriko alboka topaketaren 21. aldia izango da larunbatean, eta askotariko ekintzak antolatu dituzte.

Bi albokari, albokekin; larunbatean Euskal Herriko Alboka Eguna ospatuko dute Aramaion, Araban. JUANAN RUIZ / FOKU
Bi albokari, albokekin; larunbatean Euskal Herriko Alboka Eguna ospatuko dute Aramaion, Araban. JUANAN RUIZ / FOKU
unai etxenausia
2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Euskal Herriko tradizioarekin hertsiki loturik dagoen musika instrumentua da alboka. Urtean behin egun bat eskaintzen diote instrumentu hori maite dutenek, eta aurten ez da salbuespena izango: larunbatean Aramaion (Araba) ospatuko dute Euskal Herriko Alboka Eguna. Alboka protagonista duen egun osoko egitaraua antolatu du Haizeman albokari elkarteak 21. aldirako.

Egun garrantzitsua da Euskal Herriko albokari guztientzat, eta hala nabarmendu dute antolatzaileek ere: «Topaketa hau, bere txikitasunetik, euskal kulturaren osagai izatea nahi genuke. Euskara jaiaren atal garrantzitsua baita, euskarak eta albokak aspalditik egin dutelako bidea elkarrekin».

Eguna hasteko, Bixente Goikoetxea plazatik kalejira abiatuko da, 12:00etan. Bertaratutako musikari guztiek hartuko dute parte: albokariek, pandero joleek, txistulariek, trikitilariek... Ondoren, Iturrieta sagardotegiko sagardoa eta sagar zukua, eta Kerixarako gazta dastatzeko aukera izango dute, bertako ekoizleak eta elikagaiak ezagutarazteko.

Bazkaltzeko tartea ere egongo da. Kanpoko frontoi estalian bazkalduko dute, 14:30ean. Bazkalostean, bildutako musikarien bat-bateko alboka joaldiez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta Haizeman elkarteak alboka bat zozkatuko du. 18:00etan, berriz, Tik-tak Imaginaciones Nai konpainiaren ikuskizuna hasiko da.

Azkenik, eguna borobiltzeko, kontzertuak hasiko dira, 19:00etan: Besaide, Ursaria eta Intxixu taldeak igoko dira oholtzara. Aldi berean, txosna bat egongo da kanpoko frontoian, eta, edariez gain, ogitartekoak ere izango dituzte salgai.

Alboka zabaltzea

Albokarien herri topaketaren helburu nagusia da albokaren musika nahiz ondarea zabaltzea eta indartzea. Antolatzaileek azaldu dute jaialdia «erakusleiho aparta» dela emanaldi tradizionalak zein egungo uztartzeak ikusgai jartzeko: «Musika tresna honen musika eta ondarea zabaltzea eta indartzea da topaketa honen helburu nagusia. Izan ere, jaialdi hau erakusleiho aparta da, emanaldi tradizionalak zein gaur egungo musikaren uztartzeak ikusgai izaten baitira». 

Araban egun hori ospatzeko, maiz aukeratu izan dute landa eremua, txikitasunari garrantzia emateko asmoz. Bertaratzen den jendeak kontuan hartu dezan hirian baino zerbitzu urriagoak izan arren jaialdi polita egin daitekeela, eta azaltzeko hiri eremutik kanpo merezi duten kultura, paisaia, jendea eta bizimoduak ere badaudela.

«Guztiz parekidea ez dela izango jakin arren», antolatzaileek emakumeen presentzia bermatu nahi izan dute musika emanaldi eta ekitaldi guztietan: «Aniztasunaren alde joz, musikan zein egunerokoan, ez dugu onartuko jarrera baztertzailerik; kultur jaialdi aske eta segurua izatea nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.