Albisteak soinean

Trixertak egitasmoan, BERRIAk, Oninart-ek eta hiru sortzailek astero notizia bat ilustratuko dute apirilaren 28tik ekainaren 23ra. Azken albistea BERRIAren irakurleek aukeratuko dute.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Lesaka
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

Eman diozu? A, bai, garbitzen ari da», esan du Imanol L. Perotxena Oninart enpresako arduradunak. Trixertak itzuli dira, eta albisteak kamisetetan estanpatzeko makina probatzen ari da aurtengo sortzaileekin. 2015ean abiatu zen egitasmoa, eta zortzigarrenez sortuko dituzte aurten BERRIAk, Oninart enpresak eta hiru sortzailek: Oier Zuñigak, Ane Arzelusek eta Ingeborgek.

Astero hiru artistetako batek izanen du BERRIAko editore taldeak aukeratutako albiste bat ilustratzeko ardura. Zuñiga izanen da lehena, eta, haren ostean, Arzelus eta Ingeborg, hurrenez hurren. Aurten, lehenengo aldiz, BERRIAko irakurleek aukeratuko dute azkeneko elastikorako albistea. «Interesgarria iruditu zaigu hain harrera ona duen egitasmo batean ahotsa ematea gure komunitateari», azaldu du Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak. Astelehenetan aukeratuko dute gaia, eta 48 orduko epean egin beharko dute diseinua. Ostegunean, Oninart enpresak Lesakan (Nafarroan) duen estudioan inprimatuko dira, eta BERRIA banaketaz arduratuko da .

Trixertak erosi nahi dituztenek Internet bidez egin beharko dute eskaria, berria.eus/berrialaguna/denda webgunean. Horrez gain, BERRIAlagunek (0034) 943-30 43 45 zenbakira deitu dezakete. Haiek 20,95 euroan eskuratu ditzakete, eta gainerakoek, 22,95 euroan. Gaur zortzi eskuragai egonen da lehenengoa, eta uztailaren 3ra arte erosi ahal izango dira.

Estudioa ezagutzen

Aurten, bi urteren ostean, aurrez aurre elkartzeko aukera berreskuratu dute Oninartek, BERRIAk eta sortzaileek. Lesakara egin dute txangoa artistek, eta nola lan eginen duten ikusteko aukera izan dute. Oihala ukitzen eta testurak sentitzen ibili dira. Haiek egindako diseinuak eraman eta kamisetetan nola inprimatzen diren ikusten aritu dira; kamisetaren kolorearen arabera, diseinu barruko koloreak ere aldatzen dira. Inpresio zuzeneko makina baten bidez ekoizten dituzte kamisetak, banaka-banaka, pertsonalizatzeko aukera eskainiz.

Egitasmoak zubiak eraikitzea helburu duela azaldu du Lasak: «BERRIAren eginkizuna, euskaraz informatzeaz gain, euskal kulturgintzan aritzen direnen erakusleiho bat izatea da». Dagoeneko 25 ilustratzailerekin lan egin dute, eta azken urteotan BERRIAk ilustrazioak egunkarian sartzeko «eboluzioa» egin duela adierazi du Lasak: «Ez da soilik Trixertengatik izan, baina harremanak sortzen lagundu digu».

L. Perotxenak azaldu duenez, Trixerten ibilbideak ilustratzaileekin bestelako harremanak sortzen lagundu die; horrez gain, bezeroek Trixertak erosteko irizpideak dituztela azaldu du: «Batez ere ez frustratzeko diot; lehenengo ilustrazioa ez da hainbeste saltzen, hiru ilustrazioak egon arte itxoiten duelako jendeak, eta gero erosketa bat egiten du. Askotan hirurak erosten dituzte».

Oier Zuñiga.

«Banekien nola lan egiten zuten, baina ikusi arte ez nuen sinesten»

Aspalditik jarraitzen zuen Trixerten egitasmoa Oier Zuñiga sortzaileak (Iruñea, 1986), eta gogoz hartu du lana: «Erronka polita iruditzen zait, ez bakarrik denboragatik edo notizia bat ilustratzeagatik; batez ere, pentsatzeagatik zer eramango nukeen kamiseta batean jantzita».

Egitasmoen edo proiektuaren arabera lan egiteko modua eta epeak aldatu egiten direla azaldu du Zuñigak: «Batzuetan hiru hilabeteko epea dugu, beste batzuetan astebetekoa, eta kasu honetan bi egunekoa». Aitortu du bizitzan oro har «nahiko motela» izaten dela, baina denborak ez duela askorik kezkatzen: «Presio pixka bat izateak laguntzen dit, sormentsuagoa naizelako eta azkarrago hasten naizelako lanean».

Inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina bat dauka Oninart enpresak, eta makinaren berri izan arren, Zuñigak ez zuen guztiz sinesten: «Banekien nola lan egiten zuten, baina ikusi eta ukitu arte zalantzan jartzen nuen». Arte ederrak ikasi zituen, eta, haren arabera, unibertsitate garaitik orain arte «asko» eta «azkar» aldatu dira gauzak: «Lehen offset-ean inprimatzen genuen; tinta bakarrarekin, edo birekin merkeago ateratzeko». Gaur egun geroz eta aukera gehiago daudela esan du, eta horrek «asko errazten» duela lan egiteko modua.

Sormenaz-eta mintzo da Zuñiga; sortzailearen arabera beti «bertigo puntu bat» egon behar da: «Oso ziur izango bagina gure lanaz, seguruenik ez genuke jarraituko gure lana egiten». Hala ere, norbere buruan sinestearen garrantzia azpimarratu du: «Sortzaileok ez dugu besterik; geure buruaz fidatu behar dugu». Lana bilaketan eta erronkan oinarritzen dela adierazi du: «Geure buruari galdetu behar diogu: 'Gai bat hartu edo albiste hori hartu, eta zerbait bilakatzeko gai izanen naiz?'».

Ane Arzelus.

«Uste nuen soilik tinta planoen kontua zela serigrafia»

Ilusio handiz hartu dut lana; gehien gustatzen zaidana ilustrazioa komunikazio tresna gisa erabiltzea baita». Horiek izan dira Ane Arzelus ilustratzailearen hitzak (Donostia, 1993); hari dagokio bigarren elastikoa egitea, eta egitasmoan parte hartzea «ideala» dela esan du.

Batez ere ilustrazio kontzeptuala lantzen du, eta haurren ilustrazio munduan ere aritzen da. Erronkarik handiena Trixertak «merchandising gisa» ez ikustea dela adierazi du: «Uste dut denok egin dugula merchandising-a, eta kasu honetan ilustrazioak kontzeptuala izan behar du, ideia bat dauka, notizia batetik abiatzen da, eta gainera eramangarria izan behar du». Albistea jasotzeko begiradan ere jarri du arreta: «Nahiz eta gai latza jaso, beti dago buelta emateko edo puntu positibo batetik begiratzeko aukera».

Publizitate agentzia batean lan egin zuen Arzelusek, eta bertan lan erritmoak «oso» azkarrak direla esan du; hortaz, denborak ez du kezkatzen. Diseinua egiteko bi eguneko epea izatea denbora «asko» dela adierazi du: «Publizitate agentzian oso azkar lan egiten genuen, eta lan epemugak oso motzak ziren».

Oninart enpresara joan baino lehen, Arzelusen zalantzetako bat lan egiteko mugak ziren; hau da, zenbat kolore erabili ahalko zituzten, diseinuen xehetasun maila eta horrelako kontuak: «Mugengatik kezkatuta nengoen, tinta planoekin lan egingo genuela uste nuelako».

Trixertak egiteko makina ikustean, harrituta geratu da: «Nire ustez, nahi dituzun xehetasun guztiak lantzeko aukera ematen du». Serigrafia teknika ezagutzen du Arzelusek; hala ere, teknika berriak ikasteko aukera eman diola kontatu du: «Uste nuen soilik tinta planoen kontua zela serigrafia».

Ingeborg.

«Amets bat da nire diseinua estanpatzea eta janztea»

BERRIAren irakurleek aukeratuko dute azken albistea, eta Ingeborg diseinatzaile grafikoari (Barakaldo, Bizkaia, 1988) egokitu zaio albiste hori diseinatzea: «Ilusio handiz hartu dut, ilustrazio arloko edozein proiektu interesgarria delako».

Estanpatzen eta eskuz serigrafia egiten probak egin ditu, baina teknika berria da sortzailearentzat: «Izugarria da ia bi egunean diseinu bat egitea; amets bat da nire diseinua elastikoan estanpatzea eta janztea». Horrez gain, lan egiteko duten askatasunari garrantzia eman dio: «Guk proposatzen duguna egiten dute; betiere parametro batzuen barruan; hau da, iraingarria ez dena. Askatasun hori eskertzekoa da».

Bi egunean albistea ilustratu behar izateak ez du kezkatzen, bere buruaz fidatzen delako: «Askatasunez lan egin dezakegu; oso lasai nago». Horrez gain, beste urteetan egindako diseinuen adibideak ikusteak ere lagundu dio: «Interpretazio asko egon daitezke».

Teknika berria da harentzat, eta interesa piztu dio. Dagoeneko eskatzen hasia da bere diseinuak estanpatzeko aurrekontua; beraz, aurrerago Oinartekin lan egitea ere ez du albo batera uzten: «Etorkizunean beste proiektu bat sortzen bada, bide hau hartuko dut diseinua estanpatzeko edo beste edozer egiteko».

Interneten kamisetak estanpatzeko aukera «gutxi» daudela kontatu du: «Interneten bidez ez dago aukerarik; igual 35 kamiseta iristen dira, baina beharbada ez zaizu gustatzen».

Teknika honek «mundua zabaldu» diola esan du. Oninart enpresan probak egiteko eraman dituen diseinuek karratu edo laukizuzen forma daukate, ilustrazioak egiten dituelako. Kamisetetan estanpatzeko «zailak» badira ere, gustuko du nola geratzen den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.