Imanol Haro (Donostia, 1972) Martin Kitto da uhinetan, eta @martin_kitto Twitterren. Katxonderstan saioa egin du azken urteotan, Mirari Martiarenarekin batera. Orain, Arma, txio, pun tartea sortu du. Ostiralero ematen dute Oiartzun Irratian, eguerdian, eta berehala jartzen dute webgunean.
Umorea izan duzu ardatz beti irratigintzan. Zergatik?
Askotan pentsatu izan dut euskaldunok euskarazko hedabideetan eginiko elkarrizketetan oso irudi serioa ematen genuela, eta bagenuela bestelako alde umoretsu eta irreberente bat ematerik. Ikusi genuen hori ez zela lantzen, eta horrekin hasi ginen Kantxonderstan-en. Mirari eta biok ikusten genuen elkarrizketa asko futbol jokalariei eginikoen modukoak direla: jokalariak badaki kazetariak zer galdetuko dion, etakazetariak badaki besteak zer erantzungo dion. Testu serio, mugatu eta kontrolatuak ematen ditu horrek, eta guk kontrakoa nahi genuen lortu: elkarrizketatuaren urduritasun unea. Uste dut lortu genuela.
Twitterren euskaldunek esaten dituztenak irratsaio bat egiteko modukoak iruditzen zaizkizu?
Twitterren gabiltzan euskaldunok uste dugu jende askorengana iristen garela, eta ez dakit konturatzen garen kuadrilla bat besterik ez garela. Erronka zen nola eraman Twitterren esaten diren gauza deigarri eta interesgarriak hortik kanpo dauden pertsonei; esaterako, bazkaria prestatzen duten bitartean irratia entzuten duten 60tik gorako emakumeei. Horiek ez dira Twitterren sartuko, baina eskubidea dute jakiteko hor zer mugitzen den eta zeintzuk diren txisteak.
Txisteak bai, baina aurrekoan Hondarribiko Alardean (Gipuzkoa) gertaturikoez aritu zineten. Umorez har liteke halako gauza bat?
Erronka hori daukagu: tentsioa, agresibitatea eta ezinegon handia sortzen dituzten gaiak lantzea. Alardea landu liteke umorez, baina ez edonola. Ezin dugu edozein gauza esan. Umorea tontakeria hutsalaz harago doan zerbait da. Gero, bi muga ditugu: Barne Ministerioa eta Espainiako Auzitegia. Gainera, ez diogu goitik barre egin nahi behean dagoenari, bai, ordea, behetik goikoari.
Arkaitz Zarragari eginiko elkarrizketa emango duzue hurrengo saioan. Euskal Herrian euskaldunei sortzen zaizkien egoera kafkiarrak dibertigarriak iruditzen zaizkizue?
Zarragak Twitterren kontatu zuen Bilboko udaltzain bati euskaraz egin ziola, eta udaltzainak errefortzuak eskatu zituela. Sekulako zabalkundea izan zuen istorioak: 50.000 pertsonek irakurri ahal izan dute; hau da, manifestazio nazional handi batek. Errefortzu gisa heldu zen udaltzainetako bat Zarragaren ezaguna zen: Zarragak soziolinguistika ikastaro bat eman zion, eta horretan hizkuntza eskubideez hitz egin zuten! Horrek badu surrealismo eta umore puntua, guk sakatu gabe.
Morauren Arma, txio, pun kanta hartu duzue sintonia gisa. Txioa arma bat da?
Hitz egitea arma bat da; ez da hilgarria, baina badirudi batzuei min handia ematen diela.
Imanol Haro. Irrati esataria
«Alardea umorez lan liteke, baina ez edonola»
'Katxonderstan' tartean aritu zen Haro Oiartzun Irratian. Orain, Twitterren esaten direnak sare sozial hori erabiltzen ez dutenei eramatea du asmo, 'Arma, txio, pun' saioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu